Natalia Salazar Orbe
Bermeoko ontziola lekuz aldatzeko eskaera aspaldikoa da herrian. Protesta eta aldarrikapen ugari egin dituzte herritarrek. Herriaren sarreran dago, eta itsasoarekiko lotura gogorarazten duen jardueretako bat dute han. Portuko Plan Bereziaren hirugarren aldaketa tramitatuko duela iragarri du orain Eusko Jaurlaritzak. Ontziolarentzako kokapen berria da proposatu duten aldaketa nagusia. Horrez gain, moila berria egitea ere planteatu dute. Tramitazioak luze joko duela azaldu du Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek, asmoen planoa ezagutu eta gero.
Planaren aldaketaren helburu nagusia da “gertuko hirigunearen ingurumen kalitatea hobetzeko aukera emango duten guneak lortzea”. Hala azaldu du Antonio Aiz Azpiegitura eta Garraio sailburuordeak. Horretarako, portuaren mendebaldean itsasontziak armatzeko eta egiteko dauden jarduerak handik kenduko dituzte. Ontziolak eta beste bi enpresa txikik gauzatzen dituzte jarduerok gaur egun. Eraikin berri bat egingo dute lekuan bertan, eta ontziei konponketa txikiak egiteko aukera izango da.
Herriaren sarreratik kendu nahi dituzten enpresa horiek hartzeko kokaleku berria aurreikusi dute: Erroxape-Mundaka izeneko eremua luzatu egingo dute ipar-ekialderantz. Horretarako, itsasoaren zati bat hartuko dute: 8.807 metro koadroko eremua. Eta bertan bi eraikin egiteko proiektua aurkeztu diete Bermeoko zein Mundakako alkateei.
Udalak aspaldi eskatuta
Bermeoko Udalak “kautelaz” hartu du Jaurlaritzaren iragarpena. Bidegurenek azaldu du oraingoz planoa besterik ez dietela aurkeztu. “Herriaren sarrera erakargarriago egiteko planteamendu gisa aurkeztu ziguten. Ideiak itxura ona du; baina ikusi beharko da zer-nola gauzatzen den”.
Izan ere, behar bezala aztertu behar diren hainbat afera oraindik zintzilik daudela iruditu zaio. Besteak beste, moila berria egiteko baimenak. “Kosta Mugapeari dagokio hori aztertzea. Era honetako tramiteak korapilatsuak izaten badira, moila berri bat egiteak are gehiago korapilatzen du prozesua. Itsasoari zati bat kendu beharrak konplikazioak dakartza”.
Beraz, argi du epe luzerako plana izango dela. Landu eta gauzatzen duten bitartean lanpostuak kolokan jartzeko arriskuari erreparatu dio. “Bermatu egin behar dira hor dauden lanpostuak, eta enpresa horiei nolabaiteko segurtasuna eman”. Gai horri buruz oraindik ez dute hitz egin. Jaurlaritzak ematen ditu portuko jardueretarako kontzesioak, une horretan indarrean dagoen planaren arabera. Horien etorkizuna bermatu beharraz mintzatu da: “Portuan dauden lanpostuak indartzea izan behar da gure apustua, ez murriztea”.
2015az geroztik ari da udala Jaurlaritzari Portuko Plan Bereziaren aldaketa azter dezan eskatzen. Planaren zehaztasunak helarazten dizkionean aztertuko du afera behar bezala. Hala ere, planteamenduez harago, gauza daitezkeen proposamenak eskatu ditu udalak: “Ontziolaren kokapen berria planteatzera doaz, baina hau errealitate bihurtu behar da gero. Planteatzen dutena egingarria ez bada, berdin geratuko gara. Ondo aztertu behar da”.
Bestalde, herriko EAJk pozik hartu du Jaurlaritzaren iragarpena. Txibitxaga, Santamañe eta Kurtzio guneetako bizilagunek luze egindako aldarrikapena bada ere, udalerri osoarentzako hobekuntzak ekarriko dituela sinetsita dago oposizioko alderdia. Portuko elementuen antolamendu berriak bestelako jarduera ekonomikoak erakartzea espero du, baita ingurua eta toki garapena dinamizatzea ere.