Natalia Salazar Orbe
Plazaz plaza aritzen ziren koblakariak, Erdi Aroko Europan. Diru apur baten edo jatekoaren truk, ikuskizuna eskaintzen zuten, kalean. Pikaroaren irudiarekin ere lotzen zituzten askok. Ikuskizun landugabeak ziren batzuk; baina garaiko olerkigintzaren transmisio lana ere egin zuten beste askok. Antzokietako agertoki zurrunetatik jaitsi, eta ikus-entzulearekiko gertutasuna eta elkarreragina ahalbidetzen du ikuskizun mota horrek. Erdi Aroko aitzindari haien bideari jarraitzen diote hainbat topaketa eta jaialdik. Kalitate handiko sormen lanak eskaintzen dituzte gertu, eskuragarri. Eako Poesia Egunak ospatu zituzten asteburuan, baina hainbat eta hainbat dira, hiri zein herrietan antolatzen dituzten era horretako topaketak. Lekeition 29. Kaleka egiten ari dira: Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdia. Egitarau ofiziala atzo abiatu zuten, eta igandera bitartean 28 proposamen jarriko dituzte ikus-entzuleen esku.
Antzerki fisikoak, objektu-antzerkia, maskarak, zirku garaikidea, clownak, ehun sorkuntza, dantza garaikidea, funanbulismoa, aireko dantza zein pirotekniarekin lotutako ikuskizunak eramango dituzte Lea-Artibaiko kostaldeko herri horretara. Artistak eta konpainiak, bertakoak zein kanpotik etorritakoak dira: Herrialde Katalan, Espainia, Herbehere, Frantzia, Danimarka edo Portugaldik iritsitako sortzaileak ariko dira. Formatoak ere, denetarikoak prestatu dituzte: kontzertu pedagogikoa, erakusketa, performance instalazioa, tailerrak eta ikuskizunak eskainiko dituzte.
Proposamen ikusgarriak ez eze, mamiz betetako lanak aurkeztuko dituzte batzuek eta besteek. 1950eko hamarkadako ehun lantegi bateko bi emakume beharginen egoera eta istorioa taularatuko ditu Herrialde Katalanetako Estampades konpainiak. Hari eta harilen artean interpretatuko duten aire dantzako ikuskizuna da: Enfila S. A. Bertan, Coma i Cros de Salt lantegian lan egin zuten eta une zailetan beraien bizitzaren haria apurtu eta eten ez zuten andreak omendu nahi ditu ikuskizunak. Bide batez, aintzinako lanbideak ere omentzen ditu.
Datozen hiru egunetan jaialdiko sail nagusian ariko dira, horiez gain, Lucas Ecobedo, Lekittoko Deabruak, Karl Stets, Godot, Baakai Katiuska, Bilbobasso, Nueveuno konpainia, Ganso y Cia, Hika Teatroa eta Barsanti.
Kaleka Scratch
Sail ofizial horrez gain, lanak aurkezteko beste formato batzuk daude aurten ere. Iaz abiatutako esperientziak izan zuen arrakasta ikusita, berau sendotzeak merezi duela jabetu dira. Kaleka Scratch sailean bildu dituzte garapen edo sorkuntza prozesuan dauden lanak. Ikuskizunaren espazioa baliatzen dute kultur eragileen, artisten eta ikus-entzuleen arteko sormen-harremana trukatzeko.
Sail horretan parte hartzeko 30 eskaera iritsi zaizkie aurten. Bi aukeratu dituzte. Holandako Efecto R konpainiak I made your favorite soup ikuskizuna taularatuko du Uribarren parkean. Norbere eta espazioaren eraldaketa ditu ardatz. Harremanak, aurreikuspenak eta distantziak hausnarketarako aztergai. Trapezista bat eta dantzari bat dira protagonistak, eta egitura metaliko batek mugatutako espazioan garatuko dute lana. Gaur Kalekak eskainiko duen lehen ikuskizuna da. Proposamen horrez gain, clown ibiltarien inguruko ikuskizunari buruzko iritzia emateko aukera izan dute ikusleek. Extremadurako (Espainia) Asaco Producciones-ek Tanque Gurugu aurkeztu zuen atzo. Artistek ikusleen feedback hori jaso ahal izan dute, azken lana borobildu aldera.
Kalekaz Blai da iaz hasi eta aurten finkatuko duten beste esperientzia. Urtean zehar jaialdiko sormen lanen inguruan herrian gauzatzen diren jarduerak sustatu eta bultzatzea du helburu sail horrek. Aurten, jaialdia hasi aurreko egunetan Lekeitioko hezkuntza zentroekin lanean aritu dira Barsanti eta Markeliñe konpainiak. Trebakuntza izaera dute saiook.
Espazio publikoan eskaintzen dituen lan guztiez gain, Kalekak Arropaineko Arragua sorkuntza espazioan bi ikuskizun eskaini ditu. Atzo eta herenegun egin zituzten emanaldiak bertan.
Herri osoa kutsatu da kaleko arte eszenikoen birusaz. Isuntza hondartzako Malekoia tabernak ere bat egin du proposamenekin. Bertan, magia eta diskofesta uztartuko dituen Winston Koperland eta Urko NotreDame pailazoen ikuskizuna eskainiko dute. Gaur izango da emanaldia. Egitarau ofizialaren barruan jaso dute ikuskizun hori ere, sail ofizialean, hain zuzen.
Trebakuntza saioak
Sormenaren hariek harilkatutako jaialdia da Kaleka. Batean irakatsi, ikasi eta sortutakoak jendaurrera aurkezten dituzte gero. Jaialdiak eskaintzen dituen trebakuntza saioekin gertatzen da hori, besteak beste. Matias Zanottik eskaini duen ikastaroa gaur bukatuko da. Revestidos izendapenarekin, antzokietan erabiltzen diren jantzien sorkuntzaren inguruko workshop-a egin du. Tailer horretan sortutako jantziak bihar eta etzi ikusi ahalko dira, Eskolapeko aretoko erakusketan.
Arte eszenikoen arloko amateur zein profesionalek Rui Paixao clownaren esperintzia baliatuta ikasteko aukera izango dute, etzi. Trebakuntza saio guztietan parte hartzeko nahitaezkoa da izena ematea aurretiaz.