Uxue Gutierrez Lorenzo
Azken urteetako ohiturari helduz, mural politikoen topaketak antolatu zituzten Sopelan maiatzaren 5ean, “horma gris isil asko aldarrikapenez betetzeko” asmoz. Sei mural margotu zituzten Arriatera-Atxabiribil hondartzako sarbideko horman, eta Ertzaintza bertaratu zen. Margoketak egiten ari zirela argudiatuta bederatzi lagun identifikatu, eta isunak ezarri zizkieten. Mozal legearen aplikazioaren bitartez ezarritako zigorrak dira.
Gertakariari helduz, Tosu Betirakok, Aistak Sopelako Talde Feministak, Uribe Kostako Agroasanbladak eta Plaza Beltza kulturguneak sinaturiko oharrean, identifikazioak eta isunak salatu dituzte.
Ertzaintzak operazioan izandako jarrera eta moduak ere aipatu dituzte. Izan ere, sinatzaileen esanetan, ahalik eta jende gehien identifikatzen saiatu ziren, eta, horrez gain, margoketetarako erabilitako materiala kendu ere egin zieten.
Adierazi dutenez, identifikatuek ez zuten konfrontaziorik bilatu, baina Ertzaintzaren jarrera “mehatxagarria” izan zen.
Gertakari horretatik abiatuta, handik bi egunera Sopelako Udalak muralak ezabatu zituen. Presa handiz aritu izana leporatu diote udalari, pareta horrek garbitu gabe urteak daramatza eta. Erabakia “zentsura politikotzat” jo dute, ezabaturiko muralen mezu artistiko politikoa dela eta.
Mehatxuen beldur, momentuan erasoa ez salatzeko erabakia hartu zuten. Aste honetan iritsi dira isunak, eta guztira 900 euroko zigorra ezarri diete parte hartzaileei. 100 eta 600 euro bitarteko zigor ekonomikoa duen falta arintzat jo dute ekintza. Isuna jaso dutenetako baten esanetan, dirua biltzeko kanpaina abiatua zuten jadanik, eta abokatuekin kontaktuan jarri dira, zigorrari helegitea aurkezteko asmoz. Protestari ere ekin diote: “zentsura” salatzeko elkarretaratzea egin zuten larunbatean Sopelako jaietan.
Kaleak hartzeko beharra
Lau kolektiboek susmoa dute herri mugimendua “kriminalizatzeko” asmoz jarri dizkietela isunak, horrela euren jarduna oztopatuko dutelakoan. Mezuak zabaltzeko espazioa kalean bilatzera “behartuta” ikusten dute euren burua, “komunikabide hegemonikoetatik at adierazpenak egiteko baliabide gisa”. Hala ere, euren jardunarekin jarraituko dutela jakinarazi dute, “zentsuraren aurrean erantzun egokiena” dela uste baitute.
Ezabaturiko muralen hormetan margoketa berriak agertu dira: “Zergatik garbitu dozue hau eta ez bestea?” eta “Artea politikoa denean ez duzue gustuko?” diotenak, besteak beste. Ezabaturiko muralek hainbat gai jorratu dituzte: “Botere judizial patriarkalari sua” zioen Aistak-ek sinaturikoak; “Ez itzazue hondoratu ozeano grisean geratzen zaizkigun uharte berdeak”, Tosurenak.
Legearen aplikazio zabala
Mozal legea indarrean sartu zenetik hiru urte bete direla, 5.921 zigortu zenbatuta dituzte eragileek Bizkaian. Lege zabal eta zehaztapenik gabekoa dela salatu izan dute; izan ere, besteak beste, drogen kontsumoa, polizien aginduak ez betetzea edota kalean bilkurak egitea zigortu dituzte eskubideen urraketatzat jo izan den lege hori ezarrita.