Bizkaiko Foru Aldundiaren finantza osasuna “ona” da

Juan Maria Aburto Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaileak ukatu egin du foru administrazioak zailtasun ekonomikoak dituela. “Gure kutxen osasun egoera ona da” esanez erantzun dio Eusko Jaurlaritzari. Foru aldundiak Eusko Jaurlaritzari eman beharrekoa ordaintzeko epea atzeratzeko eskatu du. Aburtoren esanetan, atzeratze eskaera “arrazoi teknikoengatik” egin dute. Alegia, Eusko Jaurlaritzak diputazioari eman beharreko 70 milioien eta Espainiako Gobernuak eman beharreko 83 milioien zain daude ordainketa egiteko. Gainera, atzerapena hamar egunekoa baino ez dela izango nabarmendu du, martxoaren 5etik 15era.

Udalek diputazioari zor dizkioten 48 milioien inguruan, Eudelekin ordainketa “malgua” negoziatzen ari direla adierazi du foru bozeramaileak. 2009an zegokiena baino gehiago jaso zuten Udalkutxa udal finantzaketarako foru funtsetik. Hiru urtetan itzultzea adostu zuten. Hala ere, egun Bizkaiko udalen bizi duten finantza egoera larria dela eta, ezin diote zor horri aurre egin.

Horren harira, Bilduk Bizkaiko Batzar Nagusietan aurkeztutako eskaera gogor kritikatu du Aburtok. “Bizkaian zorra barkatzeko eskatzen digute, baina Gipuzkoan diputazioa dabil udalak ito beharrean, zorra ordainduko ez duten udaletan esku hartuko dutela mehatxu eginez”.