Aitziber Laskibar Lizarribar
Aurrera doa Zorrotzaurrerako proiektua; zehazten eta beharrezko tramiteak gainditzen ari da. Aste honetan, irla eta ingurua urbanizatzeko aurkeztu duen proiektuaren lehen zatia onartu du Bilboko udal gobernuak, eta 2017ko u...
Gizartea
Herri galdeketa egingo dute Basaurin erdigunea nola berritu erabakitzeko
Aitziber Laskibar Lizarribar
Basauriko Udalak hitza emango die herritarrei; hitza, eta erabakia. EAJ eta EH Bildu udal taldeek egindako akordioari esker, hiriko erdigunea nola aldatu erabakitzeko gaitasuna emango die basauriarrei. Hirigintza Biziberrit...
Zenbatu beharrean, saihestu
Ainhoa Larrabe Arnaiz
Paradigma aldaketa bat. Hala kokatu da sanferminetan izan diren sexu erasoen aurrean iruindarrek emandako erantzunaren dimentsioa. Emakumeen aurkako indarkeria orain arte ez bezala gizarteratu da aurtengo sanferminetan, eta hainbat udalerrik txalotu dute Nafarroako hiriburuko jarduna; Bilboko Udalak, kasurako. Erasoak ez dira sanferminetara mugatu, ordea. Iruñea sexu erasoen aurkako protesta giro betean zegoela, andre bati eraso zioten Bilboko BBK Live jaialdian. Erasoa arbuiatzeko agerraldian Aste Nagusirako "kanpaina berezi bat" prestatzen ari direla azaldu zuen Itziar Urtasun Jaietarako zinegotziak, "herritar guztiak" sentsibilizatzeko helburuarekin. Hilabete falta da Bilbok Mari Jaia kalera ateratzeko, eta gertatu daitezkeen sexu erasoak saihesteko lanean ari dira mugimendu feminista, Bilboko konpartsak eta udala. Hirurekin elkartu da Bizkaiko Hitza.
Bakoitzak bere bidea urratzen badu ere, badute elkargune bat hiru eragileek: erasoen kontrako protokoloa. 2008an adostu zuten konpartsek eta udalak, eta, ordutik hona, neurriak berritu eta unean uneko beharrizanetara moldatu da. Iaz, hiru sexu eraso salatu ziren Bilboko Aste Nagusian, eta, protokoloari jarraituz, erantzun bateratua eman zen hiriburuan. Baina protokoloaz harago doan lana beharrezkoa dela nabarmendu dute hiru eragileetako ordezkariek. Elkarren osagarri dira, baina bereizita doaz. Prebentzioa izan da hiru eragileek ahotara ekarri duten hitza.
Prebentzioa, gakoa
Erasoen ondorengo egoerari erantzuten dio erasoen aurkako protokoloak. Eta erasorik gerta ez dadin egin behar da lan, Maider Gonzalez Bilgune Feministako kidearen arabera. Hutsune horretatik abiatuta, emakume feministen sarea osatzen ari dira Bilboko eragile, talde eta hainbat norbanako. Bi ardatzetan oinarrituta ari da sarea lan egiten. Prebentzioan, batetik; eta emakumeen ahalduntze kolektiboan, bestetik. "Erasoen prebentzioan hutsune handia dagoela uste dugu. Protokoloari dagokionez, urrats handiak egin dira, eta erreferentzia irabazi da arlo horretan. Oso beharrezkoa da ildo hori, baina gabeziak ere baditu. Erasoen osteko asistentziara mugatzen da udala". Erasorik ez izatea helburu bada, erroetara jo behar da, eta ez ondorioetara, Gonzalezen arabera. Ildo horretan ez ditu baliabideak jartzen udalak sare feministako kidearen arabera, eta horren lekuko dira erakundearen aurrekontuak.
Hutsune hori bete nahi du mugimendu feministak. Eta sexu erasoen inguruko hausnarketak plazaratu eta autodefentsaren ikuspegia txertatzeko lanean ari da. "Erasoa zer den eta zergatik gertatzen den azaldu behar da. Eta testuinguruan kokatzeak garrantzi handia du. Azaltzea ez direla jaietan gertatzen diren erasoak, baizik eta arazo estrukturala dagoela atzean. Hori aldez aurretik landu behar da, eta erantzunak ere norabide horretan eman beharko lirateke".
Urte osoan ari da Bilboko Udala prebentzio arloan lanean. Ideia horretan indar egin dute Amaia Domingo Berdintasun Politiken Teknikariak eta Natalia Randez Berdintasuna Sustatzeko Saileko buruak."Gure lana ez da Aste Nagusira mugatzen, ezta erasoen aurkako protokolora ere. Urte osoko lana egiten du udalak". Bi egitasmo nagusi aipatu dituzte teknikariek. Bat: Bilboko ikastetxeetan indarkeria matxista lantzeko gazteekin egiten dituzten saioak. Eta bi: hiriburuko auzoetan indarkeria matxista lantzeko martxan duten Andre eta Jabe programa. "Genero indarkeria lantzen dugu ikastetxeetan gazteekin. Gerora agente aktibo izan daitezen eta sexu erasoen aurka beren sareak sor ditzaten". 2007an abiatu zuten ikastetxeetako programa. Eta urtez urte handitu egin da egitasmora gehitu den ikastetxe kopurua. Azken urtean hiriburuko 80 zentro inguruk parte hartu dutela azpimarratu du Domingok.
Gizarte eragileak Andre eta Jabe egitasmoan elkartzen ditu udalak Randezen arabera. Herritarren artean harreman sarea osatu eta prebentziorako eragileak sortzea da egitasmoaren helburua, teknikariaren esanetan. "Barruti eta auzoetako eragile sozialak bildu, eta, sarea osatuz, emakumeen kontrako indarkeria errotik kentzea du helburu". Hiru urteko ibilbidea du programak, eta pixkanaka emaitzak ematen ari dela diote udaleko kideek. "Aste Nagusian kanpora begirakoa da lana. Eta beste dimentsio bat hartzen du. Baina prebentzioaren ardatza urte osoan zehar lantzen dugu". Festen esparruan ere neurriak hartuko dituztela iragarri dute udal ordezkariek. Ohiko kanpaina egingo dute. Baina abuztu erdialdean emango dute horren berri. Edonola ere, urte osoan zehar egiten den inurri lana da, teknikarien ustez, sexu erasoak saihesteko egiten den lanik eraginkorrena.
Urte osoko lanketa
Udalarekin adostutako erasoen aurkako protokoloa prebentziorako tresna gisa erabili du Bilboko Konpartsak koordinakundeak, Izaskun Madariaga kidearen arabera. "Konpartsako kideek protokoloa ezagutzen dute, eta horrek gaia guztiekin lantzea ahalbidetu du. Gaur-gaurkoz, badakite emakume batek beraiengana jotzen baldin badu subjektu aktiboa direla laguntzeko". Hausnarketarako bidea izan da protokoloa konpartsetako kideentzat. Eta urte osoan gaia lantzeko batzorde iraunkorra du koordinakundeak.
Bitariko eragilea da konpartsen koordinakundea. Herri eragileen eta mugimendu feministaren jarduera gorde eta elikatzen dute, eta udalarekin harreman zuzena dute. Kalearen eta erakundearen arteko lotura dira, nolabait. Batean zein bestean eragiteko gaitasuna du. Etxe barruan lan handia egiten ari dira horregatik.
Urte osoan koordinakundean biltzen diren kideekin gaia lantzen ari dira, eta konpartsen barruan gaia lehen planora ekarri eta urte osoko lantzat hartzea bera baikorra dela dio Madariagak. "Arazoaz jabetzea eta errealitate hori deskubritzea oso baikorra da. Sexu erasoen auzia jaiez harago eta protestak egiteaz harago doala barneratzen ari gara Bilboko Konpartsetan. Konturatu gara lan handia dagoela oraindik egiteko, eta horren jakitun izatea bera aurrerapausoa da".
Etengabeko lan horri esker kontzientzia hartu eta jarrera aldaketa bultzatzen ari dira. "Konpartsako kide bakoitza eragile aktiboa izatea nahi dugu. Festa esparruan zerbait ikusi ala sumatzen bada, aktiboki esku hartzea, alegia". Iaz konpartsetako kideek hiru momentutan esku hartu zuten festa giroan, eta egoera batzuk okertzea saihestu zen esku hartze horiei esker. "Guk geuk jarrera hori hartzea funtsezkoa da". Bat egin du Gonzalezek ideia horrekin. "Jarreran ere eragin nahi dugu. Emakumeen ahalduntzean indar egin eta agente aktibo izan nahi dugu. Lau haizeetara zabaldu andreok egoeraz jakitun garela baina ez gaudela hori onartzeko prest. Eta erasoa gertatzen denean erantzun egingo dugula". Jarrera pasibotik aktibora jauzi egiteko ideian indar egin du mugimendu feministako kideak. Helburua: jai gunean elkartuta dauden guztiak noizbait eragile aktibo izatea. Hainbat ekimen egingo dituzte horretarako. Betiere, eskura dituzten baliabideak erabiliz.
Eragile aktiboak
Kasu askotan emakumeak biktimizatu egiten direla salatu du Gonzalezek. Eta udalak eta hedabideek sexu erasoekiko egiten duten trataera jarri du mahaiaren gainean. "Gu emakumeen boteretzeaz ari gara. Eta hor, parametro ezberdinetatik abiatzen gara: emakume bati erasotzen badiote, denoi erasotzen digute, eta elkar zainduko dugu. Egunerokoan praktika feminista hori presente izatea nahi dugu. Jarrera bat da, espazioa okupatzen duen aktiboa eta eragilea".
Sexu erasoen kopuruan jartzen da arreta maiz. Eta, jaien parekidetasuna neurtzeko, izan diren eraso kopuruak alderatzeko joera du udalak Gonzalezen arabera. "Kontabilizatzetik harago doa auzia". Eta hor, beste gakoetako bat: erasoa zer den identifikatzea. Gaur egun salatzen diren sexu eraso gehienak "intentsitate altuko" erasoen artean kokatzen dira: bortxaketak ala bortxaketa saioak, alegia. Larrienak dira horiek. Baina "intentsitate gutxiko" erasoen kasuan, ez da horrenbeste salaketa egiten.
Sanferminak ere izan dira horretan eredu. Iruñean salatu diren hamasei sexu erasoetatik 11 abusuengatik izan dira —ukitzeak, tartean—. Hori lantzea beharrezkotzat jotzen du mugimendu feministako kideak. "Naturalizatuta dauden eraso asko dago gaur egun, eta horiek ikusaraztea beharrezkoa da. Guk horretan egingo dugu indar". Konpartsetako kideak ere geldialdia egin du horretan. "Arreta jartzen da larriak diren erasoetan, eta tentsioa galtzen da egunean zehar normaltasun osoz egiten diren eraso horiekiko". Hori ere landu dute konpartsek barne mailan.
Denak datoz bat: erasoak ez dira unean unekoak. Hala dio Madariagak. "Erasoa egiten denerako, aurretik, gizarteak sortu ditu eraso horiek gauzatzeko baldintzak. Horregatik, errora jo behar dela uste dugu". Eta Aste Nagusiko egitaraua da, besteak beste, festa eredu parekideak lantzeko bideetako bat. "Emakumeen aurkako indarkeriaren ezabaketa jaietan emakumeen parte hartze libre eta askea lortuta ere etorriko da. Are gehiago esango nuke herritarrak eta parte hartzaileak diren jaiak lortzea ezinezkoa da parekidetasunetik igaro gabe".
Konpartsen egitaraua norabide horretan pentsatu eta prestatzen dutela azaldu du Madariagak. Hastapenetan daude, ordea. Eta hor egunero egiten duten lana mugarria da. Hiriburuko egitarau ofizialean ere aldaketak sumatu dituzte berdintasun teknikariek. Hala dio Domingok. "Programan ere arreta jarri da, eta emakumeen presentzia gero eta handiagoa da". Errespetua jarri du erdigunean udaleko kideak. "Oinarrizkoa da ulertzea festak bere osotasunean, errespetu giro batean garatu behar direla".
Elkarlanerako bideak
Ona da udalak eta konpartsek duten harremana. Eta sexu erasoei aurre egiteko elkarlana goraipatu dute biek. "Atentzioari dagokionez oso koordinatuta dago dena. Eta asko dira eskaintzen diren baliabideak". Urrats bat harago ere egin du udalak, eta, 2012tik, ostalaritza elkartearekin ere ari da lanean. "Konpartsako kideek bere gain hartu dute duten erantzukizuna, udalak bezala. Baina txosnak baino gehiago dira jaiak, eta horietan ere eragin behar da".
Udalaren eta mugimendu feministaren arteko harremana beharrezkoa dela dio Bilgune Feministako kideak. Udaleko teknikarien esanetan, auzoetan egiten dituzten bileretan eragile eta norbanako feministak elkartzen dituzte, eta ateak irekita dauzkate. Baina harreman pertsonalez haragokoa izan behar du lanak Gonzalezen ustez. "Mugimendu feminista mintzaide politiko gisa aitortzea oinarrizkoa da". Borondate falta nabari du Gonzalezek alor horretan. Hain zuzen, mugimendu feministak, udalak eta gainontzeko eragileek izan duten elkarlana da sanferminetan sexu erasoei aurre egiteko lanean goraipatu den osagai nagusia.
Itsasadarrean igerilekuak egitea proposatu du Bilboko Udalak
Aitziber Laskibar Lizarribar
Bilboren eraldaketan sakontzeko asmo irmoarekin, etorkizunari begira jarria dago udala, nolako hiria nahi lukeen amesten. Aspaldi utzi zion izaera industrial gogorreko hiri izateari Bilbok, eta udalak aspaldi kokatu zuen zerbitzuen eta aisialdiaren hiriburu bihurtzeko norabidean. Bide horretan beste jauzi bat egin nahi du orain, eta urratsa egin du hartarako. Hiri Antolaketarako Plan Orokorra aldatzekotan dela jakinarazi du, eta zein asmo dituen azaltzerakoan hainbat proposamen zehatz egin ditu. Oraindik eztabaidatu eta landu beharreko egitasmoak dira; proposamen soilak. Baina argi adierazten dute zein norabidetan birmoldatu nahi duen hiriburua. Elorrietarako egin duen proposamena da asmo horien erakusgarri argiena: industria oinarri zuen eremuan igerilekuak egiteko nahia azaldu du udalak. Itsasadarrean bertan egingo lirateke igerilekuak, Ibaizabalen txertatutako aisialdi eremu gisa.
Elorrietako erriberan, itsasadarraren ertzean, pasealeku zabala egiteko proposamena aurkeztu du "datozen hamabost edo hogei urteetarako" plan estrategikoen diseinuak bilduko dituen Hiri Antolaketarako Plan Orokorraren aurrerapenean. Zorrotzaurre berritzeko planaren jarraipen gisa eraldatuko litzateke Elorrieta ere, San Ignaziora arteko pasealekua osatuta.
Etxebizitza berriak egin, eta bizileku gunea ere sortu nahi du udalak eremu horretan, hainbat azpiegiturarekin lagunduta. Zorrotzako irlarako lotura ere izango luke, oinezkoentzako zubi batekin.
Luxuaren luxua izango luke ingurune berrituak, proposamenaren arabera: aisialdirako gune zabala, hiriko hondartza edo igerileku eta guzti. Itsasadarraren ertzean egongo lirateke bainurako guneak, plataforma batzuetan. Itsasadarrean murgildutako kaiak ere irudikatu ditu udalak, eta erriberako landarediz jantzita egongo liratekeen uhin-hausleak. Besteak beste. Deustuko kanalean egingo litzateke hori guztia, Elorrietako biribilgunerako tartean. Egitasmoaren zehaztasun handirik ez du oraindik eman udalak, baina irudikatzen duenaren infografia plazaratu du.
San Anton eta Abandoibarra
Itsasadarra aisialdirako gune nagusi gisa erabiltzeko lanean aspaldi hasi zen udala. Horren ondorio da Abandoibarra inguruak azken urteetan izan duen inbertsioa eta eraldaketa. Bilbo zeharkatzen duen ibaian bainatzeko aukera izatea ere betiko amets nostalgikoa izan da, nolabait. Baina utopia gisa ikusia; bete ezinezko amets gisa.
Azken urteetan, ordea, utopia horretatik gertuago ikusi du bere burua udalak. 80ko hamarkadan nekez aurkituko litzateke itsasadarrera salto egiteko prest agertzen zenik. Ibaizabalen kolore ilunak eta aldiro isurtzen zuen kiratsak agerian uzten zuen erabat zikin, kutsatuta zegoela. Azken urteetan, berriz, igeriketa txapelketak ere egin dira bertan; izen handiko triatloi lehiaketak, besteak beste.
Herritarrak itsasadarrean bainatu ahal izateko lanean hasteko aukera Iñaki Azkuna alkate zenak jarri zuen mahai gainean, lehen aldiz, aurreko legegintzaldian. Aurrera begirako nahi gisa aipatu zuen Bilbon hondartza egiteko aukera, baina, ordurako, asmo gauzagarri gisa.
Eta Juan Maria Aburto alkatearen taldeak heldu dio orain proposamenari. Udaran itsasadarrean bainua hartzeko guneak prestatzea aztertzen ari dela jakinarazi du. Oraindik landu beharreko proposamena dela adierazi du, baina Ricardo Barkala Hiri Garapenerako zinegotziak aurreratu du udalaren ustez zein gune izango liratekeen egokienak: Itsas Museoaren ingurunea eta San Anton ingurua. Beste gune batzuk egokitzeko aukera ere ez du baztertu.
Proposamenak mahai gainean jarri eta gaia aztertzeko, itsasadarraren kudeaketan eskumena duten erakunde guztiak uztailean bilduko direla iragarri zuen Barkalak; Portu Agintaritza, Itsas Kapitaintza, Itsas Agintaritza, Ura eta Bilboko Udala dira biltzekotan, hileon. Aukerak eta zailtasunak aztertu, eta ametsa gauzagarria den erabakiko dute.
Ateak zabalik errefuxiatuei
Olaia Zabalondo
Bizkaiko ateak zabalik daude errefuxiatuentzat. Nazioartean babes edo asilo eskaera aurkezten dutenak artatzeko lanean dabil Gurutze Gorria, horretarako duen programa baten bidez. Bilbo eta Bermeo dira errefuxiatuak hartu dituzten herri...
Ospitalea martxan da, erdizka
Natalia Salazar Orbe
Alfredo Espinosa izena du Urdulizko ospitale berriak. 1937ko ekainaren 26an fusilatu zuten Espinosa, Gasteizen. Pobreen mediku gisa zen ezaguna, eta lehen Osasun kontseilaria izan zen Jose Antonio Agirre lehendakariaren gobernuan. Horman jarritako haren argazki zuri-beltzek harrera egiten diete erabiltzaileei ospitalearen sarreran bertan. Hilketa hartatik 79 urte bete berri direla ireki ditu ateak Uribe eskualdeko pazienteak artatuko dituen zentroak. Duela bederatzi urte hasi zituzten obrak; eta aurreikusitakoa baino geroago zabaldu dute. Obren antzera, apurka-apurka jarriko dituzte martxan eskainiko dituzten zerbitzuak ere. Joan den ostegunaz geroztik, harrera eta informazio zerbitzua, kanpoko kontsultak, proba funtzionalak eta erradiodiagnostikoa ditu martxan.
2016a bukatu aurretik zerbitzu gehiago eskainiko dituzte. Hala aurreikusi dute, bederen. Ondokoak izango dira: kirurgia anbulatorio handirako ebakuntza gelak, digestio endoskopiak egiteko gelak, eguneko ospitale kirurgikoa, analisi klinikoetarako laborategia eta helduen zein haurren larrialdi zerbitzua. Lehenengo fasearen bukaera izango da hori.
Kanpo kontsultetan dozena bat espezialitate artatzen dituzte oraingoz: erreumatologia, digestio sistema, kardiologia, pneumonologia, oftalmologia, neurologia, urologia, endokrinologia, traumatologia, ginekologia, otorrinolaringologia eta dermatologia.
Bigarren fasean, abian jarriko dituzte mediku eta kirurgia ospitaleratze zerbitzuak, ospitaleratze psikiatrikoak, kirurgia blokea, erreanimazio unitatea eta etxez etxeko ospitaleratzea. Horiekin batera ariko da ospitalea jardun betean. Prozesu osoa bukatzeko, baina, beste bi zerbitzu faltako dira: mediku onkologia eta eguneko mediku ospitalea. Datorren urteko bigarren seihilekorako aurreikusi dituzte horiek.
Kritikak garraioari
Polemika ugari sortu ditu Urdulizko ospitaleak ireki aurretik. Azpiegitura gabezia ugari eta pribatizazio saioa salatu dituzte hainbat sindikatuk eta EH Bilduk, besteak beste.
Osasun zerbitzu berria zabaldu delako poza agertu arren, ospitalearen kudeaketan "inprobisazioa eta planifikaziorik eza" nagusitu direla salatu du koalizioak. Osasun etxera iristeko behar bezalako konexiorik ez dagoela ekarri dute gogora. Garraio publikoari dagokionez, sinetsita daude sortutako beharrizanei aldundiak ez diela eman behar bezalako erantzunik.
Jon Darpon Osasun sailburuak ez ditu hartu begi onez era horretako kritikak. Errepide berria, aparkalekua eta metro geltokia urte bukaerarako prest egongo direla azaldu du. Horrez gain, Bizkaibusen lineetan aldaketak eginak dituztela gogorarazi du.
Hainbat izan dira pribatizazio salaketak ere. EH Bilduren aburuz, "herritarren osasunaren gainetik, berriro ere, badirudi bezeroei eta negozioei begirako aukera lehenetsi dutela" jaurlaritzak eta aldundiak.
Sukaldea, garbiketa eta araztegi zerbitzuak azpikontratatuko dituzte. Ospitalea inauguratzeko bezperan egin zuen iragarpena Osasun sailburuak.
Egun batzuk lehenago, bi orduko lanuztea egin zuten osasun zentro eta erietxeetako langileek, SATSE, ELA, CCOO, LAB eta ESK sindikatuek deituta. Urdulizen zerbitzurik pribatiza ez zezaten aldarrikatu zuten hala. Argudio argiak eman zituen Jose Antonio de Lenizek. SATSE-Euskadi erizainen sindikatuko idazkari nagusia da: "Osakidetzako langileek beste kobratu behar dute azpikontratatutakoek. Horrela adostua dugu. Eta enpresa pribatuek irabaziak izaten dituzte. Beraz, irabaziak izan ditzaten zerbitzuaren kostuak handiagoa izan behar du, ezinbestean".
Hamazortzi herritako bizilagunak artatuko ditu: Arrieta, Bakio, Barrika, Berango, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Getxo, Gorliz, Laukiz, Leioa, Lemoiz, Maruri- Jatabe, Meñaka, Mungia, Plentzia, Sopela eta Urduliz. Orain arte Gurutzetako ospitalera jo behar zuten herritarrentzako lekua hartuko du. Barakaldoko zentroan laguntza presioa txikituta, itxaronaldiak arinduko dira, konplexutasun handieneko pazienteekiko arreta hobetuko da, eta ohe gehiago egongo dira eskuragarri, Darponen arabera.
Orain arte Mungia, Areeta eta Algortako osasun etxeetan ematen zituzten laguntzak handituko ditu Urdulizko ospitaleak. Hala ere, herriotako osasun etxeek kanpo kontsultetako batzuk egiten jarraituko dute. Era berean, Areetako anbulatorioan erradiodiagnostiko zerbitzua ematen jarraituko dute.
Lapurren gustuko herrialdea
Ainhoa Larrabe Arnaiz
Bi ordu eta hamar minututik behin lapurreta bat gertatzen da Bizkaiko etxebizitzetan. Hala baieztatu du Unespa aseguru etxeen patronalak 2014ko lapurretei buruzko datuak biltzen dituen txostenean. 225 enpresa biltzen ditu Unespak, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 800.000 etxebizitzako lagina hartu du ikerketa egiteko. Guztien artean, Bizkaia da lapurreta gehien izan duen lurraldea: %65,5 biltzen ditu. Eta Bilboaldea osatzen duten udalerriek dituzte lapurreta tasarik handienak. Ikerketaren arabera, Ibaizabal itsasadarreko udalerrietan egiten dituzte Bizkaian lapurreten %70. Hiriburuan, soilik, 1.300 salaketa erregistratu ziren 2014. urtean.
Azterketaren arabera, biztanleria kopuruarekin lotuta dago lapurreta tasa. Hau da, herritar eta etxebizitza gehiago dauden inguruetan izaten da eraso gehien. Irizpide hori aintzat hartuta, Bilbok du tasarik handiena. Erasoen %22,1 gertatzen dira Bilbon, eta haren atzetik daude Donostia eta Gasteiz. Baina ehunekoetan ezberdintasun nabaria dute Bizkaiko hiriburuarekin. Izan ere, %8ren bueltan dago duten lapurreta kopurua.
Hiru lurraldeetako hiriburuen ondoren, Bizkaiko udalerriak daude lapurreta kopuruen zerrendan lehen postuan. Ibaizabalgo itsasadarrean daude herriak, zehatzago. Tartean daude Barakaldo, Getxo eta Portugalete. Han gertatzen da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etxebizitzetan izaten diren bost lapurretatik bat.
Lapurretei buruzko usteak ere irauli egiten ditu ikerketak. Izan ere, nahiko hedatuta dagoen iritzia da udako eta neguko oporrak eta asteburuak aukeratzen direla lapurretak egiteko. Hau da, jaiegunak aukeratzen dituztela lapurrek beren jardunerako, jabeak etxetik kanpo igarotzen dituzten garaiak direlako, ustez. Baina, iritzi horien aurka, udaberrian izan da lapurreta gehien 2014an: martxoan, apirilean eta maiatzean. Eta egunei dagokienez, astelehen eta ostiralak aukeratu dituzte eraso egiteko.
Biztanle gehien biltzen duten udalerrietan, lapurreta gehiago izaten da. Baina etxebizitza kopuruaren eta lapurreten arteko batez bestekoa aztertzean "ezustea" hartu du Unespak. Izan ere, lapurretak izateko probabilitate handiagoa dute udalerri ertainek udalerri handiek baino. Patronalak bildutako datuen arabera, Urdulizek du batez besteko horretan lehen postua Bizkaian. Herrialde osoko batez bestekoa baino %82,5 aukera gehiago du Uribe Kostako herriak lapurretak jasateko. Ondoren daude Galdakao, Abanto-Zierbena, Barakaldo eta Zalla, besteak beste. Balantzaren beste aldean daude Plentzia, Mundaka, Ondarroa eta Berriz, adibidez. Herri horietan oso baxua da lapurreten batez bestekoa. Lurraldeko hiriburuan %5,2koa da erasoak jasateko bataz bestekoa.
%38 Bilbon
Lapurreten larritasuna ere aztertu dute txostenean. Eta, bildutako datuen arabera, udalerri ertain eta "lasaietan" izaten da kostu handiko lapurreta gehien. Laukiz ageri da zerrenda horretan lehen postuan: 4.476 euroko batez besteko kostua izan dute hango lapurretek. Lezama, Arrieta, Loiu eta Gatika dira kostuen aldetik erasorik handienak bildu dituzten udalerriak. Eta Gueñes, Lekeitio eta Ortuellak jasan dituzte erasorik arinenak.
Bizkaian egiten diren etxe lapurreten ia %34 Bilbon egiten dira. Eta auzoen araberako joera du hiriburuak erasoen kopuruari eta larritasunari dagokionez. Begoña, Ibaiondo eta Rekaldek dute lapurreta salaketa gehien: %38 inguru biltzen dituzte hiru auzoek. Edonola ere, etxebizitza kopurua eta lapurreten arteko harremana aztertuz gero, Abando, San Frantzisko, Miribilla eta San Adrian auzoek dute lapurretak izateko probabilitaterik handiena.
Lapurreten kostua ere asko aldatzen da Bilboko auzo batetik bestera. Zorrotza eta Basurton gertatu ziren garestienak. Gainontzeko inguruetan baino %300 kostu handiagoa zuten bi auzo horietan izan ziren erasoek. Abando auzoan 800 eurotik gorako kostua izan zuten erasoek, batez beste; Zazpikaleetan gertatutakoek, 248 eurokoa.
Pedalkadak kontzientziari
Ainhoa Larrabe Arnaiz
Azken sei urteetan egin bezala, bizikletak hartu eta aldarrikapenerako eta gozamenerako tartea hartuko dute Ekologistak Martxan elkarteak eta Ekologistas en Accion konfederazioak. Bihar hasiko dute VI. Ekomartxa, eta klima aldaketak kostaldean eragiten dituen kalteen inguruan kontzientzia hartzea da egitasmoaren helburu nagusia. Bilboko Areatzan hartuko dituzte bizikletak bihar, eta, hamabost egunez Kantauriko kostaldea zeharkatu ondoren, Xixonen (Galizia) bukatuko dute martxa, hilaren 30ean. Aldarrikapenerako eta gozamenerako aukera emango du Ekomartxak, Pedalei eragin planeta hozteko goiburuarekin.
Gaur iritsiko dira Bilbora VI. Ekomartxan parte hartuko duten kideak, eta ongietorri ekitaldia egingo dute arratsaldean Ekologistak Martxan-ek Zazpikaleetan duen egoitzan. Bihar egingo dute Bilbo eta Lemoiz elkartuko dituen lehen etapa, eta bi egunez izango dira Bizkaian.
Omenaldia Lemoizen
Berezia izango da biharko ibilbidea. Bizkaiko hiriburutik Lemoizera egingo dute Ekomartxako kideek, Plentzia eta Getxotik igaro ondoren. Eta Euskal Herriko borroka antinuklearrari omenaldia egingo diote han. 40 urte dira han jarri nahi zen zentral nuklearraren aurkako lehen protesta egin zenetik, eta gogora ekarri nahi dute ordukoa. Nuklearrik gabeko euskal kostalde baten alde goiburupean, mobilizazioa egingo dute Uribe Kostako herri horretan, 13:30ean.
Euskal Herriko mugimendu antinuklearrean mugarritzat hartzen da 1976ko abuztuaren 29ko protesta. Izan ere, Franco hil ostean onartu ziren lehen manifestazioetako bat izan zen Gorliz eta Plentzia artean egin zena. Garai hartako datuen arabera, 50.000 pertsona inguru elkartu ziren protestan. Gero eta jende gehiago bildu zuen nuklearraren aurkako borrokak. Horren adibide da Plentziako mobilizazioa egin eta urtebetera Bilbon egin zen manifestazioa: 150.000 lagun elkartu ziren orduan.
Mobilizazio haiekin batera, komite antinuklearrak sortzen hasi ziren auzo eta herrietan. Mugimendu ekologistak hartu zuen indarra izan zen Lemoizko zentral nuklearraren egitasmoa bertan behar uzteko gakoetako bat. 1982an iragarri zuen PSOEren gobernuak Lemoizko zentrala gelditzeko asmoa. Baina 1994ra arte ez zen eten zentralaren jarduna bere osotasunean.
Ekitaldiaren ondoren, Bizkaiko hiriburura bueltatuko da martxa bihar, eta igandean hartuko du Galiziarako bidea. Ezkerraldea eskualdeko herriak zeharkatu, eta Muskizera iritsiko dira etzi. Petrolioaren industriak kostaldean eragiten duen kutsadura salatzeko protesta egingo dute eguerdian Petronorren findegiaren aurrean, Anti-Coke koordinakundearekin. Eta, arratsaldean, Zierbenan izango dira, superportuek ingurumenean eragiten dituzten kalteak ezagutzeko. Astelehenean, bizikleta martxak atzean utziko du Bizkaia. Goizean goiz hartuko dute Muskiztik Kantabriarako bidea, eta beste bi astez pedalei eragiten arituko dira Kantauriko kostaldeko herrietatik.
Ekologistak Martxan-eko kideek ekitaldian parte hartzeko deia egin dute: "Lemoizko zentral nuklearraren eraikuntza bertan behera uztea ahalbidetu zuen borroka oroituko dugu, eta oraindik ere bestelako arrisku nuklearrak daudela gogorarazi; Garoñako zentral nuklearra, kasurako. Kostaldean eragin handia duten industria eta hirigintza jarduerak ere salatuko ditugu".
Gurdiaren atzetik, ezkontzarako bidean
Eider Mugartegi
Idi gurdiaren kirrinka entzungo da, beste urte batez, Lekeitioko kaleetan barrena, Anbrus Mailabiabarrenaren eta Josepa Meabe-Ansorenaren ezkontza iragarriz. Euskal Herrian antzina ezkontzera zihoazen neska-mutilen ibilbide bera erakutsiko du, 40. urtez jarraian, Gora Buru Kultur Elkarteak, etxe-sartzea deritzona.
Ezkontzera zihoazen neska-mutilak notarioaren aurrera joaten ziren euren gurasoekin "kontratua" egitera. Neskaren gurasoek batetik, eta mutilarenak bestetik, bakoitzak bere aldetik zer ematen zuen adierazi eta sinatzen zuten. Gero, ezkontza aurretik, eta baita ezkontza egunean bertan ere, neskaren lagunak haren etxe berrira joaten ziren bakoitzak bere oparia esku artean zuela. Eta, haien aurretik, "arreoa" zeraman gurdia —ohea, maindireak, sukalderako tresneria, arropak, arrosarioak, ur bedeinkatu ontziak, gorua...—.
Gurdi hori gurpilei koipea kenduta eramaten zen, hala soinu berezia atera eta jendearen arreta erakartzeko. Eta, hain zuzen ere, ezkontza segizioak zeraman gurdi kopuruan antzematen zen ezkongaien aberastasuna; familiak zenbat eta aberatsagoak izan, hainbat eta gurdi gehiago eramaten zituzten ezkongaiek. Lekeitiokoa gurdi bakarrekoa da, eta, horrenbestez, erdi mailakoa. Zaharrek diotenez, ordea, inguru horretan ikusi omen dira hiru gurdiko ezkontzak ere.
1931tik aurrera
Aspaldiko ohitura hori gorde eta suspertzeko asmoz hasi ziren egiten Lekeitioko Euskal Ezkontza. Jatorria ez da garbia, baina, Gora Buru Elkarteak jakin duenez, 36ko gerra aurreko jaietako egitarauetan ageri da iragarrita.
Gerora, Lekeitioko Batzokiak hartu zuen bere gain Euskal Ezkontza horren urteroko antolaketa. 1931n atera zuten lehenengoz, irailaren 4an, eta halaxe egin zuten urtero, gerra iritsi zen arte. Gerra eta diktadura urteetan geldialdia egin ostean, oraindik Franco bizi zela, 1964an berreskuratu zuten, Lekeitioko herriak Resurreccion Maria Azkueri egin zion omenaldia zela eta. Urte hartan, Zubieta jauregitik irten zen, baina behin bakarrik egin zen. Ez zen gehiago errepikatu 1977. urtera arte. Urte horretan, Gora Buru Elkarteak heldu zion usadioari. Eta, ordutik, urtero etengabe egin da uda sasoian.
Euskal ezkontza horretan 100-140 lagun inguruk hartzen dute parte: ezkontza segizioaren aurretik, joaldunak, gurdia eta albokariak joaten dira. Gero, trikitilariak, txistulariak eta dantzariak. Bestalde, parte hartzaileek janzten dituzten arropak eta gurdian eta esku artean daramaten tresneria XIX. mendekoa edo aurreragokoa da. Eta, museo eta argazkietatik egindako kopia batzuk baldin badaude ere, gehienak originalak dira, jatorrizkoak.
Arreoa daraman gurdia ere antzinako modura janzten dute bezperan. Orain dela urte gutxi, kalean prestatzen hasi ziren, gainera, eta, beraz, xehetasun guztiekin egiten duten prestaketa berezi hori ere guztiek goza dezakete Eskolapean.
Inazio Kaltzakorta arotza buru zela jantzi izan dute gurdia urte askotan. Txikitatik parte hartu zuen ohitura horretan Kaltzakortak, benetakoa zenean. 12 urtegaz kargatu zuen lehenengoz, bere arreba ezkondu zenean. Baina Kaltzakorta orain dela bi urte hil zitzaien, eta haren lekukoa Neskutz Erkiagak eta Jose Mari Uskolak hartu zuten iaz. Hala ere, hark irakatsitakoa betetzen dute, mimo guztiagaz.
Egitarau berezia
Uztailaren 22an jantziko dute gurdia Eskolapean, eta hurrengo egunean aterako dira ezkontideak etxe berrirako bidea egitera. Aurten, baina, Lekeitioko Euskal Ezkontza jarraian egiten denetik 40 urte betetzen direnez, egitarau berezia prestatu du Gora Buru Kultur Elkarteak, eta Xabier Erkizia soinu artista gonbidatu dute Lekeitiora, barikuan, 19:30ean, Azkue aretoan, Idi gurdiaren Oihartzunaz jarduteko.
Erkiziak ezagutzen du Lekeitioko Euskal Ezkontza. Izan ere, ikuskizuneko idi gurdia Bilbora eraman zuen, Maialen Lujanbio bertsolariagaz elkarlanean, Gurdi irrintzi orbaindua irrati pieza sortzeko. Hiriaren soinu erretratu bat egitea izan zen haien asmoa, eta egur hutsezko gurdi zaharra Bilboko kaleetan paseatu zuen soinu artistak maiatz amaieran.
Aisiak atsedena hauts ez dezan
Natalia Salazar Orbe
Udarekin batera, herrietako festak iritsi dira. Gaueko giroak Bilbo utziko du aste batzuez. Beste herri batzuetara mugituko dira astebururo hiriburuko kaleetan ibiltzen diren gazteak. Aisiak ez du etenik, baina kaleetako zarata eta...