Gizartea

Jolastoki parekidea eraiki dute Durangoko Kurutziaga ikastolan

Jolastoki parekidea eraiki dute Durangoko Kurutziaga ikastolan

Peru Azpillaga

Txirrinak jo, eta ume guztiak arrapaladan irten dira patiora. Gazteak diren arren, bakoitzak, birritan pentsatu gabe, erraz topatzen du tokia jolastokian; istant batean, mutiko nagusiak erdigunearen jaun eta jabe egin dira, eta, zirt edo zart, baloiaren atzetik ostikoka dabiltza. Besteren batzuk, tokian toki, saskibaloiko kantxetan edota frontoian ere ibiliko dira —betiere pilota baten inguruan—, eta hor, agian, neskatoren batek parte hartuko du. Gainontzekoak, ordea, jolastokiaren periferiara kondenatuta geratuko dira, txokoren batean hizketan aritu, mutikoen partidak ikusi, edota, besterik gabe, jolastokiari bueltak ematen.

Kanpomartxo, 25 urte Erandio euskalduntzen

Kanpomartxo, 25 urte Erandio euskalduntzen

Peru Azpillaga

Orain dela 25 urte sortu zen Berbots Erandion Euskaraz elkartea, euskara eta euskal kultura sustatzeko. Sortu eta berehala, haien jardunaren berri emateko, ekitaldiren bat antolatzea pentsatu zuten. Horretarako, galduta zegoen ohitura bat berreskuratu, eta festa egun bat antolatu zuten; halaxe jaio zen Kanpomartxo. Aurten, urteurrena ospatzeko, jaia asteburu osora zabaldu dute lehendabiziko aldiz.

Aztergaia irakasbide bihurtuta

Aztergaia irakasbide bihurtuta

Natalia Salazar Orbe

Itsasoari begira eta handitasun urdin horretatik datozenei harrera eginez. Hala ageri dira Getxon Punta Begoñako galeriak. Garai eta kementsu. Sortu zituzteneko handitasunari eutsi guran. Horacio Etxebarrieta Maruri getxoztarraren aginduz eraiki zituzten, Ricardo Bastida arkitektoaren gidaritzapean. 1910ean etxe erraldoia eraiki zuen Arriluzeko hegalean. Etxalde horri eusteko sortu zituen galeriak, Atxekolandeta eta Arriluzea kaleen artean. Harri jauzi baten ondorioz sortu zen euste horma bat eraikitzeko beharra. Hiruzpalau metroko hesia izan zitekeena bestelako proiektu erraldoi bilakatu zen. Urteen joan- etorriaren eta mantentze lanik ezaren ondorioz, kalte handiak izan dituzte galeriok. Azken urteetan eremua zaharberritzen ari dira. Eta herritarrei zabaltzen.

Ehun urte bete ditu kanpoko begirada huts batekin bisitaria harrituta uzten duen eraikinaren proiektuak. Data berezi hori baliatuta, hainbat jarduera egiteko asmoa iragarri dute udalak eta EHUk: 100 urte, 100 ekintza izenburupean, besteak beste, herritarrek eraikinaren barruak ezagutu ahalko dituzte, eta azken urteetako zaharberritze lanek agerian utzitako elementuen eta ikerketa lanen emaitzen lekuko izan ahalko dute.

Aurretik hitzordurik eskatu gabe gertura daiteke galerietara, gainera. Oraindik bada bisita gidatuak eskatu eta aditu baten eskutik eremu bitxi hartako sekretuak ezagutzeko modurik. Baina bestelako aukerarik ere zabaldu dute. Zehaztasunik galdu gabe galeriek eskaintzen duten historiaren pasarte bitxiaren berri izateko aukera eskaini dute oraintsu. Eremua gizarteratzeko asmo eta helburuari erantzuten diote bisita horiek.

Sakelako telefonoa lagun, antolatzaileek prestatutako bost ibilbideetako bat aukera dezakete bisitariek: proiektua, galeriak, paisaia, ikerketa edo galerietan egindako esku hartzeak aukeran. Teknologia berriek euren esku jarriko dute inguruari buruzko informazioa. Galerien horma barruetatik harago ere hedatu dute sistema hori, gainera. Hain zuzen, Arriluze ibilbidean dabiltzanek ere kontsultatu ahalko dute eraikinari buruzko informazioa.

Galeriak eurak eta horietan egindako lana gizarteratzea. Horixe dute helburuetako bat eraikineko txokoak zaharberritzen ari diren EHUko arduradunek eta Getxoko Udalak. Ia bukatu dituzte ondare elementu hori berritzeko Unescoren planaren barruan aurreikusitako ikerketa lanak. Egiturak kaltetuen zituen atalak zaharberritu dituzte jada. Oraindik, ordea, lan handia egin behar dute enklabe ikusgarrian. Hala ere, galerietatik harago ere oso baliagarria den informazioa ahalbidetu diete ikerketek.

Agustin Azkarate EHUko Kultur Paisaiak eta Ondarea Unesco Katedrako zuzendariak eman ditu gako batzuk. Punta Begoñako galerietan aurkitu dituzten kalteak baliagarriak izango dira beste eraikin batzuk berreskuratzeko lanetarako, argitu baitute zerk egin dien kalte eta nola.

Akatsetatik ikasteko aukera emango diete lanek. Besteak beste, galerietako sabai faltsuak egiteko erabili zuten teknika ez da gaur egun erabiltzen den bezalakoa. Urko Balziskueta udal arkitektoaren arabera, betoi oso likidoa erabili zuten berau egiteko, igeltsu kopuru handia zuen betoia. Materialen nahasketaren eta inguruko hezetasunaren eta ur filtrazioen ondorioz, betoizko estalaktitak sortu dira. "Kobazuloetan 100 urte behar dituzte hazteko; Punta Begoñako galerietan hamar urtean hazi dira".

Apurka, ikusgarriagoak izango dira galerietako lanak. Hala azaldu du Azkaratek: "Gero eta diru gutxiago inbertitu beharko dugu ikerketa lanetan, eta gehiago esku hartze prozesuetan". Orain arteko lanetan eraikina bera eta berau kokatzen den eremua aztertu dituzte. Ikerketa horiei esker, eremuaren kontserbazio egoera ezagutu dute. Hala, diagnosi zehatza gauzatu dute aurrerago martxan jarri behar dituzten protokolo eta jardunbideak ebazteko. Horrez gain, sendotze prozesu sakonagoa bermatuko duten premiazko esku hartzeak gauzatu dituzte. Besteak beste, areto nagusiaren azpiko gunerako sarbidea egokitzeko lanak egin dituzte.

Irudi bitxiak aurkitu dituzte ezkutuan zegoen gune horretan ere. Garai hartako eraikuntza lanak zer nola egiten zituzten jakitea ahalbidetu duen detaile txiki bat aurkitu dute bertan. Eraikuntzak zutoinez zelan eusten zituzten ikusi dute, egur zati batek han jarraitzen baitu, eraikinaren zimenduei eusten.

Galeriei, Getxori zein Bizkaiari buruzko informazioaz gain, munduaren historiari lotutakoa ere atera dute haitz eta lur geruzetatik. Flysch-a edo labarreko haitzak osatzen dituzten materialak ikertu dituzte lanon barruan. Materialon datazioari esker Kretazeoaren eta Paleogenoaren arteko mugan dagoen sektorea aurkitu dute. Garai hartan desagertu ziren dinosauroak.

Bisitarientzako erakargarri

Eraikuntzak eta bertako sekretuek erakarrita 5.000 bisitari gerturatu ziren iaz Punta Begoñara. Aurten marka hori gaindituko dutela aurreikusi dute.

Horacio Etxebarrietaren ametsa izan zena itsasotik datozenentzako harrera bilakatzea nahi dute zaharberritze lanetan ari diren erakundeek. Paisaiaz gozatzeko gune bat baino zerbait gehiago eraiki nahi izan zuen enpresaburuak. Itsasadarraren ezkerraldean zituen bere lurretan gauzatzen zuten meatzaritza jarduera kontrolpean izateko modua eskaintzen zion, batetik. Bestetik, nazioarteko merkatuetara abiatzen ziren bere itsasontzien joan-etorria kontrolpean izateko aukera ematen zion ikusmira zuen labar gain hartatik. Apurka itsasoari lotutako aisiaren erreferente izateari ekin zion Getxok. Turista burges haiei erreparatzeko aukera ere eskaintzen zion eraikinak Etxebarrietari.

Urteen joan-etorrian hainbat agertoki hartu ditu Punta Begoñak. 1936ko gerran italiar agintariek kuartel nagusi gisa erabili zuten. 1940ko hamarkadan, aldiz, gizarte laguntzarako erabili zituzten galeriak. 1973an etxegintza enpresa sustatzaile bati saldu zizkioten Getxoko etxea eta inguruko 12.000 metro koadroko eremua. 1988an etxebizitzak eraikitzeko baimena eman zion udalak orubearen jabe berriari.Galeriak udalaren esku geratu ziren. Trukean, etxebizitzak eta aparkalekuak egiteko baimena jaso zuen. Lanotarako Etxebarrietaren etxea eraitsi egin zuten, eta, orduz geroztik, galeriak besterik ez da geratzen. 1991n hotela egiteko saiakera egin zuten arren, herritarrek geldiarazi egin zituzten lanak. Bitartean, etxebizitza blokeak eraiki zituzten Etxebarrietaren etxola izan zen toki berean.

Tunelak zabaltzeko prest daude

Tunelak zabaltzeko prest daude

Natalia Salazar Orbe
Kostatu da, baina bukatu dituzte lanak: Autzaganeko tunelak zabaltzeko prest daude. Aurreikusi baino beranduago zabalduko dituzte; hasieran aurreikusi baino hiru urte geroago, hain zuzen. Lanak abiatuta aurkitutako zailtasunei aurr...

Plaza Eliptikoa oinezkoentzat ipini nahi du Bilboko Udalak

Plaza Eliptikoa oinezkoentzat ipini nahi du Bilboko Udalak

Aitziber Laskibar Lizarribar

Bilbo hiri lasaiagoa bihurtzeko helburuz hiriburuko kale gehienetan ibilgailuentzako abiadura muga orduko 30 kilometrora murriztuko duela iragarri eta gutxira, udalak bide berean beste urrats bat egiteko proposamena mahai gaineratu du. Erdiguneko inguru bat oinezkoentzat bihurtzeko aukera aztertzen ari da: auto pilaketa handia izaten duen Plaza Eliptikoa oinezkoentzat, bizikletentzat eta garraio publikoarentzat soilik izateko aukera. Datorren urtean egin nahi du aldaketa.

Sei urte justizia eske

Sei urte justizia eske

Aitziber Laskibar Lizarribar

Iritsi da eguna berriro ere. Beste urte bat igaro da. Sei urte jada. Baina gauzak ez dira asko aldatu. "Nork esango zigun sei urte geroago oraindik hemen egongo ginela justizia eske!", esan zuten urteurreneko ekitaldiak aurkezteko agerraldian Iñigo Gogoan plataformako kideek. 2012ko apirilaren 5ean San Mamesen Athleticen partida ikusi ondoren, Indautxun, Maria Diaz de Haro kalexkan, bere taldearen garaipena ospatzen ari zela, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek buruan jo, eta zerraldo erori zen Iñigo Cabacas. Bost egun geroago hil zen, 2012ko apirilaren 9an.

Mantsotzen ari den hiriburua

Mantsotzen ari den hiriburua

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Moteldu egingo da Bilbo maiatzaren 30etik aurrera. Bilboko Udalak iragarri berri du orduko 30 kilometroko muga ezarriko dutela hiriburuko kale gehienetan, Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planean adostutako neurriei jarraikiz. Bizkaiko hiriburuko "mugikortasunaren paradigma" aldatzera dator aipatutako neurria, Alfonso Gil Bilboko alkateorde eta zinegotzi sozialistak Radio Euskadin egindako elkarrizketan esandakoaren arabera. Orotara, 377 kilometro bide daude hiriburuan; horietatik 48tan besterik ez dute mantenduko orduko 50 kilometroko abiadura. Gainontzeko 329 kilometroetan orduko 30 kilometrora murriztuko dute bi hilabete barru.

Abiadura muga bere horretan utziko dute hiriburuko 75 kale eta biribilgunetan. Joan-etorri gehien izaten diren bide nagusietan, izan ere, orduko 50 kilometroko abiadura mugari eustea erabaki du udalak; tartean, Agirre Lehendakariaren etorbidean, Campo Volantin pasealekuan, Autonomia kalean, Hurtado Ametzaga kalean, Diego Lopez de Haro kale nagusian, Mazarredo zumarkalean eta Urkixo kalean. Hiriburuko sarbideetan ere mantendu egingo da abiadura muga: Miraflores eta Miribillako sarreretan, Salbeko zubian, Begoñako Andra Mari kalean, Bilbo eta Galdakao lotzen dituen errepidean, Enekuri etorbidean, eta San Adrian eta Juan Garai etorbideetan. Horrenbestez, hiri barneko kaleetan nabarituko dute neurria gehien.

Aspaldikoa da hiriburuko kaleetan abiadura muga jaistearen aldeko eskaera. Joan den astean bertan, gutun ireki bat idatzi diote Biziz Bizi Bilboko Hiri Txirrindularien Elkarteko kideek Gil zinegotziari. "Hitza eman zenigun urte hauetan, bizikletaren erabilerari dagokionez, Bilbok erabateko aldaketa izango zuela, Kopenhage eta halako europar hirien mailara iritsiko zela".

Hainbat azterketak baieztatu dute hirietako garraioa kutsadura sortzaile nagusietakoa dela. Adibidez, Greenpeace talde ekologistak Klima aldaketaren balaztarik gabeko motorra ikerketan ohartarazi zuen gaur egun berotegi efektuko gasen %10 hirietako ibilgailuei dagokiela. Bilboren kasua azpimarratu zuten egindako txostenean, Euskal Herriko hiririk handiena izanagatik ere ez baitzuen inolako planik egoerari aurre hartzeko.

Ekologistak Martxan elkarteak airearen kalitateari buruz urtero argitaratzen duen txostenaren arabera, Bilbo Handiko hainbat lekutan OME Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatutako neurrien langa gainditzen zen 2017an. Eta ideia horretan ere egin dute indar Biziz Bizi elkarteko kideek udal ordezkariari idatzitako gutunean. "Ez gara hiri mugikortasun jasangarriaz bakarrik ari, hiritarren osasunaz ere ari gara. Giza osasunari eragiten dioten lege mugak gainditzen dituzten estatuko 14 hirien artean dago Bilbo". Bada, hiri garatuen pareko jarri nahi dute Bizkaiko hiriburua, eta 2030erako airearen kalitatea %50 hobetzeko erronka ere hartu dute udal ordezkariek. Hiri eredu "osasuntsuagoa, eraginkorragoa eta iraunkorragoa" lortu nahi da Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Planarekin.

Hiri "jasangarriagoa"

Hiriburuan dabiltzan ibilgailuei abiadura muga jartzea ez da erronka makala. Izan ere, ohiko lanegun batean 1.400.000 lekualdaketa egiten dira orotara, sartu eta irteteko zein hiri barruan. Kopuru horretan %31 dira autoak; hau da 435.000. Baina joan-etorri guztietatik 850.000 dira hiriburu barneko bidaiak, eta horien artetik %12 bakarrik egiten dira autoz. Gehienak, %65, oinez egiten dira, eta gainerako %23, berriz, garraio publikoan. Hobetu beharreko alderdien artean, bizikletaz ibiltzeko aukerak eta baliabideak hobetzea aipatu dituzte behin eta berriz udal ordezkariek; askoren artean, Biziz Bizi elkarteko kideek urte luzez egindako eskaera eta aldarrikapenek bultzatuta.

Hain zuzen, Bizkaiko hiriburuko abiadura orduko 30 kilometrora mugatzeko sinadura kanpaina abiatu zuen elkarteak 2013an, Ekologistak Martxan elkartearekin batera. Hiriburuko abiadura murrizteko lau argudio aurkeztu zituzten. Bat: abiadura mugak istripuak murriztuko lituzke eta baita horien larritasuna ere. Bi: kutsadura gutxiago eta, ondorioz, airearen kalitate hobea lortuko litzateke. Hiru: hiriburuko zarataren maila jaitsiko litzateke. —OME Munduko Osasun Elkartearen arabera, hiriburuetako zaratak eragin zuzena du herritarren osasunaren egoeran, eta frogatu ere egin da gero eta abiadura eta zarata gutxiago izan, orduan eta osasun gastu gutxiago dagoela—. Eta lau: energiaren menpekotasuna eta kontsumoa gutxitu eta auto pilaketak saihestuko lirateke. Antzeko argudioekin aurkeztu du Bilboko mugikortasun zinegotziak maiatzetik aurrera ezarriko den abiadura mugatzeko neurria. Jada prest dituzte 430 bide seinaleak, eta, azaldu dutenez, radarrak ere ezarriko dituzte.

Ekologistak Martxan elkarteak hiriburuko Mugikortasun Planaren harira iaz osatutako diagnostikoaren arabera, gero eta herritar gehiagok hautatzen du bizikleta hiriburutik mugitzeko garraiobide gisa: ekologistek jasotako datuek diote 2003an hiriko lekualdatzeen %0,3 egin zirela bizikletaz, eta gaur egun %3,6 direla. Orduko 30 kilometroko abiadura muga ezarrita, bizikletaren erabilera areagotu nahi du udalak.

Hain justu, bizikleta elektrikoak are gehiago indartzeko neurriak hartu ditu udalak. 2019ko urtarrilerako 450 izango ditu udal zerbitzuak, eta errepidetik ibil daitezen erraztuko du hiriburuan zehar ezarritako abiadura mugak. Gilek iragarri du epe ertainean neurriak hartuko dituztela bizikletak ibil daitezen orduko 30 kilometroko abiadura baino gehiagoko errepideetan. "Oinezkoek eta bizikletan mugitzen direnek gero eta espazio gehiago hartzen duen kultura sortu nahi dugu. Bilbok 42,5 kilometro karratu ditu, eta oinez zein bizikletaz gozatzeko aukera ematen dio ezaugarri horrek".

Abiaduraz harago

Orokorrean, lan arrazoiengatik izaten dira Bizkaiko hiriburuko lekualdatze gehienak. Lantoki eta bizitokien arteko distantziak nabarmen handitu dira azken hamarkadetan, eta, Ekologistak Martxan elkarteak hiriburuko Mugikortasun Planaren hausnarketa prozesuaren testuinguruan osatutako txostenaren arabera, hori da herritarren mugikortasun ohituren gako nagusia: hirien kanpoaldean daude osasun etxeak, ikastetxeak eta saltoki handiak. Lana eta zerbitzuak lekuz aldatzeak eragin zuzena izan du hiriguneko mugikortasunean eta eguneroko joan-etorrietan. Ez da arrazoi bakarra, ordea. Gizartearen zahartzea aldagai gisa aztertu behar dela uste du Ekologistak Martxan-ek, demografiak guztiz baldintzatuko baititu epe laburrean hirigunean mugitzeko baldintzak eta moduak. Aintzat hartzekoa da adinaren aldagaia, 2030ean bilbotarren %30,2k 60 urte baino gehiago edukiko baitituzte.

Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiek egin dute bat abiadura mugatzeko neurriarekin eta, Gilen arabera, balio erantsia du horregatik. Okerrik ezean, bi hilabete barru jarriko dituzte bide seinale berriak. Baina hiriko mugikortasunaren eztabaidak luze joko du oraindik.