Asier Arrate Iruskieta
Urteak daramatzate Zabalako bizilagunek auzoa banatzen duen trenbidea estaltzeko proiektu baten zain. Udalak sarritan agertu du asmoa “trenbide lubakia” estali eta erabilera berri bat emateko, baina ez du inoiz proposamen zehatzik agertu. Oraingoan, ordea, badirudi udalak AHTa lurperatzeko Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Sustapen Ministerioak lortutako akordioa baliatu nahi duela auzoa banatzen duen trenbidea estaltzeko. Udalak jakinarazi duenez, estalkiak libre utzitako zati batean parke bat eraikitzeko asmoa dute, eta espero dute espazio berria “auzoaren bilgune” bilakatzea.
AHTa lurperatzeko proiektuak, beraz, Abandoko geltokiko trenbideak estaltzeaz gain, Zabala eta Juan de Garai kaleak banatzen dituen trenbidea ere estaliko du, eta 90.000 metro koadroko espazioa utziko du libre. Udalak adierazi du horrek “aukera asko” zabalduko dituela. Oraingoz, baina, parke bat eraikitzeko proiektua baino ez dute ezagutarazi. 14.000 metro karratu izango ditu, eta Cantalojas zubitik Zabala kalearen goialdera arte iritsiko da. Udala lanean ari da espazio berriaren proiektuan.
350 metroko berdegunea
Zabala auzoko “trenbide lubakiaren” gainean eraikiko den berdegunea 350 metro luze izango da. Hala ere, trenbidearen ezaugarriak direla eta, tarte zabalenean parkeak ez ditu gaindituko 50 metroak. Hori dela eta, udalak azaldu du teknikariek “oso ondo” pentsatu beharko dutela espazioa nola banatu. Asier Abaunza Hirigintza zinegotziak azaldu du parkearen 14.000 metro koadroak gune berdeekin eta aisialdirako guneekin beteko dituztela “osotasunean”. Hirigintza Sailak aurreratu du parkea ez dela joango kalearen maila berean. Metro batzuk beherago eraikiko dute, eta ibilbide guztian zehar sakonune baten itxura izango du.
Espazio berde bat sortzeaz gain, Zabala eta Juan de Garai kaleak eta, beraz, Zabala auzoko bi eremuak ere lotuko ditu parke berriak. Une honetan soilik bi zubik baino ez dituzte lotzen bi kaleak. Hala ere, Abaunzak aitortu du “eraikinen kokapenak eta ezaugarriek” ez dutela eskainiko bi kaleen arteko “lotura handia” sortzeko aukera.
Proposamenak lantzen
Oraingoz, udalak ez du eman parkearen inguruko beste xehetasunik, baina azpimarratu du parke berria Zabala auzoko “erakartze gune” berri bilakatzeko asmoa dutela, eta horretarako “formula ezberdinak” proposatu dituela Hirigintza Sailak. Proposamenen artean, udalak azaldu du aztertzen ari direla Juan de Garai kalean trenbidera begira dauden etxebizitzen fatxadetan leihoak eta balkoiak irekitzeko aukera.
Abaunzak adierazi duenez, Zabalako bizilagunek ere helarazi dizkiote proposamenak udalari. Horien artean, bizilagunek proposatu dute estalkiak utzitako espazioa baliatuz eguneko zentro bat eraikitzea “trenbide lubakira” begira dagoen Conde Aresti zahar etxearen atzealdean. Zentroaz gain, ostalaritzako lokal bat edo jatetxe bat gehitzea ere proposatu dute. Abaunzak adierazi du “proposamen ona” dela, eta “ustiatze urbanistikoaren” dokumentura txertatuko dutela. Udalak interesa du espazio berria bizilagunen gustuko bihurtzeko. “Espazio berria ezin daiteke bilakatu gune ilun bat”, adierazi du zinegotziak.
Parkea eraikitzeko proiektua AHTa lurperatzeko proiektuari lotua dago, eta, beraz, lanak ez dira abiatuko lurperatze lanak hasi arte. Bilboko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Sustapen Ministerioak adostutako proiektuaren arabera, lurperatze lanak hasi aurretik trenen trafikoa desbideratu behar dute. Trafiko aldaketa hori gauzatzeko eperik ez dago oraingoz, ez eta lanak hasteko datarik ere.
AHTaren lurperatzeak erabat eraldatuko du trenbide sarearen ingurua. Zabalako parkeaz gain, udalak aurreikusi du Abandoko geltokiaren gainean “mila etxebizitza inguru” eraikiko dituztela. Hala ere, hirigintza zinegotziak ziurtatu du ez dela “inolako basakeriarik egingo”. Bi proiektu horiekin, udalaren aspaldiko nahi bat betetzea espero dute; hiriko erdigunea eta Bilbo Zaharra batzea.