Epaileari azalpenak eman beharko dizkio Errigoitiko alkateak

Iñaki Madariaga Errigoitiko alkateak (EAJ) joan den maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetan gertatutakoari buruzko azalpenak eman beharko ditu epailearen aurrean. Gernika-Lumoko lehen auziko epaitegiak inputatu egin du hauteskunde delitu batengatik.

Iragan urrian, alkatearen aurkako kereila kriminala aurkeztu zuen Bilduk. Salatu zutenez, Madariagak zenbait lagun erroldatu zituen herrian, “botoa eman ziezaioten”. 32 pertsona erroldatu ziren, ustez, modu irregularrean: “Alkatearen etxean bertan edo eraitsita dauden eraikinetan”. Erruduntzat jotzen badute, hauteskunde delitua egotziko diote.