Hotzari aurre egiteko kultur eskaintza beroa

Hotzari aurre egiteko kultur eskaintza beroa

Neguko hotzean pentsatuta, manta baten azpiko etxeko epeltasuna eta kafesne bero bat irudikatzeko joera izaten da sarri. Horretarako beta beti izango da. Hala, berogarriak jarri eta kalera ateratzeko sasoia iritsi da. Aitzakiarik ez dago. Bilbon ez, gutxienez. 130 jardueratik gora dakartza aurten Kultur Gabonak programak.

Denera, 132 ekitaldi prestatu dituzte hiriko barruti guztietan. Ez dira faltako antzerkia, kontzertuak, zinea, arte eta argazki erakusketak, folklorea, ipuin kontalariak, txotxongiloak eta magia. Aspertzeko tarterik ez da izango batean eta bestean. Egitaraua azaroan abiatu zuten, eta urtarrilera arte iraungo du.

Zinea izango da leku askotan eta sarri landuko dituzten diziplinetako bat. Egunik Laburrena film laburren zikloa antolatu dute Castaños, Otxarkoaga eta Zorrotzako udaltegietan: abenduaren 18, 22 eta 23an izango dira emanaldiak. Bestalde, urtarrilaren 4an Otxarmetraje 2015 film laburren lehiaketa hartuko du Otxarkoagak.

Zine kurduak toki handia hartuko du Santutxuko udaltegian: abenduaren 14tik 18ra bitartean, hari buruzko erakusketa jasoko dute. Bertan, bost film eskainiko dituzte. Horien artean, hauek izango dira: Kobane, volver a empezar, Los niños de Diyarbakir eta Canción de mi madre.

Euskal film laburrak

Deustura Udazkeneko Kultura zikloa baliatuta, euskal zinegileen zenbait film labur emango dituzte bertako udaltegian. Abenduaren 15ean egingo dute ekitaldia. Bertako egileen lanak ikusteko aukera izango da 19:30etik aurrera.

Arte eszenikoek ere leku handia hartu ohi dute Kultur Gabonak programan. Aurten beste horrenbeste gertatuko da. Nagusientzako XIV. Antzerki Astea egingo dute Otxarkoagako udaltegian, datorren astetik aurrera. Abenduaren 10ean hasita, hilaren 17ra arte iraungo du saioak. Besteak beste, antzezlan hauek eskainiko dituzte: Los diamantes de Marbella, Epa Galdakao, No me hables de Felipe V eta Beti gazte. Antzezlan gehienak gazteleraz izango dira.

Bilboko Zirkuituak bere ibilbidearekin jarraitzen du. Hala, sortzaile berrien lanak ekarriko dituzte Uribarri, San Frantzisko eta Basurtura. Hiriko proposamen freskoenak hartuko dituzte hiru barruti horietan.

Gainerakoan, zirkuituetatik kanpoko antzerki saioak ere aurkitzeko aukera izango da, batean eta bestean. Joseba Usabiagak, esaterako, Oroitzapenak lana taularatuko du, hilaren 10ean, Deustuko udaltegian. Hilaren 17an, Futbolariak eta printzesak eramango du Castañosera, Eidabek.

Musikaren atalean, hainbat kontzertu izango dira. Naroa Gaintzak 22 metro koadro bere azken diskoa aurkeztuko du abenduaren 10ean, Castañoseko udaltegian.

Bestalde, Erizek eta Mariak osatzen duten Hutsa bikoteak egun bat geroago eramango du agertoki berera Amnesia bere azken lana. Finantzaketa kolektiboaren bidez lortu du talde akustikoak diskoa kalera ateratzeko laguntza.

Mila Musika Hari zikloak gitarra izango du protagonista. Gitarraren inguruan sortzen diren musikei buruzkoa da. Gitarrak mundu osoan dituen adierazpide eta aldaera guztien eta, oro har, harizko musika tresnen inguruan sortzen diren musikei buruzko gorabeherak izango dituzte aztergai. Kontzertuak ere izango dira: hilaren 10ean egingo dute zikloko bigarrena eta azkena izango dena, Abandoko udaltegian.

Gabonetako Abesbatza Kontzertu Klasikoak ere ez dira faltako. Bizkaiko Abesbatzen Elkartearekin elkarlanean antolatzen dira. San Ignazio, Deustua, Castaños, Abusu, Zazpikaleak, Abando, Errekalde, Santutxu eta Basurtu auzoetan egingo dituzte kontzertu horiek, hilaren 12tik 30era bitartean. Ziklo hori osatzeko, Nagusientzako Abesbatzen XI. Astea egingo dute Otxarkoagan, hamaika abesbatzaren parte hartzearekin.

Expodistritok pintura, grabatua eta argazkigintza lantzen dituzten erakusketak eramango ditu udaltegietako aldi baterako erakusketa zikloetara. Horien artean, nabarmentzekoak dira Hiri asko bere baitan eta Musika eta paisajeak. Lehenengoak argazkilaritza, literatura eta musika uztartzen ditu. Bigarrenak, berriz, pintura lanak jaso ditu.

Urteetan ohiko bihurtu den jaiotzen eta diaporamen erakusketa ere ez da faltako Otxarkoagan.

Helduak ez eze, umeak ere kontuan izan dituzte programazioa eratzeko orduan. Hainbat auzotan magia edo ipuin kontalarien saioak izango dituzte. Lau urtetik gorakoentzako Olentzerorena eramango du Alberto Bargosek Deustuko udal liburutegira, hilaren 12an. Jakin eta Jolasek, berriz, Skratx aurkeztuko dute Deustuko udal liburutegian. Clown saioei dagokienez, Puski eta Txurruskik Barre laborategian izandako abenturen eta gorabeheren berri emango dute, Uribarrin.

Urtea kulturaz gozatuz eta berau uztartuz eta zabalduz bukatzeko aukera eskainiko du Kultur Gabonak egitasmoak. Berdin hasi ahal izango dute urte berria bilbotarrek.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

kulturabarrutik.net