Beste aurrerapauso bat eta beste eten bat egin du Olabarriko (Errigoiti) Malluki industrialdean Bioforest Bost enpresak jarri gura duen biomasa zentralak. Hain zuzen, abenduaren bukaeran Eusko Jaurlaritzak eman zion ingurumen baimen bateratuaren aurkako helegitea jarri du Errigoiti-Arrieta Garbi plataformak. “Argudiatu dugu proiektuak ez dituela betetzen udalerriko ingurumen arauak, baina Ingurumen Sailak ez du halakorik ikusten edo ez du ikusi nahi”, adierazi du Joaquin Iragorri plataformako kideak.
“Eusko Jaurlaritzak ondo baino hobeto daki planta hori ez dela sartzen industrialde horretan. Hala ere, eskumen hori udalarena dela diote, ez eurena, eta ez dute ikusi nahi”, azaldu du Iragorrik. Salatu duenez, Ingurumen Sailak proiektuan jasotako zenbakiei baino ez die erreparatzen: “Izan ere, frogatu dugunean plantaren dimentsioak ez direla sartzen industrialdean, enpresak aldaketak egin ditu proiektuan, beste barik. Hain zuzen, ‘hamarrekoa ez dela sartzen? Bada, laukoa jarriko dugu’ [neurriei buruz], esaten dute, eta Jaurlaritzak ontzat ematen du”.
Errigoiti-Arrieta Garbi plataformak jarritako helegitea aztertzen ari da orain Eusko Jaurlaritza. Gutxi gorabehera, hiru hilabeteren buruan erantzungo die. Iragorrik uste du baimenari eutsi egingo diotela: “Hasieratik espero genuen bezala, epaile batek ebatzi beharko du afera. Dena den, uste dugu azkenean arrazoia emango digutela”.
Baimenaren baldintzak
Ingurumen Sailak baldintza batzuk ezarri dizkio Bioforest Bost enpresari biomasa zentrala Mallukin ezartzeko. Bisoi europarra babestutako espezieari egin dakizkiokeen kalteak saiheste aldera, enpresak legeak ezarritakoa kontuan hartu beharko duela jaso du, baldintza konkreturik zehaztu gabe.
Hain zuzen, zentrala eraikitzeko lanak egiterakoan, besteak beste, ondare naturala babesteko neurriak, ura eta zorua babesteko neurriak eta hondakinen kudeaketarako neurriak ezarri dituzte.
Zentralaren funtzionamenduari dagokion ataleko baldintzen alorrean, besteak beste, Ingurumen Sailak ezarri du plantak ezin izango duela atmosferara arauz ezarritakoa baino gehiago isuri. Hain zuzen, 275 gradu kelvin tenperatura eta 101,3 kilo pascal presio eta gas lehorretan ezarri dio muga.
Ingurumen Sailak dio zentralak araztu egin beharko dituztela energia elektrikoa sortzeko prozesuan agertzen diren gas kutsakorrak atmosferara isuri aurretik. Isurketa horiek “eragin txikia” izango duten kasuetan, baina, ez dio ezarri arau hori betetzeko beharrizana.
Ur hondakinei dagokienez, olioa eta ura bereizteko aparatu bat izan beharko du zentralak. Olioa hartu eta tanke batera eraman beharko dute. Ura, bestalde, Butroe ibaira isuriko dute. Urtean behin ibai horretako uraren kalitate fisio-kimiko eta biotikoari buruzko kontrola egin beharko dute, gainera.
Debekatu egin diete, bestalde, hondakin mota desberdinak nahastea. Sorreratik bertatik bereizteko beharra ezarri dio enpresari Eusko Jaurlaritzak. Zaratak zaindu eta eremu elektromagnetikoekiko esposizioari buruzko kautelazko neurriak hartu beharko ditu, horrez gain, zentralak.
Errigoiti-Arrieta Garbi plataformak, baina, ez du zentral hori nahi. “Bizitza suntsituko digu”, deritzo Iragorrik. “Agenda 21i, garapen iraunkorrari eta diru laguntzak jasotzen dituzten hainbat lelokeriari buruz mintzatzen dira, eta gero zentral termiko bat jartzen digute hemen”, salatu du.