Gizartea

Ibilaldia oroimenetik

Ibilaldia oroimenetik

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Hiri eta herri gehienetan daude gertakari zein pertsona ezagunak gogoan hartzeko monumentuak edo plakak. Herritarren oroimen kolektiboan eragitea dute helburu, eta espazio publikoan toki egiten zaie horregatik. Adituen arabera, memoria kolektiboaren eraikuntzan eragin nabarmena dute hirietan jarritako sinboloek, monumentuek eta kale izendegiek. 1936ko gerraren ondorengo frankismo aldian erabateko garrantzia izan zuten eraikuntzak horiek, eta, hain zuzen, garai horiekin zerikusia duten monumentuak ezagutzeko MemoriTourrak antolatu ditu Gernikako Bakearen Museoak.

Sinergiak sortzeko topagunea

Sinergiak sortzeko topagunea

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Bakarka edo taldean, gazte zein heldu; gero eta gehiago dira bideo jokoetan aritzen direnak. Aisialdirako ala heziketarako izan, gizartean gero eta toki gehiago hartzen ari dira. Baina, kalean bezala, sektorean hedatzeko zailtasunak ditu euskarak bideo jokoen eremuan ere, joko gehienetan erdarazkoak baitira komunikazio kanalak. Errealitatea aldatzeko lanean ari dira hainbat eragile, ordea, eta horren lekuko da Jokoteknia, bihar Bilboko Azkuna zentroko Bastida aretoan egingo den topaketa: Bizkaiko hiriburuan euskara hutsean egingo den lehen jardunaldia da biharkoa.

Eraikin hutsari bizitza komunala eman nahian

Eraikin hutsari bizitza komunala eman nahian

Peru Azpillaga
Gernikako udaletxeko plaza gurutzatuta, kirol denda baten gainean, buztin koloreko etxebizitza bloke bat dago herriko plazara begira. Kanpotik arrunta dirudi. Beste edozein bezalakoa. Alta, barruak husturik eta fatxada garbi, bakardadean itota eman ditu azken 23 urteak. Joan den hilean okupatu zuten arte.

Birziklatzearen sarea josten

Birziklatzearen sarea josten

Nerea Bedialauneta Alkorta

Baxurako arrantzaleek erabiltzen dituzten sare soberakinei bestelako erabilpen bat ematen aritu dira Ondarroako saregileak. Gordeta dituzten eta erabilgarriak ez diren zatiekin, izan ere, erosketetarako poltsa berrerabilgarriak egin dituzte herrian geratzen diren azken bost saregileek. Zaborrik onena sortzen ez dena dela esaten du esaera zahar batek, eta buru-belarri aritu dira horretan Josune Badiola, Maite Burgoa, Garbiñe Garalde, Maria Jose Aramaio eta Guruzne Badiola. "Daukagunarekin aritu gara egiten poltsak. Garrantzitsuena birziklatzea denez, soberan ditugun sare zatiak erabili ditugu honetarako", adierazi dute.

Bestelako hiriburua jomugan

Bestelako hiriburua jomugan

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Lau urtetik behin botopaper bat hautetsontzi batean sartzearekin ez da herritarren parte hartze politikoa bermatzen. Argi dio Javier Muñoz Bilboko Auzo Elkarteen Federazioko lehendakariak. "Hiritarrak eta auzokideak etxeen atarietako politikez arduratu gaitezen nahi dute, beraiek, herritarren ordezkari direnak, hirigintzaz, azpiegitura handiez eta, oro har, Bilbo ereduaz arduratzen diren bitartean". Dioenez, Bilboko Udalak ez du auzo elkarte zein hiriburuko eragileen ahotsa aintzat hartzen, eta bilbotarrei begira baino gehiago, munduari begira dago.

Elikagaien banaketa duintzeko gune finkoa irekiko dute Bilbon

Elikagaien banaketa duintzeko gune finkoa irekiko dute Bilbon

Peru Azpillaga

1995ean ekin zion bere jardunari Bizkaiko Elikagaien Bankuak. Gizartearen egituraketa dela eta, asko dira oso baldintza kaskarretan irauten duten pertsonak. Besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoan ia 385.000 herritar —hots, biztanleen %17,6— txiroak dira edota gizarte bazterketan erortzeko arriskuan daude EAPNren (Pobreziaren eta Giza Bazterketaren aurka egiteko Europako Sarearen) azken ikerketaren arabera. 2017an, gizarte-bazterkeria tasa %2,3 hazi zen, eta, azken urteotan, batez besteko errenta pertsonala %6,8 murriztu da.

Zahar hitzen jakintza berrituak

Zahar hitzen jakintza berrituak

Peru Azpillaga

Esaera zaharrak dira herri baten jakintza kolektiboaren adierazgarri argiena. Bizitzan zehar ikasitako irakaspenak; mendez-mende eta ahoz aho, belaunaldi batetik bestera helarazitako ikasbideak: Asko balio baitu indarrak, baina are gehiago buru azkarrak!.

Esaera zaharrek, gainera, herri baten kulturaren eta ohituren berri ematen dute, denboraren poderioari aurre eginez. Arbola, landa, eliza, gure arbasoen bizimoduaren adierazgarri dira, baina baita taberna, astoa, otsoa, ardoa edota jokoa ere. Gaur egun, ordea, gero eta ahaztuago daude esaerak.

Ardurak etxean hasten direlako

Ardurak etxean hasten direlako

Aitziber Laskibar Lizarribar

Bai, gurea ere bada erantzukizuna". Javi Secok argi du. Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kidea da Seco, eta ezinegona sentitzen du azken urteetako egoera dela eta: telebistaren bidez ezagutzen diren irudi gogorrengatik, eta krudeltasun horiei erreparatzeko lasaitasun orokortuagatik. Iruditzen zaio milaka pertsonaren heriotzak dakartzaten gerrei urrunegitik begiratzen zaiela; pelikula bat balitz bezala, edo hemengo gizartearekin "zerikusirik" ez balu bezala. Baina ohartarazpena egin du: "Gurea ere bada erantzukizuna". Azken hiletako hausnarketek ondorio hori utzi diote Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformari, eta bide horretan ekitea erabaki du, helburu argi batekin: herritarren inplikazioa lortzea. Hiru eguneko karabana antolatu du horregatik hilaren 28tik 30erako; Euskal Herrian egingo da, lehen aldiz, hemengo egoeraz konturatzeko: "Gerra hemen ere hasten da", eta horren ondorio diren errefuxiatuei Bizkaian bertan ere ixten zaizkie ateak, hemen bertan ere jazartzen zaie.

Praktikoa izango da martxa. Geldiuneak ez dira ausaz aukeratu, eta horietako bakoitza plataformaren hausnarketaren adibide argigarria izango da.

Bizkaira, esaterako, hurrengo asteko astelehenean sartuko da karabana, hilaren 30ean. Mugak gainditzen leloarekin iritsiko da Bilbora, eta manifestazioa egingo du Plaza Biribilean hasi eta atzerritarren bulegoraino. Hileta martxa izena eman diote mobilizazio "berezi" horri, zendutako migratzaile bat oroitzeko baliatuko baitute protesta. "Bidean hainbat gauza salatuko dira", azaldu du Secok: "Hor daude armak ordaintzen dituzten bankuak, eta hor daude Inditexeko hainbat denda; oso merke saltzen dute arropa, baina badakigu zein baldintzatan ekoizten den arropa hori hirugarren mundua esaten zaion horretan".

Foru aldundiaren egoitza ere badago Kale Nagusi berean, eta adingabeen kudeaketa eredua salatuko dute eraikinaren aurrean. Gobernu zibilaren aurrean, Espainiako Gobernuak migratzaileekiko duen politika bortitza salatuko dute. Eta, atzerritarrentzako bulegoaren aurrean, atzerritarrentzako legea; "zer-nolako oztopoak jartzen zaizkion migratzaile kolektiboari".

"Lotsaren harresia"

Bizkaiko portuetara egingo du jauzi martxak arratsaldean. "Bizkaiko portuetako bi errealitate" azalarazteko, Zierbena eta Santurtzi lotuko dituzte "giza eta besarkada katea" eginda, "lotsaren harresia eta armen trafikoa" salatzeko. Herritar gehienek telebistan ikusiak izango dituzte gerratik ihesi doazenei bidea ixteko eraikitako harresiak. Bizkaian ere badago halakorik: Zierbenan, migratzaileak Bizkaira sar ez daitezen. "Lotsaren harresia" esaten dio Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak. "Pertsonen eta giza eskubideen kontrako harresia da, baina ez dirudunentzako merkantziak edo armak garraiatzeko oztopoa", hausnartu du Secok. Eta, noraezean, zain egoten dira dozenaka errefuxiatu Zierbenan, euren helmugara iristeko itsasontziren batean sartzeko aukera amesten.

Bai, errefuxiatuen kanpalekurik ere bada Bizkaian. Migratzaileek etengabe sortu, eta poliziek desegin dituzte Zierbenan. Martxoa hastearekin batera suntsitu zituzten, azkenekoz, errefuxiatuen telazko dendak. Albaniar jatorriko pertsonak dira kanpaleku horietan batzen diren gehienak, eta 200 ere pilatu izan dira garai batzuetan. Ezkutuan iritsi, Zierbenako hesia gainditu, eta gordeka ibiltzen dira poliziek pasaportea kendu ez diezaien edota atxikitze zentroetara eraman ez ditzaten. Kamioi edo ibilgailuren batean ezkutatuta Portsmouthera doan ferryan sartzea da haien helburua; egun eta erdiko bidaia ibilgailuan ezkutatuta egin, eta bizimodu berri bat hastea. Lana aurkitu eta normal-normal biziko diren lekuren batera heltzea da euren ametsa.

Zierbenatik lau kilometrora dago Santurtzi. Saudi Arabiara tonaka arma bidali dira bertatik. Armagintzari lotutako gaietan nagusi den isiltasuna dela-eta datu zehatzik ezagutzen ez den arren, lehergailuak identifikatzeko zigilua zuten 312 edukiontzi gutxienez garraiatu ziren Bilboko Portutik Saudi Arabiara, 2016ko urritik iazko uztailera bitartean. Horiek ikusi eta zenbatu dituzte portuan.

Gerra hemen hasten da leloarekin, hainbat protesta egin ditu Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak portuan, beste hainbat eragilerekin. Izan da armak garraiatzen dituzten itsasontziak seinalatu eta geldiarazten saiatu denik. Eta ekintza horiek eman dute fruitua, nolabait. Azkenaldian arma horiek ez dira Bilboko Portutik irteten. Ez dira oso urrutira joan, hala ere; Santurtzitik abiatu ordez, Santandertik (Kantabria, Espainia) ateratzen dira, orain, gerretara bideratutako arma horiek. "Armak Bizkaitik ez ateratzea lortu zen, baina, oraingoz, ez da lortu bidalketak etetea", dio Secok sentsazio gazi-gozoarekin.

Armagintza

Eta garraiatu soilik ez. Egin ere egiten dira armak Euskal Herrian. Martxaren lehen egunean salatuko dute hori, Andoainen (Gipuzkoa), Sapa enpresaren aurrean. "Euskal Herriko leku askotan aritzen dira armagintzan, enpresa askotan", azaldu du Secok; Sapa enpresaren kasuan, %100ean. Produkzio guztia du armagintzara bideratua.

Baina Euskal Herrian dozenaka enpresak lan egiten dute armagintzarako; osotasunean euren lana armak egitera bideratzen duten enpresak dira batzuk, eta produkzio zibila ere egiten dutenak besteak; produkzioaren zati bat soilik bideratzen dutenak armagintzara, eta, gehienetan, arlo hori oharkabean igarotzen dena herritarrentzat. Baina deigarriak dira datuak: Bizkaian, 33 enpresa daude armagintza jarduerari lotuta.

Bardea ere (Nafarroa) izango da armen eta gerraren aurkako protesten jomuga. Bardeako Batzordeak Nafarroako basamortua tiro eremu gisa mantentzeko akordioa berritu nahi du Espainiako armadarekin, eta hori salatuko dute Tuteran, igandean, Bardeako Batzordearen egoitzaren aurrean.

Aurrez, errefuxiatuek jasaten dituzten hainbat egoera gaitzetsiko dituzte karabanako parte hartzaileek. Hasi, adibidez, Hendaian (Lapurdi) hasiko da martxa. Iaz, Melillara (Espainia) egin zuten martxan, errefuxiatuen egoera eta haien bat-bateko itzulketak salatu zituzten. Baina Euskal Herrian ere gertatzen da hori. Hendaia eta Irun arteko mugan, azken bost urteetan, 7.500 pertsona atxiki eta berehala euren jaioterrira inolako bermerik gabe itzuli dituztela ohartarazi du Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko kideak. Hain zuzen, giza katea egingo dute Hendaiatik Irunera, Lapurdi eta Gipuzkoa batzen dituen Santiago zubitik igarota. Aurrez, Hendaian, zabaldu berri duten Atzerritarrentzako Zentro Itxiaren aurrean egingo dute protesta, halakoetan sartzen dituzten errefuxiatuen egoera salatzeko. 30 migranterentzako lekua duen zentro hori hil hasieran zabaldu zuten berriz.

Lehen egun horretako arratsaldean, Elhadji Ndiayearen omenezko ekitaldia egingo dute Iruñean. Jatorriz senegaldarra zen herritar hori Iruñeko komisarian hil zen, 2016an, atxilotze bortitz baten ostean, Poliziaren zaintzapean zegoela. "Atzerritarren legea salatuko dugu, sarekada arrazistak...". Duela aste batzuk Madrilgo Lavapies auzoan gertatutakoa ekarri du gogora Secok; "Lavapiesen gertatu bezala, Iruñean, duela bi urte, Senegalgo jatorriko pertsona bat hil zen atxiloketa bortitz baten ostean". Eta are gehiago esan du plataformako kideak: "Bilbon ere, adibidez, etengabeak dira arrazakerian oinarritutako halako sarekadak".

Gasteizen, gizarte plural eta integratuari buruz hausnartuko dute parte hartzaileek igande arratsaldean, eta astelehen goizean protesta egingo dute Eusko Legebiltzarraren aurrean, euskal instituzioei egoera iraultzeko neurriak har ditzatela eskatzeko.

Baina, horiei presio egiteko herritarren mobilizazioa ezinbestekoa izango dela sinetsita, autobusean egingo den karabanan parte hartzeko edo bestela herriz herri egingo diren mobilizazioetara joateko eskatu du Secok. "Oso garrantzitsua da". Izena emateko edo informazio osagarria eskuratzeko, Mugak Zabalduz elkartearen webgunea egokitu dute.