«Txistuak jai giroari lotuta egoten jarraitu behar du: transmisioa kalean egiten da»

«Txistuak jai giroari lotuta egoten jarraitu behar du: transmisioa kalean egiten da»

​Bilboko Musika Eskolako gelan sartu bezain laster ohartarazi du Jasone Akizu (Ondarroa, 1967) txistulari, eskolako irakasle eta Euskal Herriko Txistulari Elkarteko idazkariak: «Leku bizia da». Hainbat kartelek dekoratzen dituzte hormak —Bilboko Udal Txistulari Bandaren kontzertu bat, Euskal Herriko Txistulari Gazteen Txapelketa, Brundibar umeentzako opera…—, baita ikasleek egindako hiruzpalau marrazkik ere, eta gelak intsonorizatu gabe egoteak giro soinua erantsi dio elkarrizketari; luzatu den klase bateko piano nota leun batzuk, tarteka.

Txikitatik duzu musikaren gaineko interesa?

Lehen, lehendabizi hizkuntza musikala egiten zen, eta, pare bat urte pasatu eta gero, tresnekin hasten zinen. Nik irakasle hoberena izan nuen Ondarroan: Joseba Saenz Ortuondo. Gero, Portugaleteko Udal Bandako zuzendaria izan zen. Hura gitarrista zen, eta txistuaz jarrerak besterik ez zekien. Irakatsi egin zidan, eta, 13 urte nituenean, etxera etorri zen, eta amari esan zion ez zeukala beste ezer irakasteko, eta Donostiako Kontserbatoriora deitzeko. Han esan zioten ezin zutela klase partikularrik eman, baina bere ikasle onenaren kontaktua eman ziguten: Aitor Amilibia, Bilboko Kontserbatorioko txistu irakaslea eta Donostiako Musikeneko irakaslea.

Zer harrera egin zizun Amilibiak?

Haren etxera joan nintzen, eta galdetu zidan ea zer nekien jotzen. «Maritxu, bariazioekin», esan nion. Sukaldean, 13 urterekin, Maritxu jo nuen. Eta esan zidan: «Tira, ez dago txarto, baina hasieratik ikasi beharko duzu». Aitarekin joan nintzen lehenengo klase horretara: Ondarroatik Debara [Gipuzkoa] autobusez, eta Debatik Donostiara, trenez; bidaia oso luzea izan zen. Donostiatik Debarako trenean, negarrez itzuli nintzen. Aitak esan zidan nik erabakitzeko. Askatasuna nuen, baina hutsetik hasi behar nuen ikasten.

Familiaren babesa betidanik izan zenuen, beraz.

Bai, bai. Musikari bakarra ni nintzen, osaba txistulari bat izan nuen oso ona… Lehen bi urteetan Donostiara joaten ibili nintzen, eta, Amilibiak Bilboko Kontserbatorioko lanpostua atera zuenean, Bilbora etortzen hasi nintzen. Garai hartan, Bilboko Kontserbatorioan, konprobatu nuen txistua zera zela, ez ezezaguna, baina…

Bigarren mailakoa, igual?

Nolabait, bai. Esaten zidaten: «Ondarroatik hona etorri, eta txistua ikasi?». Nolatan ez biolina, edo pianoa… Hauxe ikasten dut, gustatzen zaidalako. Ahalegindu nintzen biolina ikasten, bi urtez, baina ez zitzaidan gustatzen; pianoa egin nuen urtebetez, eta ez nuen nahi. Ez nintzen identifikatzen. Bilbon, oraindik goi mailako ikasketak ez zeuden, eta Donostiara joan behar izan nuen ostera ere, Jose Ignacio Ansorenarekin. Oso irakasle onak izan ditut. Uste dut zorte handia izan dudala.

«Eskola guztietan gertatzen ari da: ume gutxi daude, eta nagusi pila bat. Baina horiek ez dira izango musikaren etorkizuna; musika ez da izango haien ofizioa»

Noiz joan zinen Donostiara berriro?

17-18 urterekin.

Eta zergatik erabaki zenuen txistua jotzea?

Azkenean, erabakiak abileziaren arabera hartzen dituzu. Jendeak zer esaten dizu jotzen duzunean? Oso ondo jotzen duzula, transmititzen duzula… Horrek motibatzen zaitu, eta, motibatuta bazaude, gehiago ikasten duzu. Eroso sentitzen nintzen txistuarekin. Eta oraingo tresnak zoragarriak dira, baina lehengoak… arbola adar bat ziren. Orduan, soinu polita ateratzea gaitza zen.

Hasieratik jotzen zenuen txistua, 8 urte zenituenetik?

Bai. Seigarren solairuan bizi nintzen, Ondarroan, eta behin kalean neska bat zegoen plastikozko txistu batekin. Txistu poxpolin hori entzun nuen, eta kalera atera nintzen jotzaileari deika: «Idoia! Idoia! Zer da hori?». Galdetu nion ea utziko zidan, eta hark ezetz, konstipatuta zegoela. Baina soinu polita iruditu zitzaidan. Ama harremanetan jarri zen beste neskaren amarekin, jakiteko ea non ikasten zuen. Maitemindu egin nintzen soinuarekin, edo jotzerakoan sentitzen nuenarekin. Garai hartan, Ondarroan hiru dantza talde zeuden; orain, batere ez, aspalditik. Kresala taldea egoten da jaietako antolaketan. Garai hartan, dantza talde batean sartu nintzen. 13 urte nitueneko garaia inportantea izan zen: Donostiara hasi nintzen joaten ikastera, eta dantza taldean sartu nintzen. Beste txistulari batzuekin harremana edukitzean, konturatu nintzen hizkuntza bera genuela eta plan diferenteak egiten genituela. Bizitzako hutsune bat bete zuen, ez dakit txistuak edo haren inguruko giroak.

Esan duzu Bilboko Kontserbatorioan txistua bigarren mailakotzat jotzen zutela…

Eta akordeoia.

Ikasterako orduan, metodologiari dagokionez, horrek ondorioak zituen?

Donostian, Ansorenak lan ikaragarria egin zuen txistua kontserbatorioan sartzeko. Bilbon, irakasleek ez zuten bigarren mailakotzat jotzen; ikasleen artean igartzen zen gehiago.

Beraz, ez zuen hainbesteko eraginik ikasketa planean?

Programa bat bazegoen, eta ikasketak beste tresnen antzekoak ziren. Baina ez ginen ikasle asko. Bilbon, 5. mailan zegoen txistulari bakarra nintzen; beste guztiak 1. mailan zeuden. Programa bat dago, baina egia da kostatu zela, eta orain ere… Hemen [musika eskolan], txistu ikasle pila dago, baina kontserbatorioan ikasle gutxi daude. Orain musika eskolak daude, eta logikoena da umeak musika eskolan hastea. Guk ikusten badugu ikasle batek ederki jotzen duela eta musika gustuko duela, bi urtez prestakuntza berezia ematen diogu kontserbatoriora sartzeko.

Lutxo Egia eta Jasone Akizu, Bilboko 2024ko inauterietako Farolin eta Zaranbolas, hurrenez hurren, Bidebarrieta liburutegian, urtarrilean. BILBOKO UDALA

19 urterekin hasi zinen musika eskolan klaseak ematen; 37 urte daramatzazu. Betidanik izan zenuen irakasteko gogoa?

Garai hartan, kontserbatorioan, ez genuen ikasten irakasteko, baizik eta bakarlariak izateko. Nik txistularia izan nahi nuen. Noski, irteerak zeintzuk dira? Irakaskuntzan sartzea. 19 urte nituenean, hemen bi lanpostu atera zituzten. Garai hartan, oinarrizko kontserbatorioa zen hau, lehenengo hiru urteak egiten ziren. Aurkeztu nintzen, beste hamar bat lagunekin batera, hirugarren geratu nintzen, eta hasieran ez nintzen sartu, baina postua atera zuen batek uko egin zion, eta niri tokatu zitzaidan.

Nola moldatu zinen hasieran?

Orain hasten zara pentsatzen lehenengo klaseetan… Nik orain berba egiten dut asko, eta ematen du ez naizela lotsatia, baina ez da egia. Garai hartan, lotsatia baino lotsatiagoa nintzen. Orain entzungo banu nola ematen nituen azalpenak, lotsatuko nintzateke. Gogoratzen dut etxera joan eta, danbolina hartuta, pentsatzen nuela zer egiten nuen eta nola azaldu nezakeen. Nola azalduko diot 10 urteko ume bati, eta, gainera, motibatu? Urteekin ikasten duzu. Orain, gustuko dut irakastea. Ez dakit bizirik irauteko modu bat den, baina disfrutatu egiten dut eskolak ematen.

Hasierako urteetan, igual ez hainbeste?

Hasierako urteetako segurtasun faltagatik, ez dakizu gustuko duzun edo ez. Baina konprobatzen duzunean hurrengo urterako ikasle denak matrikulatu direla, lasaitu egiten zara.

Urteekin aldatu egin dira irakasteko modua eta metodologiak?

Asko. Ni musika eskola batean nago, eta horrek askatasun handia ematen du. Gure helburua ez da musikari hoberenak ateratzea, baizik eta musikari motibatuak eta zoriontsuak ateratzea. Kontserbatorioetan, programa bat daukazu, eta bi urtean bete behar da. Musika eskolan, zuk aukeratzen duzu. Esate baterako, afinazioa nahiko landu behar da: egin ditzakezu 1.500 ariketa, eta lortuko duzu ikasle guztiak desapunta daitezen; edo afinazioa landu dezakezu haien gustuko abesti batekin. Leku berera helduko zara, baina apur bat zoriontsuagoa izaten. Nahiko nuke denbora gehiago izatea, ordu erdi bateko klaseak baitira. Askotan, ordu erdi bat ez da ezer.

Nolakoak dira egungo ikasleak?

Eskola guztietan gertatzen ari da: ume gutxi daude, eta nagusi pila bat. Erizain eta mediku pila bat dago, igual lanetik deskonektatu nahi dutenak. Baina horiek ez dira izango musikaren etorkizuna; musika ez da izango haien ofizioa.

Hori da, beraz, azken urteetako joera?

Bai. Eta beste gauza bat ere gertatzen da: gazteek pizgarri pila bat dituzte. Egiten dituzte hizkuntzak, kirolak… Oso gaitza da jarduera bat antolatzea eskolatik kanpo. Zapatuan, kalejira bat badago Alde Zaharrean, nortzuk apuntatuko dira? Nagusiak. Gazteek aitzakiak bilatzen dituzte libratzeko, igual ez daukatelako denborarik lagunekin gelditzeko. Gainera, txistuaren munduan, gazteek irudi hau daukate barneratuta oraindik: gizon bat, txapela jantzita. Trikitiaren munduan, zer ikusten duzu? Kartel bat neukan, oso grafikoa: agertzen zen halako punki bat trikitia jotzen, ez dakit zenbat belarritako zituen gazte bat. Txistua zeintzuek jotzen dute? Zaharrek.

«Tresna on batek bi gauza egiten ditu: jotzen duzuna oso polita laga, edo oso zatarra. Tresna on batek eskatzen du zu ere ona izatea»

Txistua oso lotuta dago oraindik jai giroarekin, agian?

Eta eskerrak; hala jarraitu behar du. Begira, kaleko giroa egin behar da, nahitaez. Gurea da, eta transmisioa kalean egiten da. Txistuarekin antzinako musika ere jotzen dut. Lehen, talde barroko bat neukan, Les Galoubets de la Chambre: bi txistu ginen, kontrabaxu barroko bat, biolontxelo barrokoa, fagot barrokoa eta perkusioa. Aretoko musika egin dut, bai, betetzen nauelako pila bat, baina kaleko giroa inoiz ezin da laga. Eta badauzkagu ikastaro batzuk horren inguruan: bat Txistukale deitzen da, eta helburua da berriztea kalean jotzen den errepertorioa. Eta gero dago beste ikastaro bat, berezia, zilbotena. Txistuen artean luzeena da zilbota. Lehen esaten zuten zilbota jotzen zuten musikariak zera zirela, porrot egindako txistulariak. Agian, ahotsak arrisku gabekoak direlako. Pare bat kalejira egin dugu zilbotekin —gutxi entzuten da, grabeak baitira— eta txirula batekin. Eta oso ondo joan da.

Orain txistua jotzea errazagoa dela esan duzu. Nola aldatu da tresna?

Txistua bera ez da aldatu, neurriak ez dira aldatu; baina orain oso afinatuta dago. Baina egurraren kalitatea aldatu da, baita ahokoa ere. [Parean daukan txistua hartu du] Eskuan daukadana pasio lorearen egurrez egindakoa da, soinu pila bat dauka. Tresna oso ondo afinatuta badago, bonba bat da. Zailtasuna txistuaren goiko partean dago, buruan. Ganzedok, Amurrioko [Araba] egile batek, asmakizun bat egin du: lehen, progresiboki estutzen zen, eta orain, ez. Horrekin lortu du goiko noten artikulazioa ez igartzea —goiko notak dira gaitzenak—, eta oso suabe sartzea. Iruñean beste egile bat dago: Ezpela. Egile onak dira. Tresna on baten trabarik handiena da dena igartzen dela: ez bazara musikari ona, pila bat igarriko da; musikari ona bazara, pila bat igarriko da. Tresna on batek bi gauza egiten ditu: jotzen duzuna oso polita laga, edo oso zatarra. Tresna on batek eskatzen du zu ere ona izatea.

Aurten, Bilboko inauterietan Zaranbolas izan zara. Nolakoa izan da esperientzia?

Zoragarria izan da, oso polita. Ni ez naiz mozorrozalea, eta inauteriak aitzakia bat ziren oporretan egoteko, edo Ondarroan egoteko; Asterrikan bizi naiz [Ondarroako auzo bat, mendian dagoena]. Bilboko Konpartsak deskubritu ditut: haiek ez badute lana egiten, jaiak ez doaz aurrera. Eta Farolinekin zorte handia izan dut: Lutxo Egia ez nuen ezagutzen, eta ja bizitza osorako lagunak gara.

motzean

Musikari erreferenteak?
Txistuaren munduan, Aitor Amilibia, Jose Ignacio Ansorena eta Garikoitz Mendizabal.

Txistuaz gain, entzutea gustatzen zaizun beste musika tresnaren bat?
Antzinako musikako tresna guztiak. Eta doinu bat aukeratzekotan, [François] Couperinen Les Barricades Mystérieux. Zoragarria da, eta bakarrik klabezina dago.

Eta jotzeko?
Fagota. Orain dela urte batzuk hasi nintzen, eta ez nuen jarraitu ez daukadalako ikasteko denborarik. Erretiratzen naizenean, bi gauza egingo ditut: bertsolaritza eta fagota jotzen ikasi. Tresna ja badaukat.

Soinu bat?
Soinu ilunak eta tristeak: tonu minorrak, lasaiak eta soinu baxuak.

Naturako soinu bat?
Hostoena. Ni mendian bizi naiz, eta, haizea dagoenean, hostoen zaratak erlaxatu egiten nau. 

Leku bat?
Asterrika [Ondarroa]. Ni bizi naizen lekua. Mendia eta itsasoa ikusten dira. 

Bisitatzeko leku bat?
Nafarroa.