Duela bi urte atxilotu zituzten Ibon Iparragirre, Xeber Uribe, Asier Badiola, Zunbeltz Bedialauneta, Untza Alkorta, Igor Martin eta Olaitz Lema ondarroarrak. Ordutik, behin-behineko espetxealdian daude. Laster izango dute epaiketa, eta manifestaziora deitu dute Ondarroako Etxeratek, Ondarroako ezker abertzaleak eta Ein Daigun Bidi herri bilguneak, biharko. 13:00etan abiatuko da, Alamedatik.
Bost eta zortzi egun artean izan zituzten inkomunikatuta. Deitzaileek gogorarazi dutenez, “kolpeak, irainak eta mehatxuak” sufritu zituztela esan zuten atxilotuek inkumunikazioa bukatu eta gero. Alfonso Zenon auzipetuen abokatuak egin zuen salaketa, eta Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailburuak auzitara eraman du.
Deitzaileen esanetan, zazpi auzipetuei laster egingo dieten epaiketa “torturapean ateratako testigantzetan oinarrituta” dago. “Horrek oraindik balio du Europa aurreratua deritzon lurralde honetan; demokraziaren izenean, hain zuzen”, salatu dute. Fiskaltzak 120 urteko espetxe zigorra eskatuko du, orotara.
“Gaur egun, bake biderako prozesu honetan ateak zabalik izanik, nolatan eman daitezke halako epaiak?”, galdetu dute. Auzipetuei eta “azken batean, herri honi” atxikimendua adieraztea da biharko martxaren xedea.