Desertua loratzeko ongarria

NATALIA SALAZAR ORBE

Txakur iharrari arkakuso guztiak. Mendebaldeko sahararren egoera deskribatzeko atsotitz aproposa. Egunerokoari aurre egiteko ohiko zailtasunei, urrian izan ziren uholdeak gehitu zaizkie Tindufeko kanpamentuetako bizilagunei. Testuinguru horretan, Sahara herriarekin bat egiteko eguna ospatu zuten joan den astean, Bilbon. Ali Salem Iselmuren Beduino bat Karibe aldean liburuaren euskarazko itzulpenaren aurkezpena baliatu zuten horretarako.

Milaka jaima eta lasto-buztinezko etxek kalteak pairatu dituzte Afrika iparraldean, basamortu gordinean ezarritako kanpamentuetan. Familia askok euren etxeak galdu dituzte, eta elikadura arazoak dituzte. Egoera hori bideratzen saiatzeko, aurtengo Sahararen aldeko karabanarako eskaera berezia egin dute. XII.a da aurtengoa. Otsailean abiatuko da bildutako guztia Afrikako herrialdera bidean. Bilbotik aterako dira itxaropenez eta laguntzaz betetako kamioiak.

Janaria da, batez ere, eskatzen dutena. Hala azaldu du Otsailak 27 Koordinadorako arduradun Edurne Ribasek. “Arroza, azukrea, pasta, lekaleak, kontserba ontziak… Galkorrak ez diren elikagaiak behar dira”. Eta konpresak. “Jendea ez da horretaz gogoratzen”.

Arropak izan dira aurtengo berezitasun nagusia. Euriteek beharrizan berri bat sortu dute. Hala ere, eskaera egin eta herritarrek berehala erantzun dute. “Arropa kiloak eta kiloak eman dituzte. Ezin dugu gehiago eraman. Trailer oso bat dugu arropaz beteta”.

Sendagaien beharrizana ere badute. Horiek eskuratzeko ardura elkarteek eurek hartu dute. “Saharan bertan galdetuta, beharrizanen araberako sendagaiak erosten ditugu”. Beraz, laguntza ekonomikoa ere beharrezkoa dute. Kontu korronte batzuk daude horretarako.

Kanpamentuetako egoera inoiz baino larriagoa dela azaldu du Euskal Fondoaren Sahara Koordinazio Unitateko kide Itziar Iturrik. Bera ere izan zen Bilboko topaketan. “11.000 familiek urteetan lortutako guztia galdu dute”.

Elkartasunik gabe, beraz, ezinezkoa izango lukete aurrera jarraitzea. Gai hori izan zuen hizpide. Bizkaiaren Sahararekiko elkartasuna erabatekoa dela dio, gainerako Euskal Herriko herrialdeen antzera. “Ia herri guztietan aurki dezakegu Sahararen aldeko elkarte bat. Bilbokoa, esaterako, estatuan sortu zen lehenengoetakoa izan zen”.

Hedabideetan, azken urteetan, Sahararen presentzia gutxituz joan den arren, gizartea oso aktibotzat jo du: “Azken urteotan elkarte berriak sortu dira. Eta, udalei dagokienez, ia denek hartzen dute parte karabanan zein Oporrak Bakean programan”.

40 urte bete berri dira Marokok Mendebaldeko Sahararen lurrak okupatu zituenetik. Beraien herriaren inbasioaren ondorioz, erbestera jo behar izan zuten askok eta askok. Bonbardaketak, napalma eta fosforoa baliatutako hilketak… Denetariko erasoak pairatu dituzte. Hala gogoratu du Jabi Zabalak. Iselmuren liburuaren hitzaurrea idatzi du, Zenbat Gara elkartearen eskutik. Herrien mintzoa bilduma berria abiatu dute liburu horrekin. Ahotsik ez duten herri zapalduei hitza eman nahi diete lan horiekin.

Okupatutako lurraldeez mintzatu da bera. Marokok legez kontra egiten duen natur baliabideen ustiaketa salaketak ekarri ditu gogora. Eta Europaren jarrera hipokrita kritikatu du. “Teorian, errespetatu egiten du nazioarteko legedia. Beste alde batetik, ordea, arrantzaren inguruko akordioak egiten ditu Marokorekin, harenak ez diren baliabideei buruz [Sahararenak dira baliabide horiek]. Eta gauza bera gertatzen da petrolio eta gas zundaketekin”.

Beraz, Saharakoa eredu pragmatikotzat jo du. “Arrazoi guztia izanda eta nazioarteko erakundeek arrazoi guztia aitortuta ere, ez badaukazu ahalmen ekonomiko eta militar handirik zure arrazoia inposatzeko, ez daukazu zereginik”.