Natalia Salazar Orbe
Atzean geratu dira Aste Santuan Bilbo hutsik geratzen zeneko garaiak. Kaleek berreskuratu dute urtean zehar izan ohi duten giroa, eta euskal kulturaz kutsatu dituzte bazterretako asko. Basque Fest iritsi da, beste urtebetez, hiriburura. Asteazkenean hasi zen, eta igandera bitartean ez du izango etenik gastronomia, musika, dantza, antzerkia, herri kirolak, kalejirak, euskal pilota, animazioa eta batez ere jendearen parte hartzea sustatzea helburu duen jaialdiak. Bost ataletan sailkatuta dago jaialdia, eta lauburu batek irudikatzen du.
Musika, Gourmet, Market, Kultura eta Sport dira bost atal nagusi horiek. Aurreko urteetan aurkeztu dituzten jarduerez gain, berritasunik ere ekarriko dute aurten. Musikari dagokionez, formatu, estilo eta garai askotako ordezkariak izango badituzte ere, denak sortu dira sustrai beretik: euskal kultura eta euskara dituzte oinarri eta amankomun. Besteak beste, Kepa Junkera, Ruper Ordorika, Ines Osinaga eta Eñaut Elorrietaren kontzertuak ikusteko aukera izango dute bisitariek. Kepa Junkerak FOK bere azken diskoa aurkeztuko du zuzenean, estreinakoz. Hainbat musika tradizionaletan egin duen murgiltzearen emaitza aurkeztuko die ikus-entzuleei.
Artista entzutetsu horien ondoan musikaren beste aldaera batzuk ere izango dira; tradizioari lotutakoak asko, txistua, alboka eta txalaparta kasurako. Aukera borobiltzeko, jazz musika, DJen doinu abangoardistak zein rock-and-rolla uztartzen dituen egitarau zabala prestatu dute. Hala, tradizioei eutsita baina teknologiari, etorkizunari eta musika egiteko bide berriei ateak zabalduta, hiriko hainbat espazio eta aretotan sartuko dira jaialdian parte hartuko duten gonbidatuak.
Kultura atalaren barruan, Bilboren historia emango dute ezagutzera bisita antzeztuen bidez. Bisita horiek gidari bitxiak izango dituzte: Bilboko Anfitrioiak. Hainbat bitxikeria eta bilbainadak baliatuta osatuko dute hiriaren historiari buruzko kontakizuna.
Bertsotan ikasten
Bertsolariak eta bertsolaritza izango dira beste indargune bat. Berreginen Museoan tailer didaktikoak egingo dituzte. Bertsolaritzaren historia aztertuko dute, eta bertsolariek bertsoak nola sortzen eta osatzen dituzten azalduko dute. Tailerra praktikoa izango da, erabat. Parte hartzen dutenek euren bertsoa sortzeko aukera ere izango dute.
Kirolari lotutako erakustaldi eta jarduerek Areatza hartuko dute agertoki. Bertan elkartuko dira harritzarrak altxatzeko esfortzuekin ikus-entzuleak aho zabalik utziko dituzten jasotzaileak edota aizkoraren erabileran trebatuta enborrak abileziaz mozten dituzten aizkolariak.
Teknika eta indarra ez eze abiadura ere lantzen duten pilotarientzako tartea ere gorde du Basque Festek. Frontoiko partidak eta sokatira erakustaldiek osatuko dute Sport ataleko egitaraua. Bisitariek, ikuskizunaz gozatzeaz gain, parte hartzeko aukera ere izango dute. Horretarako, tailerrak antolatu dituzte.
Gastronomiari leku berezia egin dio jaialdiak: Txoko Gourmet. Areatzan, 1.500 metro koadroko karpa baten barruan, dastatzeetarako, sukalderako zein erosketetarako mahaiak eta produktuak jarri dituzte. Hain zuzen, sukaldaritza tailerretan, besteak beste, ogia eta taloa egiten ikasteko aukera izango da. Ore amaz egindako ogia, Idiazabalgo gaztaz, txokolatez edo bakailaoz betetako taloak egin eta dastatu ahalko dituzte. Bestalde, profesionalek prestatutako mokaduak ere izango dira aukeran. Euskal Herriko txoko askotan aurki daitezkeen kalitatezko produktuen erakusleiho eta saltoki bilakatuko da Txoko Gourmeten eremuetako bat.
Erosketetarako aukera ugari zabalduko ditu jaialdiak. Kalitatezko produktu askok lekua hartuko dute Market txokoaren barruan, Areatzan. Gourmet azokan aurkituko dituzten elikagaiez gain, artisautza lanak gustuko dituztenek galdu ezinezko aukera daukate Udaberriko VIII. Eskutiarte Artisautza Azokan. Hala, euskal kulturara murgiltzeko hautua egiten duten bisitariek eskuz egindako produktuen aukera zabala aurkituko dute.
Eta, bihar, lurrari lotutako produktuen eskaintza zabala izango da eremu berean. Gure Lurreko Merkatura Bizkaiko garaiko barazki eta ortuariak eramango dituzte. Igandean ere lurrak eskainitako fruituek hartuko dute Areatza. Oraingo honetan, ordea, apaingarri gisa erabiltzeko landare eta loreen azoka egingo dute.
Bi erromeria
Aurreko urteetako arrakasta ikusita, aurten ere bi erromeriatan dantzan jarriko ditu bisitari guztiak Aiko taldeak. Lehenengoa bihar egingo dute, Bilboren bihotzean: Plaza Barria izango du agertoki, 18:30etik aurrera. Bigarrenerako Artxandara egingo dute salto. Domekan izango da, 12:00etan. Hara iristeko bidaiatik bertatik hasiko da magia. Funikularra hartuta iritsiko dira bisitariak Artxandara. Bertan, eskaintzen duen ikuspegiaz gozatuz, ikuskizuna ingurune natural paregabean igaroko dute.
Musika, dantza, tradizioa eta modernotasuna uztartuko dituzte ekitaldiok. Jauziak, jotak, porruak, mazurkak, pasodobleak, balsak, tangoak eta bestelako musika eta dantza estiloak eramango ditu bi plazotara musikariz eta dantza irakaslez osatutako taldeak. Giro alaian, dantzatzera animatzen diren guztiei jakin beharreko jarraibideak emango dizkie Patxi Laborda dantza maisuak.
Guggenheim museoko zabalgunean ere izango da musika tresna tradizionalak eta dantza bertatik bertara ezagutzeko aukera. Bihar, 12:00etan eta 18:00etan izango da hori. Bertako musika tresnak zeintzuk diren jakinarazteaz gain, dantzen oinarrizko pausoak ikusteko aukera emango bertoko eta kanpoko dute bisitari ugari erakartzen dituen eremu horretan.
Ekitaldi, artista eta aukera zabala dakar, beraz, aurten ere, Basque Fest jaialdiak. Zenbaki eta datu borobilek osatutako egitaraua: hamazazpi txokotan aurkituko dute bisitariek programazio osatua: Txoko Gourmet karpan, Azkuna zentroan, Berreginen Museoan, Plaza Barrian, Guggenheim museoko zabalgunean, Bilborocken, Pio Baroja kaian, San Anton zubian, Martzana kalean, Martzana kaian, Artxandan, Areatzan, Ledesman, Villariasen, Garcia Riveron, Poza Lizentziatuan eta Erriberako merkatuan. Horra hor agertoki nagusiak. Iaz, 91.813 lagunek hartu zuten parte proposamenetan. Ikusiko da marka hori hautsiko den.