Peru Azpillaga
Aspaldi itzali zen sua meatzaldean. Mutu daude egun mailuak. Keak eta errautsak eskualde berdea estaltzeari utzi diote. Iragan industrial eta meatzariak atzean utzi ditu dozenaka eraikin eta industria pabiloi. Gaur egun, hutsik daude horietako asko. Eskualdea bera bezala, itzaliz joan dira denboraren poderioz. Atzerriko zein bertako enpresari handiek, negozioa itxi, eta, maletak hartuta, aspaldi alde egin zuten. AEBetako Babcock & Wilcox galdara enpresak, adibidez, 60.000 metro karratuko industria pabiloi bat atzean utzita egin zuen alde. Urteak herdoiltzen eman ostean, ordea, arrano buruzuria eskualdera itzuli dela dirudi: kapital amerikarra eraikin zaharra zelatatzen hasia da.
Amazon banaketa enpresa multinazionala Bizkaian lurreratzeko prestatzen ari da. Mugarik gabeko hazkunde prozesuan murgilduta dago Jeff Bezos estatubatuarraren proiektua. 1997. urtetik, burtsara irten zenetik, %51.155 handitu du bere balioa, eta, horren ondorioz, Bezos munduko pertsonarik aberatsena bilakatu da, Forbes-en arabera.
Banaketa enpresak etengabe optimizatzen du bere jarduna, eta, horretarako, sare logistiko erraldoi bat osatzen ari da mundu osoan zehar. Sare hori egoki ehuntzeko, biltegi berria atondu nahi du Amazonek Trapagarango Babcock & Wilcox enpresaren eraikina zenean. Horretarako, ordea, lursailaren kalifikazioa aldatu beharra dago, erabilera industriala izateari utzi eta biltegi logistiko bihur dadin. Trapagaraneko Udalak eta Bizkaiko Diputazioak onetsi beharreko birkalifikazioa da hori, eta badirudi erraldoi amerikarrak espero baino korapilatsuagoa izango dela. Orain dela gutxi, Lezaman biltegi txiki bat irekitzea erabaki dute —2.000 metro koadrokoa—. Zenbait hedabidek adierazitakoaren arabera, Trapagarangoa ireki bitartean atondutako adabaki bat da hori.
Luzatzen ari da prozesua
Lursailari kalifikazioa aldatu ahal izateko, EAJk eta PSE-EEk Trapagarango eskualdeko Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorra aldatzea adostu zuten. EH Bildu, ordea, aurka agertu da, eta salatu du Amazon enpresaren “interesei” erantzuteko egin dela aldaketa hori. EH Bilduren ustez, Amazon enpresak ez ditu aurreikusitako onurak ekarriko, eta, hori defendatzeko, bost oinarri dituen txosten bat aurkeztu dute. Erabakia, gainera, herritarren esku gera dadila eskatu dute. “Komertzio lokala baztertu, eta enpresa handien aldeko apustua egin da: lana sortuko duela argudiatu dute, baina ez dituzte kontuan hartzen egun komertzio lokalean aritzen diren pertsonak”. EH Bilduren ustez, lursail komertzialak handitu arren, zona horretan ez da handituko kontsumitzaile kopurua, ezta biztanleen errenta ere. Hala, azaldu dutenez, pertsona batek Amazonen erosten duenean, aberastasuna bere auzotik atera eta Bezosen poltsikoetan sartzen du.
Lehenengo hiru argudioen bidez, Amazon enpresaren jarduteko modua zalantzan jarri du EH Bilduk. Amazon puntako teknologiaren eta automatizazioaren aldeko apustua egiten duen enpresa bat da. Bere banaketa zentroetan milaka robot aritzen dira. Adibidez, etorkizunera begira biltegiak zepelin bihurtzeko eta banatzaileak droneen bidez ordezkatzeko proiektua du esku artean. Hori dela eta, Market Watch finantza atariak egindako ikerketa baten arabera, Amazonek sortzen duen lanpostu bakoitzarengatik, bi edo hiru galtzen dira beste komertzioren batean. Hots, “automatizazioak lanpostu gehiago galarazten ditu sortzen dituenak baino, eta azken horiek, gainera, gero eta prekarioagoak dira”. Hain zuzen ere, langileen baldintzak dira aurkeztutako beste argudioetako bat.
Amazonek antzeko zentro bat ireki zuen joan den urtean Prat de Llobregaten (Herrialde Katalanak). Han 2.000 lanpostu sortuko zirela aurreikusi zuten. Errealitatea, ordea, oso bestelakoa izan zen: mila pertsona kontratatu zituzten, eta, Gabonak igaro ostean, gehienak kaleratu zituzten. 2015. urtean, The New York Times egunkariak salatu zuen Amazonek esperimentuak egiten zituela bere langileekin, “zenbat jasan zezaketen ikusteko”. Besteak beste, patente hauek dauzka erosita Amazonek: langilearen posizioa adierazten duten edo zeregin bat egin dezan dardara egiten duten eskumuturrekoak. Orain dela gutxi, Madrilgo Amazoneko langileak greban egon dira, enpresak gaixo baimena hartzeko eskubidea kendu nahi zielako, haien poltsikotik ordainaraziz.
Amazonen praktika “zalantzagarriek”, ordea, ez dute piztu soilik langileen haserrea. Banaketa enpresak zerga ihesarekin lotutako arazoak izan ditu. 2017an, Europako Batzordeak 250 milioi euro eskatu zizkion zerga abantailak izateagatik 2003 eta 2011 bitartean. Batzordearen arabera, Luxenburgotik jasotako zerga abantailen bidez, bere lehiakideek baino lau aldiz gutxiago ordaindu zuen.
Isilpean egindako aldaketa
Azkenik, EH Bilduk salatu duenez, Trapagarango lursaila birkalifikatuta urratu egin da interes publikoaren printzipioa, aldaketak enpresaren interesei soilik erantzuten dielako. Gainera, udal tramitazioa “isilpeka eta daturik helarazi gabe” egin dela nabarmendu dute, eta, beraz, informaziorako eskubidea ere urratu dela. Hala, erabakia Trapagarango biztanleen esku uzteko eskatu dute, herri galdeketa baten bidez.