Jose Luis Bilbao ahaldun nagusia eta Ogasun diputatu Jose Maria Iruarrizaga zerga politikaz eztabaidatzeko uzkur agertu badira ere, azkenean Bizkaiko Foru Aldundiak hainbat zerga aldatzea adostu du PPrekin. Kutxa gero eta hutsago, zorra gora eta gora, nonbaitetik dirua biltzeko premian daude. Horretarako, ondarearen gaineko zerga berriz ere indarrean egongo da, bi urtez —aurten eta 2012an—. Neurri horrekin Bizkaiko Foru Ogasunak urte horietan 40 milioi euro jasoko dituela aurreikusi dute.
Duela hiru urte utzi zion indarrean egoteari. Iruarrizagaren esanetan, oraingoan “erdi mailako herritarrak” kanpoan uzten saiatu dira. Hala, horretarako salbuetsitako ondarearen zenbatekoa laukoiztea erabaki dute. Alegia, 2008ra bitartean 204.000 euro baino gehiagoko ondarea zutenek ordaindu behar izaten zuten zerga hori. Aurten eta datorren urtean, berriz, 800.000 euro bitarteko ondareak egongo dira salbuetsita —gehi ohiko etxebizitzaren 400.000 euro—.
Baina zelan kalkulatzen da pertsona bakoitzaren ondarea? Zelan jakin nork ordaindu beharko duen eta nork ez? Hona adibide bat. Ondarea kalkulatzeko, pertsonak dituen ondasun guztiak gehitzen dira, eta zorrak kentzen zaizkio. Gainera, ohiko etxebizitzaren balioaren 400.000 euro artekoak ere kentzen zaizkio. Kasurako, demagun bizkaitar batek 450.000 euroko etxea duela, 500.000 euroko gordailu bat, 700.000 euro akzioetan eta 200.000 euroko mailegu bat eskatuta. 450.000+500.000+700.000, 1.650.000 euroko ondarea dauka. Baina horri ohiko etxebizitzari dagokion 400.000 euroko kenkaria eta maileguaren 200.000 euroak kendu behar zaizkio. Alegia, 1.050.000 euroren arabera ordaindu beharko du zerga. Zenbateko hori 800.000 eurotik behera geratu izan balitz, ez zukeen zerga hori ordaindu beharko.
Zenbakiei erreparatuz gero, agerikoa da asko eta asko direla horrenbesteko ondarea pilatu ez duten bizkaitarrak; gehienak. Bizkaiko Foru Aldundiak egindako kalkuluen arabera, 3.000 herritarri eragingo die “bakarrik”; horrenbeste izango dira zerga hori ordaindu beharko dutenak. Hala ere, sarri salatu izan da ondare handia duten horiek iruzur egiten dutela. Horretarako bide ohikoena ondasunak diru sarrera zuzenik ez duten beste pertsona batzuen izenean jartzea izan da betidanik; senitartekoren baten izenean, adibidez. Familia batzuek, gainera, familiarteko merkataritza sozietateak sortzen dituzte, eta haren izenean jarri ondasunak. Bideak asko dira.
Horiek hala, sindikatuek iruzur hori bukatzeko eskatu diete agintariei, ez direla behar diren neurriak hartzen salatzearekin batera. Premiazko eginbeharra dela deritzote. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izaten den iruzurra Eusko Jaurlaritzak duen aurrekontuaren bestekoa da. Bidenabar, ELAk gogor salatu ditu zergetan iragarri diren aldaketok. Herrialdekako irakurketarik egin gabe, ohartarazi dute oro har neurriok ez direla arazoak behar duen konponbidea. PFEZaren aldaketa eskatzen dute, gehiago dutenek gehiago ordain dezaten. LAB ere bat dator, eta etxebizitza hutsak grabatzea ere proposatu du.
Beste aldaketa batzuk
Ondarearen gaineko zerga ezartzeaz gain, Foru Ogasunak beste zerga batzuetan ere onartu ditu aldaketak. Horiek 2012ko apirilean hasi eta 2014a bitarte egongo dira indarrean. Izan ere, oraingoz ondarearen gaineko zerga baino ezin izan dute onartu Batzar Nagusiek, egunotan “lanez lepo” dabiltzalako.
PFEZean %2ko deflaktazioa egingo da, hau da, horrenbeste gutxituko da ordaindu beharrekoa. Neurri horrek 422.976 bizkaitarri eragingo die. Zergapetu bakoitzak 1.354 euroko onura izango du datorren urtean —4.114 euro, errenta aitorpena batera egiten duten bikoteen kasuan—.
Horretaz gain, dedukzio batzuk igo egingo dira: seme-alabak, urritasunen bat duten pertsonak edo adineko gurasoak euren kargura dituztenei egiten zaizkienak hain zuen. Adibidez, 6 eta 16 urteko seme-alaba bakoitzagatik egiten den kenkaria 50 euro igoko da umeko. Etxebizitza kenkaria, pentsio eta aurreikuspen planetara egindako ekarpenak eta aurrezkiaren tasak, ordea, jaitsi egingo dira. Etxebizitzen kasuan 2.160tik 1.800era jaitsiko da kenkaria —2.760 euroko kenkaria zuten orain arte 35 urtetik beherakoek; aurrerantzean 2.300 euro itzuliko zaizkie, baina 30 urtetik beherakoei bakarrik—.
Aurrezki oinarrian ere aldaketak egin dira. 10.000 euro arteko aurrezkiek %20 ordainduko dute, eta hortik gorakoek, %22. Sozietate zergari dagokionez, berriz, datozen bi urteetan lanpostuak sortzeagatik egindako dedukzioekin jarraituko da, eta dedukzio bakoitza 300 euro igoko da. Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren kasuan, oinordetzek ez dute zergarik ordainduko eta senide zuzenen arteko dohaintzek —alegia, jabea bizirik dagoen bitartean ondasuna familiako kide horri ematea— %1,5eko tasa ordainduko dute.
Neurriokin beste 53 milioi bilduko dira urtean. Aipatutako ondarearen gaineko zergaren 40 milioiekin, bada, guztira, 93 milioi gehiago.