Bilbon behera egin zuen iaz delitu kopuruak, 2010 urtekoekin alderatuta. Hain zuzen, %7,7 egin zuen behera delitu kopuruak, aurreko urtearekin alderatuz gero: 2010ean 12.774 izan ziren, eta, iaz, 11.795. 2008az geroztiko delitu kopururik txikiena izan da iazkoa. Udaltzaingoaren jarduera datuak aintzat hartuta Bilboko Udaleko Segurtasun zinegotzi Tomas del Hierrok emandako datuak dira horiek.
Del Hierro “pozik” azaldu zen, datuak zabaltzeko egindako agerraldian; haren esanetan, “Bilbo lehen baino seguruagoa da”. 2011n gertatutako delituei buruzko datuak ere zehaztu zituen. Hain zuzen, ondarearen aurkako delituak —delitu guztien %75 dira horiek— aurreko urtearekiko %12,5 murriztu ziren iaz. Atal horretan, autoen lapurretan eta indarkeria erabilita herritarrei egindako lapurretetan gertatu zen murrizketarik handiena. Hain zuzen ere, autoei dagokienez, %28 lapurreta gutxiago izan ziren iaz, eta, pertsonei indarkeria erabilita egindako lapurretei dagokienez, %20 gutxiago. Indarrez egindako lapurretek %15 egin zuten gora.
Barrutiei dagokienez, ondarearen kontrako delituek gora egin zuten Basurtu-Zorrotzan (%3) eta Otxarkoaga-Txurdinagan (%27). Gainerako barrutietan delituek behera egin zuten —%40, esaterako, Abandon, edo %15, Ibaiondon—, Bilboko Udalak emandako datuen arabera.
Andoni Olabarria Segurtasun zuzendariaren ustez, delitu kopuruaren beherakada Udaltzaingoak egiten duen “lan onari esker” gertatu da. Hala ere, haren ustez, herritarrek eurak ere kontu handiagoarekin ibiltzen dira, eta, besteak beste, ateak ondo ixten dituzte eta eskuko zorroak itxita eramaten dituzte.
Delitu kopuruak behera egitearen ondorioz, Udaltzaingoaren esku hartzeek ere behera egin dutela azaldu dute. Hain zuzen, 2011n, 2010 urtearekin alderatuta, %5 egin zuten behera, 90.086tik 85.326ra, hain zuzen ere. Atxiloketa gutxiago ere izan ziren: 287 gutxiago.
Gazteen “heziketa arazoak”
Del Hierro zinegotzia, baina, kezkatuta dago zenbait gaztek duten jarrera dela eta; “heziketa arazoak” dituztela deritzo. Haren arabera, ez dute udaltzainekiko errespeturik, eta jarrera hori are larriago bihurtzen da, haren esanetan, gauez eta asteburuetan. Joan den urtarrilaren 12an Errekalde auzoan udaltzain bik pairatu zuten erasoa arazo horren ondorio izan zela azaldu zuen.
Segurtasun kolektiboaren aurkako delituek ere gora egin zuten iaz: %12. Hazkunde hori bideko segurtasunarekin eta alkohol kasuekin lotutako delituak areagotzearen ondorio da. Hala ere, Segurtasun arloko zinegotzia pozik agertu zen harrapatzeak %4 murriztu zirelako, eta zaurituak eragin zituzten harrapatzeak, %11.