Natalia Salazar Orbe
Eguzkiaren aroari ongietorria. Suaren garrek argiztatutako urteko gaurik laburrena. Kantuak, dantzak, saltoak… Udako solstizioa iritsi dela ospatzeko unea. Horixe irudikatzen du San Joan gauak. Zornotzan garrantzi handia izan du, betidanik, ospakizun horrek. Eta beti egon da musikari lotuta. Hala, herrian musika jaialdi bat egitea pentsatu zutenean argi izan zuten garai horretan egin behar zutela. Hortik sortu da Haizetara, fanfarre eta kaleko musikaren nazioarteko lehiaketa. XIII.a dute aurten. Gaur hasi eta igandera bitartean, askotariko musika estiloz betetako doinuek astinduko dituzte herriko kale eta auzoak.
Bederatzi banda eta fanfarrek hartuko dute parte lehiaketan. Frantziarik, Ingalaterratik, Espainiatik, Argentinatik, Herrialde Katalanetatik eta Euskal Herritik iritsitako musikariek egingo dituzte erakustaldiak. Banda onenaren eta musika jole onenaren saria eskuratzeko lehian ariko dira. Epaimahai aditu batek hartuko du erabakia, baina ikus-entzuleek ere izango dute publikoaren saria emateko aukera. Hala ere, badaude lehiaketatik kanpo joko duten taldeak ere.
Mugimendua, kolorea, erritmoa eta ikusleak dantzan jartzeko abilezia erakutsiko dute denek. Estilo ezberdinez jositako errepertorioa aurkituko dute bisitariek. Italiatik iritsita, marrazki bizidun ezagunetan oinarritutako musika taularatuko du, esaterako, Miwa e i Suoi Componenti taldeak. Aurrez aurre izango dute Traperistak Bizkaiko taldea; oraintsu sortua da, eta, soinua eta musika tresna berriak sortzeko, txatarra eta etxetresna zaharrak erabiltzen ditu. Lourdes Iriondo eta Xabier Leteren doinuak punk sentimenduekin nahastuta aurkeztuko dizkie kaleko ikus-entzuleei.
Bi horien aurrean, jazza, swinga eta dixieland-a lantzen dituzten musikariak ariko dira. Aukera askotarikoa, gaur arratsaldetik aurrera kaleaz gozatzeko.
Gastronomiari tartea
Aspaldian musika jaialdi gehienetan ohikoa den bezala, Haizetara lehiaketan ere gastronomia protagonista bihurtzeko hautua egin dute. Lau gune gastronomiko jarriko dituzte Zornotzako lau plazatan. Ondokoetan, hain zuzen ere: Zelaieta parkean, Zubiondo plazan, Gernika plazan eta Herriko plazan.
Herri osoa musika kutxa erraldoi bilakatuko du jaialdiak, baina izango ditu bestelako jarduerak ere. Besteak beste, Jazz for two argazki erakusketa aurkeztu du Jose Hornak. Artistek eszenan elkarri egindako begiradak, elkarrizketa esplizituak eta kontrasteak jaso ditu. Haizetara jaialdian ikusi ahalko diren moduko keinuak.