Turtziozen, biomasa planta bat eraikitzeko proiektua abiatu dute. Bertako alkate Jose Manuel Coteronek adierazi duenez, bi urteren buruan martxan izatea espero dute.
Tramiteak aurreratuta daude, gainera. Izan ere, planta hori martxan jartzeko prest dagoen enpresa bat aurkitu du udalak. “Enpresa serioa” dela esan bai, baina izenik ez du aurreratu nahi izan alkateak.
Gordon auzoan
Non kokatuko duten ere pentsatuta daukate. Hain zuzen, Gordon auzoko baso inguru bateko eremu zabal batean eraikiko dute azpiegitura, “herri gunetik urrun”. Bertan planta bera eta zabortegi bat jartzeko asmoa iragarri dute, egurra erreta sortutako hondakinak uzteko.
Proiektuak aurrera egin dezan, baina, hiri antolamendurako plan orokorra moldatu behar dute Turtziozen, lursailari industriarako erabilera eman ahal izateko, hain zuzen ere. Udala plan hori moldatzeko lanean ari dela jakinarazi dute, eta bidenabar aldaketa hori jasotzeko asmoa dutela iragarri dute.
Eraikuntza lanei ekin aurretik, baina, planta horrek ingurumenean izan dezakeen eraginari buruzko azterketa ere egin behar dute. Udalak, dena den, tramite horiek guztiak bi urtean amaitzea aurreikusi du.
Ekonomia suspertzeko
Turtziozko Udalak planta horren bitartez herriko ekonomia suspertu nahi du. Hain zuzen ere, egitasmoak aurrera egiten badu, hamalau eta hamasei lanpostu finko bitarte sortuko liratekeela azaldu du alkateak. Izan ere, proiektuaren alde gogora ekarri nahi izan du, bertako eta eskualdeko ekonomiak premiazko konponbideak behar dituela.
Eskualdeko baliabideak aprobetxatu beharrekoak direla uste du Turtziozko Udalak. Horren harira, herrian baso eremu handiak daudela aintzakotzat hartuta —30 kilometro koadroko azaleran 537 pertsona bizi dira—, arbolen hondakinak energia elektrikoa sortzeko erabiltzearen aldeko apustua egin dute. Baliteke, gainera, denbora gutxian Enkarterrin biomasa planta berri bi eraikitzea. Izan ere, Turtziozkoaz gain, Zallako Aranguren papertegia erosi gura duten enpresek antzeko asmoa azaldu dute.