“Bideo jokoekin, gaixoek ez dute pentsatzen terapia egiten ari direla”

Pedro Carrascal (Bilbo, 1973) Adembi Esklerosi Anizkoitzaren Bizkaiko Elkarteko zuzendaria da, 1998az geroztik. Haren ustez, Deustuan martxan ipiniko duten sistema berria modu on bat izan daiteke terapiako ariketak egin nahi ez dituztenak horiek egitera bultzatzeko. Bizkaian, 1.100 pertsona inguruk daukate esklerosi anizkoitza.

Errehabilitazio birtualerako gune bat abian jarriko duzue datorren hilean. Zertan datza?

Sortzen ari garen gune hori laborategi bat izango da. Orain, Kinect teknologian oinarritutako bideo joko batzuk diseinatzen ari gara, errehabilitazioa egiteko. Mugimendua antzematen duen sistema bat sortzen ari gara. Bideo jokoa diseinatuta daukagu: pertsona bat pantaila handi baten aurrean jartzen da, eta kamera batek detektatu egiten du. Bide horri esker, errehabilitazioa makinarekin zuzenean egin dezake gaixoak. Besteak beste, fisioterapia egin dezake.

Joko hori probatzen ari gara. Bi hiletan, esklerosi anizkoitza duten hogei pazientek probatuko dute, egiaztatzeko funtzionatzen duela oreka, espasmoak eta gainerako sintomak hobetzeko egin dugun diseinuak. Zentroa inauguratzen dugunean, hori izango da han izango dugun lehenengo aplikazioa.

Horrez gain, ikerketa zentro eta errealitate birtualerako laborategi bat ere izango da, bideo joko gehiago diseinatzeko. Batez ere, gure errehabilitazio sistemak modernizatzearen eta teknologia berriak aprobetxatzearen aldeko apustu bat da, esklerosi anizkoitza duten pertsonen bizi-kalitateari etekin handiagoa ateratzeko.

Bideo jokoen sistema bera erabiliko duzue, beraz.

Bai, Xbox Kinect sistema da. Pantailaren aurrean jarrita, pazienteek eskuak mugitu, gauzak ukitu, eta lurra zapaltzen dute makinak jarritako koloreetan, besteak beste. Gaixoaren erreakzio eta mugimendu ahalmena aztertzeko aukera ematen digu sistemak.

Zein arlotan izango da lagungarri terapia berri hori?

Oso alor garrantzitsuan izango du eragina: atxikidura eta motibazioan, hain zuzen ere. Gaixo guztiek ez dute izaten errehabilitazioa egin eta norbere gaixotasuna hobetzen saiatzeko lanerako prestutasuna. Sarritan, gaixotasunaren diagnosia egiten dizutenean, hori da eman beharreko lehenengo pausoa eritasuna onartu eta hari aurre egiteko, eta teknika horrek erraztu egiten du hori.

Nola?

Gertatu izan zaigu, adibidez, errehabilitazio terapietara joan nahi ez duen pertsonaren bat egotea. Orduan, esan genion bideo joko bat prestatzen ari ginela, eta ea prest zegoen hura probatzeko. Baietz erantzun zigun, probatuko zuela. Ariketa berberak egiten ditugu ohiko errehabilitazio teknikak erabilita eta errehabilitazio birtual horren bitartez.

Bideo jokoek, baina, pazienteak harrapatzea lortzen dute —”oso ondo ari zara, atzoko puntuen bikoitza lortu duzu”… esaten dizute—. Sistema hori erakargarriagoa da, terapeuta batekin beso bat mugitzen edo pilota bati bueltak ematen aritzea baino. Terapeuten lana oso garrantzitsua da, eta emaitzak oso eraginkorrak dira, baina, bideo jokoen bitartez, gaixoak gehiago dibertitzen dira; ez dute horrenbeste pentsatzen terapia egiten ari direla euren gaixotasunari laguntzeko. Hori oso garrantzitsua da.

Nola prestatu zenuten bideo jokoa?

Gure erakundeko fisioterapia sailak diseinatu zituen bideo jokoaren bitartez lortu nahi genituen mugimenduak, hau da, errehabilitazio gimnasioan lantzen ditugun ariketa eta mugimenduak: kargen transferentzia, belaunak mugitu eta altxatzea, besoak mugitzea… Hori guztia jaso genuen, eta bideo jokoaren programatzaileek garatu egin dute.

Esklerosi anizkoitza gaixotasun kronikoa da. Degeneratiboa ere bada?

Bai; kontzeptualki ez dakit hala jasota dagoen, baina, denborarekin, garatuz joaten da. Izan ere, sendabiderik ez daukanez eta agerraldiak gertatuta pazientea sarri gaixotzen denez, endekatuz joaten da.

170 urte dira eritasun horri esklerosi anizkoitz esaten zaiola, baina oraindik ez dauka osabiderik. Gero eta sendagai eraginkorragoak aurkitzen ari dira, eta, apurka, ondorioak motelduz joatea lortu dute.

Eta terapia berri horrek laguntzen al du gaixotasunaren areagotzea eragozten ?

Orain artekoarekin alderatuta, gehiago laguntzen du, bai. Lehen, terapien eragina %30 zen, eta, azken datuen arabera, orain %50 eta %70 baino handiagoa da. Kasu batzuetan, gainera, eten egiten da gaixotasunaren areagotzea. Sasoi itxaropentsua dugu hau tratamenduaren alorrean, baina oraindik zer egin asko dago, denengan ez baitu eragin bera.

Medikuek ba al dakite zergatik agertzen den esklerosi anizkoitza?

Ez. Ez dakite jatorria zein den, zergatik agertzen den, ezta sendabidea zein den ere. Iparraldeko latitudeetan sarriago agertzen dela bakarrik dakigu, eta emakumeei eragiten diela gizonei baino gehiago. Ikerketari eusteko eskatzen diegu zientzialariei.

Zenbat urterekin agertu ohi da?

20 eta 40 urte artean egiten da diagnosia, batez beste.

Batzuei eta besteei modu desberdinean erasaten die, ezta?

Guk esaten dugu mila aurpegiko gaitz bat dela. Batzuei leunago erasaten die; beste batzuei, gogorrago. Ez daude esklerosi anizkoitzeko bi kasu berdin. Gainera, sendagai berriei esker, gero eta pertsona gehiagok dute gutxi gorabehera kontrolpean.

Zelan eragiten du gaixotasunaren piztualdi batek?

Bakoitzari modu desberdinean eragiten dio. Gaixotasunaren puntu gogor bat da, eta askotariko sintoma neurologikoak eragin ditzake: ikusteko arazoak izatea, oreka galtzea, sentsibilitatea galtzea… Nerbio sistemaren komunikazioak hondatzen dira, eta orduantxe eragiten du kalterik handiena gure organismoan.

Piztualdi horiek ez dituzten bitartean, bizimodu normala egin dezakete gaixoek?

Pertsonaren araberakoa da. Batzuk erabat sendatzen dira piztualdien ondoren, beste batzuk ez dira %100 osatzen… Berrehun urte biziko bagina, azkenean, piztualdi horien ondorioak nabarituko genituzke; beti gelditzen da zerbait.

Zertan dago gaixotasunari buruzko ikerketa?

Tratamendurik ez dugu izan duela hogei urte ingurura arte. Orain, berriz, bi urtean behin agertzen dira berriak —lehenago, hamar-hamabost urtean behin ateratzen ziren—. Beraz, ikerkuntza askoz azkarrago doa, eta garai itxaropentsua da hau.

Gaixoak pozik al daude osasun publikoak egiten duen lanarekin?

Neurologoak oso profesional onak dira. Hala ere, gustatuko litzaiguke —eta hala jakinarazi diogu, behin baino gehiagotan, administrazioari— esklerosi anizkoitza artatzeko modua organikoki aldatzea, eta estatuko beste leku batzuetan egin duten bezala gaurkotzea. Besteak beste, arreta unitate bat sor dezatela, neurologoez gain beste baliabide batzuk jar ditzatela…

Alor horietan lanean ari gara. Izan ere, gu neurologoaren kontsulta monografikoarekin gabiltza oraindik, baina beste leku batzuetan esklerosi anizkoitzarentzako unitate bereiziak dituzte, espezializazio handiagoarekin, erizaintza eta psikologia zerbitzuekin… Garai berrietara egokitu behar dugu, gaixoen esku dagoen guztiari probetxua ateratzeko.