Aitziber Laskibar Lizarribar
Ohi baino elastiko beltz gehiago ikusi dira azken urteetan Bilboko Aste Nagusian. Kolore biziz janzten diren konpartsakideek hainbatetan aldatu dute kolorea beltzagatik. Protesta gisara, zuriz idatzitako mezu argiarekin: As...
Gizartea
Bederatzi eguneko greba iragarri dute Down Sindromearen fundazioan
Natalia Salazar Orbe
Down Sindromearen fundazioko beharginek greba egingo dute urtarrilaren 13tik 19ra bitartean. Lankide bat "bidegabe" kaleratzeko zuzendaritzak hartutako erabakia du ardatz protestak. Hala ere, bestelako arrazoiak ere badaude ELA eta...
Falta zituen lurren jabe
Ainhoa Larrabe Arnaiz
Legeari tiraka ari dira Atxondon Euskal Y-ak herria gurutzatu behar zuela jakin zutenetik. 2003tik ari dira txostenak aztertzen eta horietan aurkitutako okerretatik tiraka. 2016an AHTko lanen arrastorik ez dute Anboto mendiaren azpialdeko herri horretan. Eta, Abadiñoko eta Elorrioko beste hainbat lursailekin batera, derrigorrezko desjabetzeak egin gabe dituen zati bakarretakoa izan da Bizkaian orain arte. Baina aldatu egin da egoera hori azken hilabeteetan. Izan ere, Adif enpresako kideen eta Espainiako Gobernukoen bisita izan dute lur-jabeek. Falta zitzaien urratsa egitera joan dira Atxondoko herritarrengana: desjabetze aktak sinatzera, alegia.
Azken hilabetean jo dute Atxondo, Abadiño eta Elorrioko lur-jabeengana, tren lasterra eraikitzeko ardura duten Adifeko kideek, David Cobos Atxondoko alkateak azaldu duenez. "Desjabetzeagatik metro karratuko zenbat ordainduko duten negoziatzen izan dira abenduan lur-jabeekin. Eta herritar gehienek sinatu egin dute desjabetze akta. Ez dute beste aukerarik izan ia, egin ezean lur-jabeen gain erortzen baita prozesua luzatzearen zama eta kostua". Azpiegitura eraikitzen hasi aurretik egin beharreko lehen pausoa da orain Atxondon egin dutena. "Duela hamar urte esaten zizkiguten gauza berak entzuten ari gara oraindik ere. Baina Elorriotik Bilborako bidea ikusiz gero, agerikoa da azken zazpi urteetan AHTaren lanek berdin jarraitzen dutela. Horregatik diot nik neuk ez dudala sinesten lanak egiten hasiko direnik".
Obra zuzendarien bisita ere jaso dutela azaldu du Cobosek. "Udan etorri ziren, herria ezagutu nahi zutela esanez. Lanak hasi orduko, kamioiak nondik sartu jakin nahi zutela esanez, besteak beste. Eta aitortu zidaten beraiek ere ez zekitela lanak noiz hasiko zituzten. Lanak geldirik daudela eta Madrilen egoera kaxkarra zegoela esan zidaten. Horregatik diot ez duela azpiegitura serio baten itxurarik, eta ez dut uste honek aurrera egingo duenik ere". Prozesuak aurrera egiten badu eta azpiegitura eraikitzen hasteko urratsak egiten badituzte "aurrean" izango direla azaldu du Cobosek. "Oraindik gauza asko dago eztabaidatzeko, eta guk lanean jarraituko dugu, eraiki ez dadin. Horregatik diot ziur gaudela azpiegitura ez dela egingo".
Atzeratutako lanak
Bederatzi herri zeharkatzen ditu tren lasterrak Bizkaian: Elorrio, Atxondo, Abadiño, Durango, Zornotza, Lemoa, Galdakao, Basauri eta Bilbo. Eta, guztira, hamabi zati ditu AHTak lurraldean; gaur egun, horien arteko hiru baino ez daude bukatuta: Zornotzatik Lemoara doan tartea, Abadiñotik Durangora doana eta Galdakao eta Basauri artekoa. Lau zatitan lanean ari dira: Elorriotik Atxondorako tartean, Zornotza gurutzatzen duenean, Zornotzatik Durangora doan zatian, eta Lemoa eta Galdako artekoan. Atxondotik Abadiñora doan trenbidearen zatia hasi gabe dago oraindik, eta egoera berean dago Basauri eta Bilbo artekoa ere.
Bergarako lotuneko lanak ere geldi daude. Zati kritikoa da Bergara, Arrasate (Gipuzkoa) eta Elorrio arteko lotura: han batuko dira Donostiatik, Bilbotik eta Gasteiztik etorritako tren lasterrak. Bizkaiak hiru zati ditu hor: Bergaratik Elorriora doana, Arrasate eta Elorrio lotzen dituena eta Elorrion bertan eraiki beharrekoa. Azpiegiturak duen tarterik korapilatsuena da Bergarako lotunea, eta, Arrasatetik Elorriora doan tartea kenduta —lanean ari dira hor—, geldi dago azpiegitura.
Moteltasun horri abiadura eman nahian dabiltza Jaurlaritzan azken hilabeteetan, AHTaren kudeaketa Jaurlaritzaren esku uztea eskatu baitute jeltzaleek hainbat aldiz. Pedro Azpiazu Ogasun sailburuaren arabera, Gipuzkoan azpiegitura eraikitzeko erabiltzen den sistema bera erabiltzea nahi dute Bizkaian eta Araban ere. Gipuzkoan, Jaurlaritzak ordaintzen ditu AHTaren lanak, eta, ondoren, estatuari ordaintzen dion kupoari kendu egiten dio gastu hori. Trenaren eraikuntza lanak azkartzeko, hiru lurraldeetan sistema bera erabiltzea eta hiriburuetako lurperatzeak ere Jaurlaritzaren esku uztea nahi dute. Andoni Ortuzar EAJren presidenteak ere gaia ahotara ekarri du azken hilabeteetan. Hilabete honetan bertan egindako adierazpenetan azaldu du, PPk jeltzaleekin "harreman sendoa" izateko, ezinbestekoa dela AHTaren gaia "argi eta garbi" geratzea.
Espainiako Gobernuak 2017rako adostu behar dituen aurrekontuen negoziazioaren erdigunean daude, besteak beste, tren lasterraren lanak. Azken hilabeteetan azpiegituraren eraikuntza azkartzea eskatu dute jeltzaleek, behin eta berriz, Madrilen; kupoaren zorra adostearekin eta estatutua betetzearekin batera. Atzo bertan, azpiegituraren nondik norakoez aritzeko bilera egin zuten Arantxa Tapia Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako sailburuak eta Iñigo de la Serna Espainiako Sustapen ministroak.
Ildo beretik, adierazpenak egin zituen Juan Mari Aburto Bilboko alkateak joan den astean. AHTak hiriburuan izango duen sarrera lurperatzeko proiektuari buruz aritu zen Aburto. Eta, EAJren eta Espainiako Gobernuaren artean, 2017rako zehazten ari den aurrekontuen negoziazioetako gaietako bat izango da Bilboko geltokia. "EAJk Kongresuan dituen bost botoak euskaldunen eta bilbotarren interesak defenditzeko erabiliko ditu". Hortaz, badirudi tren lasterretik igaroko dela EAJk Kongresuan dituen botoen nolakotasuna. Orain arte hiriburuko geltokia lurpean eraikitzearen aurka azaldu da Espainiako Gobernua, baina adierazpenak lausotu ditu azkenaldian. Eta badirudi Jaurlaritzaren eta Bizkaiko hiriburuko udal gobernuaren proposamena onartuko dutela.
Horren isla izan liteke Bilboko Udaleko aurrekontuen auzia. Hilaren 29an onartuko ditu Bilboko Udalak datorren urterako aurrekontuak. Baina azaroan aurreratu zuen udal gobernuak akordioa egina dutela jeltzaleek eta popularrek hiriburuan AHTarentzako geltokia eraikitzeko. 2017. urteko aurrekontuetan 100.000 euro jarriko dituzte AHTa Bilbora iristeko egin beharreko lanetarako.
Bizkaiko hiriburuko udal gobernuaren arabera, AHTa lurperatzearen ondorioz Abandoko tren geltokian erabilerarik gabe geratuko diren 80.000 metro karratuetan egin daitekeen hirigintza proiektuak aztertzeko "ikerketa parte hartzailea" ere egingo dute. Behin hori eginda zehaztuko dute "erakunde bakoitzak geltokia lurperatzeko egin beharko duen ekarpen ekonomikoa". Jaurlaritzak egindako kalkuluen arabera, 314 milioi euroko kostua izango dute AHTa Bilboko hirigunera iristeko lanek.
Kalkuluetatik urrun
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan orain arte egindako azpiegituren artean, garestiena da AHTa. 6.000 milioi eurotik gorako gastua izango du eraikuntzak; hau da, 26 milioi euro kilometro bakoitzeko. Lanak hasi zituztenean, 4.200 milioi euroko kostua aurreikusi zuen Espainiako Gobernuko Azpiegitura idazkariak; eta 3.500 milioi eurotik gora xahutu dira dagoeneko. 2.500 milioi gehiago bideratuko dira lanetara, berez, 2019ra bitarte. Data hori da, joan den legegintzaldian Espainiako Gobernuko Sustapen ministroa izan zen Ana Pastorren arabera, lanak bukatzeko epea.
Baina aurrekontuen kalkulua ez da izan aldatu duten bakarra. AHTak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburuak lotzeko aurreikusten zuten denbora ere ez da hasiera batean zehaztutako bera. Espainiako Gobernuaren arabera, 43 minutu behar izango ditu tren lasterrak, adibidez, Bilbo eta Gasteiz arteko bidaia egiteko—28 minutuko bidaia izango zela zioen proiektuak—. Eta 55 minutuan egingo du Bizkaiko hiriburutik Donostiarako tartea —34 minutuko bidaia izan behar zuen hasieran—.
2006an hasi zituzten Euskal Y-a eraikitzeko lanak, Arratzua-Ubarrundian (Araba). Hamar urte igaro dira, hortaz, lehen hondeamakina AHTa eraikitzeko lanetan hasi zenetik. Eta oraindik ere zehaztu gabeko hainbat ertz ditu egitasmoak. Europa eta Espainiako tren lasterren sarearekin izango dituen loturak ere ez daude argi. Euskal Y-a Europarekin lotzeko Bordele eta Hendaia arteko zatiari dagokionez, 2032ra arte ez du ezer erabakiko Frantziako Gobernuak. Ikusteko dago datorren urteko hauteskundeen ondoren Frantziak jarrera hori mantenduko duen ala ez. Gasteiz eta Burgos arteko lanak ere geldi daude. Lanak arintzeko eskatzeko eta Espainiako Gobernua estutzeko bilera egin dute hilabete honetan Bilbo, Donostia eta Gasteizko alkateek, Burgoskoarekin batera.
Beste hiru frankistaren izenak kenduko dituzte Bilboko kale izendegitik
Alaitz Armendariz
Memoria historikoaren legea betez, Bilboko Udalak hiriko zenbait kaleren izenak aldatzeko prozesua hasi zuen urte hasieran. Prozesu horren ondorioz, otsailean bi kaleren izenak aldatu zituzten: Espainiako Printzea zubia zena Salbeko zubia bihurtu zen, eta Begoña auzoko Remigio Vilariño kalea izena Julita Berrojalbiz izenarekin ordezkatu zuten. Orain, bigarren fasean, beste hiru kaleren izenak aldatuko dituzte. Olabeagako Alfonso Txurruka kaia Zirgarien kaia izango da; San Ignazioko Eusebio Garcia Alonso kalea, Benita Asas kalea, eta Zorrotzako Hermogenes Rojo kaleari izena kendu eta Clara Campoamor izango da otsailetik aurrera. Aurtengo otsailean abiatutako prozesuan herritarrek proposatu zituzten emakume izenak ezarriko dituzte horrela.
Nahiz eta kaleak izenez aldatzeko erabakia aste honetan hartu den, 2017ko otsailaren 1era arte ez da aldaketarik gauzatuko. Ordura arte, aldaketak eragindako pertsonei informazioa emango die udalak; besteak beste, auzoko merkatariei eta eraikinen jabeei. Gainera, epe horretan udalari aldaketei buruzko galderak eta zalantzak helarazteko aukera izango dute auzokoek.
Orotara, beraz, Bilboko bost kaleren izenak aldatu dituzte Memoria Historikoaren Legea betetzeko, eta beste bi kaleri izena jarri zaie auzokoen erabakia aintzat hartuta. Kale izenen aldaketa EHUk egindako txosten bateko aholkuei jarraiki egin dute.
600 proposamenetik gora
Udalak abiarazitako partaidetza prozesuan kale eta plazen izenak aldatzeko 600 proposamen baino gehiago aurkeztu dituzte hiritarrek. Bilboko kale izendegian emakume ospetsuen izenak sartuko dituzte aipatutako hiru aldaketekin. Alfonso Txurruka enpresari frankistaren izena kendu eta aspaldi gabarrak narras eramaten zituzten emakumeak gogoratuko dituzte, Zirgarien kaia izena ezarrita. Benita Asas Manterola pentsamendu eta militantzia feministaren ikur garrantzitsuenetarikoa izan zen XX. mendean. Clara Campoamor, berriz, emakumeen sufragioaren bultzatzaile nagusietako bat izan zen.
Azpiegituren oinarriak
Aitziber Laskibar Lizarribar
Bizimoduen erakusgarri dira azpiegiturak; gizarte ereduen adierazgarri. Eta 2016a aurrera begira izan nahi duenaren oinarriak jartzeko urtea izan da Bizkaian. Gero eta presa handiagoz bizi den gizartean, aldundiak lurraldea...
Eraso sexistak ez dira eten, baina erantzun irmoagoa eta aktiboa nagusitu da
Natalia Salazar Orbe
Emakumeen kontrako indarkeria erasoek ez dute etenik izan urte osoan. Zenbaki hotzez gain, salaketa eta erasoen kontaketa gordinak entzun dira. Uda aldean, jai giroa baliatu dute erasotzaile askok abusuak egiteko. Eremu horretatik kanpo ere mordoa izan dira, ordea. Baina, aurten, herritarren gaitzespen irmoa eta aktiboa aurkitu dute aurrez aurre. Gizartearen zati handi bat kalera atera da, nahikoa dela aldarrikatzeko. Kontzentrazio eta protesta jendetsuak ikusi dira Bilbon zein beste herri batzuetan.
Uztailean, Iruñeko sanferminetan bost gizonezkok egindako bortxaketa bortitzaren aurkako gaitzespenek mugarri bat ezarri zuten. Hainbat udalerrik txalotu egin zuten herritarrek han hartutako jarrera. Bilboko Udalak, kasurako. Eta bide beretik lanean jarduteari ekin zioten.
Bikotekide batek emakume bat hil zuen Bilbon, uztailean. Eta eraso ugari izan dira. Hiriburuan, Sopelan, Getxon, Portugaleten, Durangon, Basaurin, Gernika-Lumon... Zaila da zerrenda osoa osatzea. Asko izateaz gain, oraindik badira salatzen ez diren erasoak ere. Edo erasotzat jotzen ez diren jokabideak ere.
Hala ekarri du gogora, besteak beste, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak. Emakume batek udan salatu zuen gizon bat atzetik izan zuela segika hainbat kaletan, Durangon. Hitzez jazarri ostean, dirua eskaini zion. Andreak ihes egin zuen. Bada, legeak eraso hori ez du ulertzen genero indarkeria gisa.
Erasoaren izaerari dagokionez, antzeko bidetik mintzatu da mugimendu feminista. Maider Gonzalez Bilgune Feministako kideak eman zituen azalpenak: "Erasoa zer den eta zergatik gertatzen den azaldu behar da. Eta testuinguruan kokatzeak garrantzi handia du". Nahitaezkotzat jo zuen onartzea arazo estrukturala dagoela jokaera horien guztien atzean. Naturalizatuta dauden erasoak ikusarazi behar direla uste du. Hori aldez aurretik landuta, erantzunak ere noranzko horretan bideratzea da helburua.
Lan hori egiteke badago ere, aurrerapausoak antzeman dira aurten. Orain artekoek ez bezalako irudi jendetsuak ekarri dituzte gaitzespen protestek. Eta emakumeak eurak ahalduntzeko eta erasoei aurre egiteko mezuak eta jarrerak zabaldu dira. Nazkatute gauz! Erasoen aurrean erantzun. Lema horren atzean bat egin zuten dozenaka herritarrek, Durangon, azaroan, denbora laburrean egindako bederatzigarren erasoaren aurka protesta egiteko. Deustuan ere mezu bera aukeratu zuten, emakume etxegabe bati urrian bi gizonek egin zioten sexu erasoa gaitzesteko.
Emakumeen botereari buruz mintzatu dira eragileak. Ahalduntzea eta botere hori lehenetsi dituzte, sarri asko administrazioek eta komunikabideek sexu erasoak lantzeko edo tratatzeko izaten dituzten ereduak direla eta. Kasu askotan emakumeak biktimizatu egiten direla salatu dute. Mezu argia zabaldu dute: "Emakume bati erasotzen badiote, denoi erasotzen digute, eta elkar zainduko dugu".
Gauza batean bat datoz administrazioa eta eragileak: erasoa egin denerako, aurretik, gizarteak sortu ditu eraso horiek gauzatzeko baldintzak. Hori dela eta, sinetsita daude errora joan behar dela: prebentziora.
“Etxe kaleratze isilek” etenik gabe jarraitu dute aurten ere
Natalia Salazar Orbe
Iaz adinako oihartzunik izan ez badute ere, aurten ere izan dira hainbat etxe kaleratze: hainbat familia atera dituzte etxetik alokairua edo hipoteka ordaintzerik izan ez dutelako. "Kaleratze isil" gisa deskribatu ditu Kaleratzerik...
Eskubideak luxu izateari utz diezaion
Natalia Salazar Orbe
Herritar orok du etxebizitza duin eta egoki bat izateko eskubidea. Legeak hala dio. Eta logikak ere hala agintzen du. Hala ere, utopia izan beharko ez lukeenak bide hori hartu zuen aspaldi. Hirurehun lagunetik gora bizi dira etxeri...
Herritarren iratzargailu
Izaro Mendieta
Gernikako iratzargailua dira. Oheko berotasunetik, gortina artetik, leihoaren beste aldetik, balkoiko barrote atzetik, kale ilunen artetik... entzun eta gozatzen direnak. Marijesiak dira: Gernikako Marijesiak.
Bakarlariaren eta taldearen arteko elkarrizketa bat bezala ezagutu izan ohi dira Gernikako Marijesiak. Sorreraren datarik ezagutzerik ez bada ere, mende batez, gutxienez, herria doinuz alaitzera atera izan dira.
Bizkaian, hainbat herritan dira ezagunak Marijesiak, baina bereziak dira Gernikakoak: Gabon aurreko bederatziurrena egiten dute, goizaldean abesten dute, eta, gainera, ibiltzen doazen heinean kantatzen dute.
Tradizioari jarraiki ateratzen dira hainbat lagun urtero-urtero Gernika-Lumoko bazterrei bizia ematen. 04:00etan hasten dute beraien ibilbidea, Andra Mari elizako ate zaharraren aurrean belaunikatuta. Bertan kantatzen dute lehenengo bertsoa, eta pauso bizian abiatzen dira goizaldeko erronda egitera. Herriguneko ibilbidea egiten dute egunero, baina, txandaka, herriko beste gune eta auzoetaraino iristen dira Marijesiak.
Loari orduak kenduta
Ibilbide gehiena kantuan eta gelditu barik egiten badute ere, zenbait tokitan geldialditxoa egiten dute; hala nola, herriko eliza eta kaperetan, eta bakarlari izandakoen etxeetan. Ordu eta 45 bat minutuz izaten du herriak doinu berezia; kolore ezberdina. Erronda bukatutakoan etxera joaten dira gehienak; ohera batzuk, eta lanera edo ikastera joateko prestatzera beste asko. Jarraian lanera doanik ere izaten da.
Hala jarduten dute askok eta askok bederatzi gauez: fededunak direnek zein ez direnek; umeek zein helduek; emakume zein gizonek; ikasle zein langileek... Bederatzigarren egunean, gainera, mezan ere abesten dute goizean, eta hortik ateratakoan, diru bilketa egiten dute herrian abestuz.
Etxeko Marijesiak
Baina Marijesiak kalean abesten dabiltzan horiek baino gehiago dira: etxeko entzuleak ere Marijesiak dira. Ohetik jaiki ez arren, aditzen, gozatzen edota abesten duten horiek ere badira. Argi keinuen bitartez kaleko horien koplak entzuten dabiltzala egiaztatzen duten horiek ere Marijesiak dira. Baita gortinak edota pertsianak zabaltzen dituztenak ere. Eta leiho atzetik begira izaten diren horiek ere bai.
Hala uste du, behintzat, Denis Azkarate Gernika-Lumoko bizilagunak; bere esanetan "ez baitu zentzurik inor entzuten egon gabe Marijesiek abesteak". Marijesien kantuak etxetik entzuteak zer suposatzen duen ez daki Azkaratek; izan ere, 1970. urteaz geroztik, kalean dabiltzan Marijesiekin ateratzen da goizaldeko ordu txikietan, bere ahotsa eta kantua herriari eskaintzeko.
Taldean abesten hasi bazen ere, ia 40 urte daramatza Azkaratek bakarlari lanetan. Urte horietan guztietan, teknika lantzeko eta garatzeko aukera izan du —Andra Mari koraleko eta Urdaibai Kantaguneko presidentea ere bada—, eta alde horretatik, behintzat, hobetu egin duela deritzo. Oraindik, gainera, ez dela "zahar" sentitzen aitortu du, eta ahotsa ere modu onean duela dio; hori dela eta, ez du oraindik Marijesietako erretiroa hartuko duen egunean pentsatu. Urrun sentitzen du egun hori.
Azkarate, baina, ez da egungo bakarlari bakarra; Jose Antonio Uriarte Itxaso, Fernando Astoreka eta Iñaki Gonzalez ere aritzen baitira taldearen aurrean kantuan. Bederatzi egunetan txandaka jarduten da laukotea; egun bakoitzean bakarra. Atzera begiratuz, dena den, beste hainbat bakarlariren izenak ere badakarzkigu gogora Azkaratek: Iñaki Olano, Juan Tomas Ortuzar, Udaondo, Joan Aldamizetxebarria, Jon Arana, Gerardo Candina, Oar, Uriguen, Meaza...
Azkaratek dioenez, bakarlariaren lana "gogor samarra" da, "erraza iruditu arren". Izan ere, abesten jakin behar du bakarlari batek, eta belarri ona ere izan behar du. "Gogo handia ere eduki behar du, eta baita modua ere", nabarmendu du.
Bilakaera positiboa
Urteen poderioz Marijesiek izan duten bilakaeraz era positiboan jarduten da gernikarra; "edozer eta edozelan" kantatzen ezagutu baititu berak Marijesiak. Gaur egun, Marijesietara doana abestera joaten dela ziurtatu du, "eta ez hitz egitera". Bederatzi egun horietan biltzen den jende kopurua, bestalde, azken urteetan mantendu egin dela azaldu du Azkaratek: "Bederatziurrena egiteko 65-70 bat lagun elkartzen gara, eta zapatuetan 100 lagunetik gora". Gerra aurretik eta gerra ostean, lau-bost lagunek osatzen zuten Marijesien taldea. Eta orduko helburua ere ez zen gaur egungoa.
Orduko hartan gosea zen nagusi, eta dirua biltzeko aukera paregabetzat zuten Marijesiak abesten irtetea; azken egunean dirua bildu eta kantatzen aritzen zirenen artean banatzen baitzituzten irabaziak. 1970. urteaz geroztik, baina, kanpora bideratzen dute azken egunean bildutako dirua: eman ohi izan dute presoentzat, Gurutze Gorriarentzat, Calzada egoitzarentzat, Caritas erakundearentzat, Etorkintza fundazioarentzat, atzerriko herrialdeentzat... Aurten nora bidaliko duten ez dute erabaki oraindik. Hain zuzen, gaur batuko dira, eta proposamenak jaso ostean, erabakiko dute diru hori zeini eman.
Dirua bildu aurretik, baina, bederatzi goizaldetan abestu beharko dute Gernikako Marijesiek. Abenduaren 16ko goizaldean dute lehenengo hitzordua. Urduri lo egingo du herriak egun horretan, Marijesiak entzungo ez dituztenaren beldurrez. Gernikarrak esnatzen etorriko dira orduan hotza soinean eramango duten Marijesiak, eta argiak piztuz eta itzaliz erantzungo diete segidan bero-bero etxeko Marijesiek.
Batasunaren izenean
Ainhoa Larrabe Arnaiz
Bake giroa gerran. Izan daiteke irudikapen bat ala ekaitzaren aurreko barealdia. 1936ko abenduan uharte bat zen Bizkaia; elkar uztartu ezin ziren bi errealitateren agertokia. Lurraldearen periferian, balen hotsak; bien bitartean, letren burrunba Bilbon. Armak mintzamolde nagusi zirenean, jakintzaren lengoaia nagusitu zen hiriburuan 36ko hartan. Abenduaren lehen egunean egin zen Universidad Vasca-Eusko Irakastola Nagusia irekitzeko ekitaldia, Basurtuko Ospitale Zibilean. Unibertsitatea sortzeko lehen hazia zen hura, eta Medikuntza fakultatea izan zen irekitzen lehena. Ehundik gora ikasle izan ziren 1937ko urtarrilean abiatutako ikasturtean. Sei hilabeteko amets laburra, ordea; gerra frontea hiriburura iristearekin batera bukatu baitzen unibertsitatearen esperantza. Armak garaile. "Espainia berria nagusitu da". Zetorrenaren iragarpena egin zuen Jose Maria Areilza Bilboko alkate faxistak 1937ko uztailaren 8ko hitzaldian. "Gera dadila argi: Bilbo armaz konkistatu da [...]. Hemen, ez hitzarmenik eta ez hil ondorengo esker onik, baizik eta gerra lege gogor, biribil eta gupidagabea. Batzuek irabazi egin dute, eta besteek galdu, bai horixe [...]. Espainia bakarra, handia eta librea gailendu da [...] garaiturik erori da betirako Euzkadi zeritzan amesgaizto hori, Bizkaia Espainiaren zati bat da berriro".
Estatutuko eskumena
Hamabost urte lehenago, 1922ko argazki zahar bat: Eusko Ikaskuntzaren III. Biltzarrean, gazte talde bat ageri da Alfonso XIII.a Espainiako erregearen aurrean kartelak eskuan dituztela. "Unibertsitatea nahi dugu", diote esku artean dituzten paperek. Gazte abertzale horien arteko bat zen Jesus Maria Leizaola. Eta, hain zuzen, hark izan zuen 36ko hartan unibertsitate egitasmoa eratzeko ardura, Angel Apraiz Eusko Ikaskuntzako presidente eta idazkariarekin batera. Hezkuntza antolatzeko eskumena jasotzen zuen 1936ko urrian onartutako estatutuak, eta, gerra egoeran egonda ere, unibertsitatea eratzeko lehen urratsak egin zituzten. Ordura arte, Valladolid eta Zaragozarako unibertsitateetara jo behar zuten euskal herritarrek goi mailako ikasketak egiteko. Eta herritarren artean gero eta indar handiagoa zuen Euskal Unibertsitate ofizialaren aldeko aldarrikapenak.
Lehen "hazia" zen, hortaz, Eusko Irakastola Nagusia. Gerra frontea gertu zegoen, eta unibertsitatea sortzeko dekretuak berak zioen ezinezkoa zela "obra erabat perfektua" egitea. 1937ko urtarrilaren 3an hasi ziren eskolak. Ehundik gora ikaslek eman zuten izena, eta, haien artean, %7 ziren emakume. Fakultatean txertatu zen Basurtuko Ospitaleko Erizaintza eskola ere —ordura arte Valladoliden menpe zegoena—, beste 276 ikaslerekin. Euskararen derrigortasunari buruzko eztabaida ere izan zen, eta Osakintza Euskara hautazko ikasgaia baino ez zen ezarri. Jose Zinkunegi izan zen irakaslea.
Hazia jarri bai, baina kimatzeko denborarik ez. Bilboko zubiak eraistearekin batera itxi zuten unibertsitatea. Hiriburua hartu zuten frankistek; eta pentsamoldearen inbasioari ekin zioten berehala. Basurtuko ospitaleko unibertsitateari ateak ixtearekin batera, iluntasunera eraman zuten euskara eta euskal kulturaren zantzua zuen edozer. Estatu berria eraikitzera iritsi ziren faxistak, eta argi utzi zuten hori lehen momentutik.
Unibertsitatea ireki eta hamar hilabetera, hala azaldu zuen Javier Lauzurika gotzainak, Bilboko institutuak irekitzeko ekitaldian, 1937ko urrian: "Espainiako elizan eta aberrian, maitatasun guztiak bildu behar dira. Espainia diodanean, Eliza esaten dut [...]. Espainia maitatzea da handiena maitatzea, gorenena. Eta, gaitzestea, aldiz, sakratuena gaitzestea da […]. Ikasleok: maitatu ezazue Espainia eta Jainkoa maitatuko duzue. Espainiak zoriontasuna emango dizue lurrean, eta Jainkoak, zeruaren erreinuan, gloria". Horra ordutik aurrera frankismoan hazi eta heziko ziren belaunaldien heziketaren oinarria.
Eskolak, "nazionalak"
Arma eraginkorra da hezkuntza; are gehiago, gizarte berri bat eraiki eta kultura bat deseraiki nahi denean. Batasuna oinarrizko zutabea zen erregimen frankistarentzat; zentzu guztietan: lurralde batasuna, hizkuntza batasuna, kultura batasuna... Batasun horretan, oztopoa ziren euskara eta euskalduntasunarekin zerikusia izan zezakeen edozein zantzu; kulturatik hasi, eta ikurretara. Eta oztopoa desagerrarazteko bide bat izan zen hezkuntza sistema; akulturazio prozesurako zutabea. Ordura arte udal eskolak edo probintzia eskolak izandakoak "nazional" bihurtu ziren, ideologia berri baten haztegi.
Pedro Sainz Rodriguez Hezkuntza ministroak Bilbon egindako hitzartzean mandatua jarri zion euskal gizarteari: "Guk mundu berri bat aurkitu behar dugu, eta guk izango ditugu gure inperioaren uztarripean jaioko diren nazioak, eta herri horiei eman behar diegu, gure erlijio eta kulturarekin batera, gure hizkuntza. Gaztelania da gure inperioaren arma".
Listo, makineria martxan zen. Eta, aurrerantzean, aginte publikoak aginduko zuen euskaraz noiz egin eta nola erabili ahalko zen. Erabakia hartua zuen: bizitza publikotik atera behar zen hizkuntza; eskolatik, kaletik eta elizatik. Euskararen auzia ere politikoa zen, eta ez linguistikoa.
Batasuna gorde behar bazen, katakonbetara eraman behar zen euskara, "separatismoa" eragiten zuelako. Eta batasuna "sakratua" zen. Frankok esana: "Eskualde bakoitzaren izaera errespetatuko da. Baina kalterik eragin gabe batasun nazionalari, zeina erabatekoa nahi dugun, hizkuntza bakarrarekin: gaztelaniarekin; eta nortasun bakarrarekin: espainolarekin". Ez euskara, eta ez euskaldun. Hilerrietara ere iritsi zen debekua. 1937ko martxoan, beren menpeko herriei hilerrietan ziren ikur nazionalista eta marxistak kentzeko agindua bidali zieten Bizkaiko eta Gipuzkoako ordezkariek.
Kanpaina ideologikoa abiatu zuen Falangeak 1937an: "Espainola bazara, hitz egin ezazu espainolez". Norabide berean, dekretuak kaleratzen hasi zen gobernua ere. 1938ko maiatzean, Antolakuntza eta Ekintza Sindikaleko Ministerioak debekatu egin zuen gaztelania ez zen hizkuntza erabiltzea "tituluetan, elkarte izenetan, araudietan eta aipatutako ministerioaren menpeko erakundeen batzar eta bilera deialdietan". Urte berean, erlijio ekintzetan euskararen erabilera debekatu zuen Bilboko elizbarrutiaren agintari zen Gasteizko apezpikuak.
Debekuekin batera iritsi ziren zigorrak ere. Algortako Mariano Torres bikarioa altxamendu militarra baino lehen predikuak euskaraz egiteagatik atxilotu zuten. Sondikan, Ines Jauregi eta Pilar Urrutia gazteei isuna eta 34 eguneko espetxea ezarri zieten trenean euskaraz ari zirelako. 1937ko azaroan, Crescencia Merino atxilotu zuten Bilbon, jantzietan ikurrinaren koloreak konbinatzeagatik. Eta, Areatzan, Jose Ignacio Gorostiza atxilotu zuen Guardia Zibilak 1965ean, gerrikoan ikurrinaren koloreak eramateagatik.
Zentsura nagusi
Agintarien artean euskaraz hitz egiteko debekua zabaldu ahala zabaldu ziren salaketa publikoak ere. Aski ezaguna da eskoletako "eraztunaren jokoa" ere; nola jartzen zioten euskaraz egiten zuenari, haurrak beren artean salatzera behartuz, eta nola zigortzen zuten egunaren amaieran eraztuna zeramana.
Zentsurari ateak ireki zizkion Irakaskuntza eta Kultura Ministerioak, bere menpeko batzorde garbitzaileak martxan jarriz. Honako ideia hauek jasotzen zituzten argitalpenak erre eta bahitzeko agindu zuen batzordeak: "Ordenaren aurkako ideiak, moralaren aurkako kontzeptuak, marxismoaren propaganda dutenak, gure armada aintzagarriari errespeturik ez diotenak, Espainiako batasunari erasotzen diotenak, erlijio katolikoa arbuiatzen dutenak eta gure gurutzada nazionalaren oinarrien eta helburuen aurka egiten dutenak". Irakasleak, idazleak, kazetariak, musikariak... "arriskutsuak" ziren erregimen berrirako, eta horien lanak ere aztertu zituen garbiketa batzordeak. Resureccion Maria Azkue euskaltzainburu lekeitiarra, adibidez, nazionalistatzat hartu zuen batzordeak, karlista ezaguna zen arren.
Euskararen aurkako neurrien zerrendak ez zuen bukaerarik. Jon zirenek Juan izan behar zuten, eta Mikel zirenek, Miguel. Justizia Ministerioak esana: "Separatismoak eta marxismoak erregistro zibilean egindako anomalien aurrean, gaztelania ez den hizkuntza ala dialekto batean eginiko izen erregistroak baliogabetzea eta legez kanporatzea".
Egunkariak jomuga
Iritzi publikoa astintzen zuten hedabideek. Eta estatuaren esku geratu zen horien kontrola ere. 1938an, Prentsa Legearen bidez, errepublikanoen aldeko hedabideak zigortu zituen. 36ko gerra aurretik zortzi egunkari zeuden Bizkaian: Euzkadi, El Liberal, El Noticiero Bilbaíno, El Pueblo Vasco, La Gaceta del Norte, Tierra Vasca, La tarde, El Nervión eta Excelsior. Gaceta del Norte errespetatu zuen Frankismoak, eta El Correo Español izena jarri zion El Pueblo Vasco egunkariari. Gainontzekoak desegin egin zituen erregimenak. Eta bere araberako hedabidea eraiki zuen: Hierro, egunkari falangista. Uztailaren 5ean argitaratu zuen egunkari frankistak lehen zenbakia, Bilbo mendean hartu eta hiru astera. Euzkadi egunkariaren egoitza eta makinak erabili zituzten hasieran, eta El Liberal-ekoak gero.
Hedabideak ere estatuaren esku geratu ziren frankismoan, hortaz. Errepublika garaikoak itxi, eta erregimenaren eraikuntza ideologia eraikitzeko oinarrizko tresna izan ziren. Norabide horretan kokatzen dira No-do famatuak ere —Albistegia eta dokumentalak—. Espainiako eta nazioarteko egoerari buruzko erreportaje laburrak ziren No-doak. Baina oinarrian beti zegoen erregimenaren propaganda ideologikoa egitea. Euskaldunak espainiar "zintzo" gisa aurkezten zituzten erreportajeetan.
Erregimen frankistak hasieratik jarri zuen martxan euskara eta, oro har, euskal kultura desagertzeko makineria. Orduko esanek eta gertakarien oihartzun mutuek gorreria eragiten dute oraindik.
Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:
berria.eus/oroiteria