Natalia Salazar Orbe
Alfonbra altxatu eta azpian gordetako hautsaren antzera ari dira ateratzen Alonsotegiko aurreko udal agintarien kudeaketan izandako irregulartasunen zantzuak. Orain, futbol zelaia eraikitzeko lanak eta kostuak daude epailearen jomugan.
Hamabi urte egin behar da atzera afera horren sorburura iristeko. 2006ko azaroan inauguratu zuten Bazteitako futbol zelaia. Handik hiru urtera, gabezia batzuk hobetzeko lanak egin zituen udalak. Denera, 3,2 milioi euro inbertitu zituen zelaia martxan jartzeko; hasieran aurreikusitako kostua baino 1,5 milioi gehiago. Orain, futbol zelaiak gabeziak eta hutsuneak dituela ondorioztatu du auditoretza egin duen enpresa independenteak.
Araudia ez du betetzen
Azterketa horrek agerian utzi ditu zelaiak dituen gabeziak. Besteak beste, ez ditu betetzen suteen kontrako araudiak aurreikusitakoak; ezta irisgarritasun eta ingurumen araudiak aurreikusitakoak ere. Izan ere, ur hondakinak kontrolik gabe jaurtitzen ditu Kadaguaren ibaiadar batera. Arau horiek guztiak indarrean zeuden eraikina egin zutenean. Aurkitutako gabezien adibide batzuk besterik ez dira. Eta horiek guztiak konpontzeko 1,04 milioi euro beharko direla aurreikusi du enpresak.
Legearen arabera, zelaiaren obren berme aldia amaitu gabe dagoela uste du azterketa egin duen Eptisa enpresak. Hala ere, zail iritzi dio enpresa eraikitzaileak konponketen kostua bere gain hartzeari. Lanen zuzendaritza eta arkitektura taldearen erantzukizuna ere jarri ditu mahai gainean Eptisak, akatsik gehienen izaerari erreparatuta. Horrez gainera, obra zuzendariak egiazkotasunik ez zuen txostena egin zuela ondorioztatu du.
Azken hori, Alonsotegi Eraikiz deritzon kasuaren barruan prozesatu duten arkitektoetako bat da. Epaileak uste du balitekeela hainbat delitu gauzatu izana. EH Bilduk hainbat salaketa egin ditu haren kontra. Besteak beste, obra ziurtagiri faltsuak egitea eta bera parte zen enpresa gauzatzen ari zen proiektuen aldeko erabakiak hartu izana egotzi diote.
Koalizioak berak eskatu zuen Bazteitako zelaiaren auditoretza egiteko. Eta, lehenengoz, EAJko egungo alkate Joseba Urbietak babestu egin zuen alderdikideak izan zituen aurreko udaleko kideen lana aztertzeko mozioa.
Auzibideak abiatuta
Udaleko hainbat ordezkari jeltzalek sortu zuten Alonsotegi Eraikiz plataforma, herriko higiezinak kudeatzeko. Haren kudeaketa salatu zuen EH Bilduk, 2014an, elkartea desegin eta hark utzitako zorra udalak hartu baitzuen bere gain: 4,1 milioi euro. Elkarte publiko horretako proiektu handienetako bat izan zen futbol zelaiarena.
Joan den uztailean auzia epaitzeko prozedura abiatu zuen epaileak. Udaleko sei kide epaituko dituzte: Gabino Martinez de Arenaza —1999tik 2007ra bitarte EAJko alkatea izan zen, eta Turismo Saileko zuzendari lanetan jardun du aldundian 2007 eta 2016. urteen artean—; Aitor Santiesteban Aldama —2007tik 2011. urtera bitartean izan zen Alonsotegiko alkatea, orduan ere EAJ alderdiko ordezkari gisa—; Alberto Zulueta udal arkitektoa; eta Irkus Palacio, Ainhoa Varona eta Iratxe Larringan lege aholkulariak. Diru publikoa oker erabiltzea, iruzur egitea eta kargua beraien intereserako erabiltzea egotzi diete Alonsotegiko bi alkate ohiei, udal arkitektoari eta lege aholkulariei.
2008ko uholdeek eragindako kalteak konpontzeko udalak jasotako diru laguntzen kudeaketagatik ere 2011-2015 arteko alkatea ikertzen ari da Barakaldoko auzitegia. Lanak egiteko 600.000 euro eman zizkion aldundiak. Diru hori hainbat enpresatan banatu zuen Jose Luis Erezuma alkateak, baina lanak ez zituzten egin.