Peru Azpillaga
Legeak babesten duen arren, amatasuna, oraindik ere, emakumeen lana kolokan jarri eta lanpostua uztera behartzeko erabiltzen da. Hain zuzen ere, arrazoi horregatik salatu zuen langile batek Zornotzako Abrasivos Texajax enpresa; ama izan ostean, lana uztera bultzatu, eta mehatxatu egin zuten langilea. Asteartean egin zen epaiketa, eta epaia hilabete baten bueltan emango dute. Hala ere, langilea ez da bakarrik egon. Besteak beste, LAB sindikatuak elkarretaratzera deitu zuen epaitegien aurrean, langileari elkartasuna adierazi eta egoera salatzeko. Horixe bera egingo du Zornotzako mugimendu feministak ere: elkarretaratzea antolatu du biharko, 12:00etan, herrian.
“Oso larritzat jotzen dugun egoera batean gaude, uste baino gehiagotan gertatzen baitira mota honetako kasuak, eta, egoera horiek ekiditeko legeak egon badauden arren, errealitateak argi erakusten du, praktikan, ez direla baliagarriak”. Hala salatu du epaitegien aurrean Zaloa Ibeas LAB sindikatuko kideak.
Azaldu duenez, langilea jada haurdun zegoenean hasi ziren arazoak: debekatu egin zioten haurdunaldiaren arriskuaren inguruko probak egitea. Emakumea egun gaixoaldian dago, lanera bueltatu zenean jasandako jazarpena eta mobbing-a dela medio. Ibeasek azaldu duenez, lanera bueltatu behar zuenean enpresak esan zion nahiago zuela kontratua bertan behera uztea; kontziliazio neurriak hartuz gero ez zitzaiela interesatzen berak bertan jarraitzea, eta orain bere lekuan beste langile bat dagoenez gizona ez zutela nahi bera berriro lanpostura bueltatzerik. “Langileak esan zienean egoera hori legez babestua dagoela eta lantokira bueltatzeko eskubidea zuela, enpresak jakinaren gainean zegoela adierazi, eta mehatxatu egin zuen”, salatu du Ibeasek.
Hala ere, lanera bueltatzea erabaki zuen emakumeak, baina itzultzean beste bulego batean sartu zuten, bakarrik. Horretaz gain, ez zioten bere lana egiten utzi. Ibeasek dioenez, helburua argia zen: emakumeak berak lana uztea eta enpresatik bere kabuz ospa egitea.
Praktika hori, hots, emakumeen amatasun eskubidea ez errespetatzea eta horren ondorioz haien lanpostuak uztera bultzatzea, uste baino orokortuago dago. Emakumeek pairatzen duten egoera latza dela eta, zaila da epaitegietaraino heltzea. “Askotan ikusten dugu nola saiatzen diren egoera diruarekin konpontzen, emakumeei ordainketa bat eskainiz lanpostua uztearen truke”. Ibeasek argudiatu duenez, gainera, emakume askok, “zoritxarrez”, onartu egiten dute hori, uste dutelako ez dutela beste aukerarik. “Behin harremanak kaskartzen direnean eta lanera bueltatzean jazarri egingo zaizkizula esanez mehatxatzen zaituztenean, zaila da lanpostura itzultzea. Emakume askok egoera horretan nahiago dute dirua hartu eta joan”. Horregatik dio badirudiela ez direla halako diskriminazioak gertatzen, gehienetan ez baitira salatzen. “Normala denez, emakume askok ez dute trantze hori pasatu nahi, eta, hein batean, enpresariak horretaz baliatzen dira”, erantsi du.
Hala ere, arazoa ez da hor bukatzen; salatzeko prest dauden emakumeek ere trabak izaten dituzte, oro har, asko kostatzen delako hori horrela izan dela frogatzea. Beraz, Ibeasen aburuz, urrats sendoagoak egin behar dira, egungo legeak praktikan jarri ahal izateko hainbeste trabarik gabe.
Legeak bai, emaitzarik ez
Elkarretaratzearekin, beraz, botere judiziala ere interpelatu nahi izan dute, “lege urraketa horien aurrean, behingoz, neurri errealak hartzeko eta enpresak zigortzeko” eskatuz. Ibeasek argudiatu du horrelako egoerak oraindik gertatzen direla, enpresariek ez dutelako benetako zigorrik jasotzen; “debalde ateratzen zaizkie diskriminazio horiek”, argudiatu du.
Azken boladan pil-pilean dago gizon eta emakumeen arteko soldata arrakalari buruzko eztabaida. Jaiotza gutxiegi daudela eta, horiek areagotzeko neurriak hartu beharra ere eztabaida publikoan dago, batez ere, lana eta zaintza uztartzeko neurriak hartzeari begira. Ordea, Ibeasen ustez, neurri horiek ez dira nahikoa izango, jatorrian gertatzen ari diren diskriminazioak zuzentzeko benetako pausorik ez bada egiten: “Hor dago gakoa; azken finean, bestelako neurri horiek guztiak partxeak baino ez dira izango emakumeek lan merkatuan ama izateagatik zigortuak izaten jarraitzen badute”.