Industrialdea bai, baina…

Eskualderako industria eremu erraldoi bat egitea. Hori da, besteak beste, Muxikako Plan Orokorrak jasotzen duena. Alkatetza eskuratu orduko, Bilduk bertan behera utzi zuen. “Aurreko udalaren asmoak bete balira, hauxe onartuko zen Muxikarentzat: 57 hektareako lur industriala, eskolaren ingurua industrializatuta, errepide sareak aurre egin ezinezko zirkulazio bolumena…”, salatu du herriko alkate Aitor Goladarazek. Ordutik arazoari irtenbiderik “onena” emateko auzia aztertzen ibili direla dio. Hala, haren berbetan, industrialdea egin egingo da, “baina beste era batera”. EAJren aldetik “presioak” jaso dituztela dio, eta horrela erantzun gura diela koalizioak.

Hamasei urte baino gehiago iraungo luketen lanak onetsi zituzten EAJko ordezkariek. Bilduk, ordea, atzera egin du. Autzaganeko errepide berria ere aipatu du alkateak,trenbidearen leku aldaketa eta herria eskualdeko sarrera eta irteera dela oroitarazi du. “Posible al da herritarrak baldintza horietan bizitzea?”. Argi utzi gura izan du udal gobernua ez dagoela industrialdearen aurka, aurreko Plan Orokorrak finkatzen zuen industrialde jakin haren kontra baino.

Industrialdea eraikitzen denean “betiko” izango da. Horregatik, ondo egin behar dela ohartarazi du alkateak. “Kutsadura akustikoa, zirkulazio arazoak eta abarrak handitu egingo direnez, hobeto kalkulatu behar dira distantziak”. Aurreko proiektuaren eremua eskola eta etxebizitzak dauden lekura arte iristen zen. Hori horrela dela, zorrotz aritu nahi dute: “Udalak herritarren ongizateari eta herriaren hazkundeak sortuko dituen beharrizanei begiratuko die, herritarrek egindako eskaerei eta proposamenei kasu eginda”.

Egitasmoak dagoeneko hamar urte bete ditu mahai gainean. “EAJk udala, foru aldundia eta Eusko Jaurlaritza bere esku izan dituen arren, ez du gaitasunik izan behar den moduan eta denon interesak defendatuta aurrera eramateko”. EAJk alkatetza zuen garaiko Gernika-Lumoko Udalari egin dizkio Bilduk kritika larrienak. “Apustu garbia egin zuten etxe agentzien negozioen alde, eta, bitartean, industria guztia edo gehiena galdu dugu. EAJren politikak lotarako herri bihurtu du Gernika ia-ia”, ohartarazi du Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak.

ZDU Zain Dezagun Urdaibai elkarteko kide Erroxeli Ojinagak ere bat egiten du kritika horrekin. Haren esanetan, egun eskualdean dauden industrialdeak merkataritzara edo etxebizitzen eraikuntzara bideratu gura ditu EAJk. Horren adibide modura, Tole-Ebaki XXI enpresaren kasua jarri du. Gernika-Lumoko ibarreko industrialdetik Muxikara eraman dute, eta haren lekuan enpresa berriak jarri ordez Eroski handi bat ireki dela gogorarazi du, “herriko merkataritzari kalte eginez”. Busturian ere antzeko zerbait gertatu zela dauka akorduan. Industriarako erabilpena izan behar zuten lur sailei kalifikazioa aldatu eta etxebizitzak eraiki zirela dio Ojinagak, “Muxikan poligonoa egingo zen aitzakian”. Azken batean, haren ustetan, “Muxikako industrialde erraldoi honen helburua industriarako erabilera kalifikazioa duten beste guneak hustea da”.

Baina salaketa horretan, harago ere joan da. Hau da, Busturialdea Urdaibai biosfera erreserban dagoela dio, eta asko direla babestutako lur sail eta balio naturalak. Ohartarazi du industria erabilpenerako kalifikatuko diren lur sailen truke ez dela beste lur sailik babestu. “Sakonean Urdaibaiko erreserba legeak ezarritako babesaren aurka doaz. Apurka-apurka, industrialdeak eta eraikitzeko guneak sortuz, babestuta daudenak gutxituz joango dira, eta azkenean Unescora joko dute zer babesturik ez dagoela esan eta erreserba kentzeko eskatzera”.

Ojinaragak dioenez, Busturialdean hutsik dauden industriarako lur sailekin edota pabiloiekin nahikoa da eskualdeak duen eskaerari erantzuteko. “Datu ofizialen arabera, 40 hektarea daude hutsik eskualde osoan. Ez dago Muxikara joateko beharrik, nekazaritzarako lurzoru babestuak industriarako bihurtzera”. Gainera, gogora ekarri du zerrenda bat osatzen hasi zirela. Muxikan eraikiko zen industrialdean fabrika jarri nahi zuten enpresek izena eman behar zuten. Ojinagak dio bakarra agertu zela. “Batentzat Gernika-Lumoko Txaporta gunean edo Muxikako industria lursailetan badago lekua”.

Gainera, ekintzaile askoren arazoa jarri du agerian. “Nik ezagutzen ditut beharrik gabe geratu diren eta, adibidez, euren estanpazio enpresa txikia ireki nahi duen jendea. Baina ez dute pabiloirik aurkitzen”. Administrazioak horiei lagundu beharko liekeela iruditzen zaio Ojinagari. Horretarako proposamena ere egin du: “Bizkaiko Foru Aldundiak Inama desjabetuko duenez, lursail horretan elkartegi bat sor dezake”. Gertuenekoa Igorren dute, Arratian. “Eskualdean bat eraikitzeko egitasmoa egon zen, baina bertan behera utzi zuten”. Bestela dagoeneko eraikita dauden industrialdeetan hutsik dauden pabiloiak eskuratzen lagundu beharko liekeela iruditzen zaio. “Birziklatu, berrerabili eta gutxitu. Ez al da hori garapen iraunkorraren ardatza? Ispasterren sasiz beteta dago eta Boroakoa erdi hutsik”.

Kudeaketa eredua ezbaian

EAJk agintean egondako urteetan egindako lanaren emaitzatzat jo du Bilduk Inamarekin gertatutakoa, adibidez. “Muxikako Udalean hogei urtean agindu du eten barik, eta horretatik hamabitan gehiengo osoa izan du. Enpresak sortutako ingurumen arazoak kudeatzeko gai ez da izan, eta enpresari dagozkion jarduera lizentziak eguneratzeko ahaleginik ez du egin. Zelan uler daiteke 20 urtean Inamari jarduera lizentzia bakar bat berritzeko gai izan ez, eta orain Bilduk sei hilabetean enpresa itxi duela esatea?”, agertu du kexa.

Gernika-Lumon itxitako enpresa mordoaren zerrendari ere erreparatu diote: Dalia, Malta, Idurgo eta Astra aipatuz. 3.000 lanpostutik gora galdu direla salatu du Gorroño alkateak. Eskualdeak suspertze ekonomikoa behar dela dio, eta udalez gaindiko erakundeen parte hartzea eskatu du. “Espero dugu gure bidean gero eta gehiago izatea adostasunak. Azkenean, eskualdearen etorkizuna dago jokoan, eta ez genuke denborarik galdu behar”.