Asier Arrate Iruskieta
“Artea ez da helburua, artea tresna da Karrantzan artzaintza eta ekonomia iraunkorra sustatzeko”. Horrela laburbildu du Joseba Edesa Mutur Beltz elkarteko kideak Ondo Bizi Arte egonaldiaren asmoa. Apirilaren 3tik 9ra, hiru artistak aukera izango dute Enkarterriko udalerriko artzaintzaren egoerari buruzko hausnarketa eta eztabaida artearen bidez zabaltzeko. Karrantza ezagutzeaz gain, parte hartzaileek proposamen artistiko bat garatu beharko dute egonaldian bizitako esperientzietatik, eta, bukatutakoan, beraien sormen lana erakusteko aukera izango dute.
Mutur Beltz taldea 2015ean sortu zuten, eta, egun, Karrantzakoa den mutur beltz ardia sustatzeko elkarte agroekologiko, artistiko eta kulturala da. Ardi arraza hori, artzainen lanbidea bezala, desagertzeko arriskuan dago, eta elkartearen helburua da desagertze hori saihestea. Horretarako, hainbat ekintza antolatzen dituzte agroekologia, artea eta diseinua uztartuz. Tartean, Ondo Bizi Arte egonaldiak.
Aurten, hiru artistak parte hartuko dute. Nobedade gisa, haietako bat 18 artistak parte hartu duten deialdi batetik aukeratua izango da. Egitarauari dagokionez, iazko ereduari eutsi diote, eta “artisten eta inguruaren arteko elkarbizitza sortzea” helburu duten ekintzak antolatu dituzte. “Karrantzako eskualdea bisitatuko dugu, eta hainbat ekimen egingo ditugu eskualdeko artzainekin batera”, azaldu du Edesak.
Bi mundu elkartzeko aukera
Egitarau oparoa antolatu dute elkarteko kideek. Parte hartzaileek, besteak beste, aukera izango dute eskualdeko baserriak bisitatzeko, artisau gazta egiteko eta Karrantzako produktuak dastatzeko. Ekintza gehienen helburua artistak eta tokiko artzainak elkarrekin aritzea da. Horien artean, egonaldiaren bukaeran artistek eta artzainek egingo duten bazkaria azpimarratu du Mutur Beltzeko kideak. “Bazkarian harreman informalagoak sortzen dira, eta ikuspuntu ezberdinak trukatzeko aukera oso polita izaten da”, azaldu du Edesak. “Mundu ezberdinetako jendea biltzeko aukera paregabea da”.
Antolatzaileak azaldu duenez, “sortutako elkarbizitzatik” parte hartzaile bakoitzak proposamen artistiko bat osatu beharko du. Egonaldien ardatza Karrantzako artzaintza bada ere, antolatzaileek nabarmendu dute ez dutela mugatuko artista bakoitzaren sormen prozesua: “Nahi duten diziplina artistiko edo planteamendua gara dezakete”. Edesak azaldu du artisten aukeraketa ez dela ausazkoa izan, eta beraien ibilbide artistikoa kontuan izan dutela: “Gure helburua da artista bakoitzak bere ikuspuntu propioa gehitzea artzain munduari”.
Behin egonaldia bukatuta, artistek beraien lanetako bat laga beharko diete antolatzaileei. Jasotako artelanak Ondo Bizi Arte egitasmoaren bilduma osatzeko erabiliko dituzte, eta elkarteak antolatzen dituen beste ekimenetan egongo dira ikusgai.
Egonaldien bigarren aldia izango da aurtengoa, baina elkarteko kidea pozik agertu da orain arte lortutakoarekin. Hala ere, mota horretako proiektuek “epe luzekoak” izan behar dutela dio: “Emaitzak ez dira egun batetik besterakoak, eta ez dugu egoera irauliko duen formula magikorik”. Uste du, ordea, prozesuak berak “hausnartzeko parada” eskaintzen duela: “Tresna oso baliagarria da bestelako errealitateak ezagutzera emateko”.
Islandiatik ekarritako ideia
Artea eta artzaintza uztartzea helburu duten egonaldiak antolatzeko inspirazioa Islandian aurkitu zuten. Edesak gogoratu duenez, Islandian antolatu zuten arte egonaldi batean parte hartu zuten elkarteko kideek. Bertan, artea eta natur ingurune bateko egunerokoa uztartzen zutela azaldu du. Bizitako esperientzia “aberasgarria” iruditu zitzaien, eta Karrantzan elkarteak egiten zuen lanarekin “bateragarria”. Horregatik, arte egonaldien eredua Karrantzan abiatzea otu zitzaien.
Edesaren hitzetan, egonaldien ereduak baditu beste onura batzuk: “Proiektuak lortu du, esaterako, ordura arte ezezaguna zen Karrantzako gazta eta mutur beltz arraza ezagutzera ematea”. Kontatu duenez, ohikoa da Euskal Herriko arraza bakarra ardi latxa dela pentsatzea, eta gazta bakarra Idiazabalgo gazta. “Produktu aukerak galtzen ari gara Euskal Herrian”. Horregatik, uste du artea tresna garrantzitsua dela artzaintzaren egoeraren inguruan hausnarketa egiteko. “Euskal Herrian ardi latxa ez da galduko merkatua indartsua delako, baina mutur beltz arraza desagertzeko zorian dago”, azaldu du. “Arte egonaldia egoera hori plazaratzeko bidea ere bada”.
Zabalkunderako tresna
Mutur Beltz elkarteko kideak nabarmendu duenez, artea “oso tresna ona” da hiriaren eta landa ingurunearen arteko “zubi lana” egiteko. Baita bizitzeko beste era batzuk sustatzeko ere. “Nekazaritza munduarekin erlazioa mantendu behar dugu, eta ekonomia zirkularrak sustatu behar ditugu”. Haatik, argi utzi du beraien helburua ez dela “jendea hiria uztera bultzatzea”.
Edesaren esanetan, artearen balioa tresna gisa handia da, baina ez da irtenbidea: “Arteak berak bakarrik ez du ezer lortuko”. Ildo horretatik, azaldu du artea eta artzaintza uztartzea aukera pertsonala izan zela, baina beraiek garatutako egonaldi formatua beste hainbat arlo eta borrokatara zabaldu daitekeela: “Karrantzan herren zegoen hanka artzain mundua zen, eta horregatik erabaki genuen sektore horretan arreta jartzea”.