Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak iragarritakoaren arabera, Gerediaga-Elorrio errepide ardatza, Autzaganeko saihesbidea eta Bermeoko saihesbidea egiteko lanak uda honetan abiatuko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Lan horiek egiteko, 350 milioi euroko kostua aurreikusten dute. Beste lan batzuk egiteko asmoa ere bazuten arren, egoera sozioekonomikoa hobetu bitartean atzeratzea erabaki dute. Erabakiak eztabaida piztu du eragile eta oposizioko alderdi politikoen artean. Bilduk egin du berba gogorren.
Koalizioak salatu du Batzar Nagusietan dituen ordezkariek orain arte proposatutako finantzaketa sistemak porrot egin duela: “Eta azken errepide inbertsioak garestiegi atera zaizkigu: Bilbo hegoaldeko saihesbidea eta Artxandako tunelak, kasu”. Koalizioak onartzen du Durangaldeak eta Busturialdeak mugikortasun arazoak dituztela, baina auzitan jartzen du errepide berriak konponbide bakarra direnik.
Gainera, errepide berrien eraikuntza atzeratzeaz gain, zaharretan egokitze edo mantentze lanak egiteari ere uko egin dio foru administrazioak, Bilduk salatu duenez. Azken urteetan egin diren inbertsio guztiak Bilboaldera bideratu izana leporatu dio koalizioak diputazioari, gainontzeko eskualdeei kalte egin zaiela. “Ganorazko garraio publiko batek asko erraztuko lituzke gauzak, baina non dago hainbatetan eskatu den Mungiarainoko trena? Zergatik ez dira lehenesten trena lurperatzeko proiektuak?”, adierazi dute.
Proiektuak, berraztertzeko
Koalizioaren esanetan, plangintza gelditu izana beharrizanak aztertu eta horientzat konponbideak bilatzeko abagunea izan beharko litzateke: “Ez dadila txarrerako izan”. Bilduk Ondarroan dituen hautetsiek, gainera, gogor salatu dute Urberuaga-Berriatua proiektua bertan behera geldituko dela prentsa bidez jakin behar izana. “Herritarrekin begirune pixka bat izan behar dute. Azalpenen falta sumatzen dugu”, ohartarazi dute.
Lea-Artibaiko Eguzki talde ekologistak ere ezusteko handia hartu du prentsan Bilbaoren adierazpenak irakurri ostean. Urberuaga-Berriatua proiektuak aspaldi martxan behar zuela gogorarazi dute. Bilduk bezala, talde ekologistako kideek uste dute proiektua geldituta egongo den tarteak eztabaidarako tartea izan beharko lukeela: “Proiektua sakon aztertu eta hobetzeko aldaketak egiteko balio dezake denbora tarte honek”.
Eguzkik pentsatzen du Urberuaga eta Berriatua lotzen dituen bidea orain dagoen errepidea konponduta eta egokituta hobetu behar dela; modu horretan obra horiek kalte ekologiko eta kostu ekonomiko txikiagoa izango dutela diote. “Proiektu hau Bilbon diseinatu dute; eskualdetik kanpoko jendeak egindakoa da, eta, beraz, gure eskualdeko interesei ez die erantzuten”, adierazi dute talde ekologistako kideek.
Erabaki hori dela-eta oraingoz ez dute plangintza zehatzik diseinatu; ez dute gogoeta zehatzik egin errepidea nola egokitu beharko litzatekeen. Baina Bizkaiko Diputaziora gutun bat helarazi dute, proiektuaren inguruan eman beharreko aldaketen berri emanez. Horretaz gain, Lea Artibai Amankomunazgoko ingurumen batzordean ere gai honen inguruan eztabaidatzeko asmoa azaldu du Eguzkik. Gainera, beharrezkoa ikusten den herrietan auzia mahai gainean jartzeko asmoa ere agertu du talde ekologistak.
Zornotza-Muxika errepidean Eusko Jaurlaritzak eta Urdaibaiko Patronatuak Zugastietako irtenbiderako jarri zituzten eragozpenak kontuan hartuta, Autzaganeko zatia egingo dute. Bermeoko saihesbideari dagokionez, Sollubeko tunelen proiektuari lotuta dagoenez, lehenengo saihesbidearen tartea egingo dute, eta, horren ostean, Sollubeko tunelak.
Urberuaga-Berriatua errepideak, Ermuko saihesbideak eta Boroa eta Igorre arteko errepide berriak, ordea, diputazioaren egoera ekonomikoa hobetu artean itxaron beharko dute.