Jaietako txupina botatzen den leku berean aurkitu dugu Argia Ituarte Ondarroako alkatea. Bertatik Calatravaren zubia, Alameda eta Ondarroako portuaren zati bat ikusten ditu. “Portua ikustearekin batera, portuko jarduera jaitsieraren ondorioz Ondarroan izandako bizimoduaren aldaketa etortzen zait bat-batean burura”.
Alamedan, berriz, mugimendu gutxi atzematen du frontoi gaineko behatokitik. “Neguan eta eguraldi honekin joan-etorri gutxi egoten da goizetan”.
Agintaldia hasi eta alkate kargua hartu zuenetik sei hilabete igaro dira, eta herritarrek sumatu dituzte udal berriak egindako aldaketak. Izan ere, Argia Ituarte ren udal taldeak kargua hartu bezain pronto, aurreko urte “ilunei” aurre egiteko asmoz, gardentasunean eta parte hartzean oinarritutako udala martxan jartzeari ekin zion. “Argi daukagu bide horretan akats asko egingo ditugula, baina akatsetatik asko ikasten da, eta hau guztia ikasketa prozesu bat izango da. Gardentasunez eta jendeak parte hartuta lan egin gura dugu, baina hori ez da egun batetik bestera egiten den kontua; bide luzea daukagu aurretik. Aurten egindako ahaleginak bide horretan emandako lehen pausoa baino ez dira”.
Jendearen parte hartzea bultzatzeko, aldaketak egin behar izan dituzte. “Aurreko lau urteak oso arrotzak izan dira Ondarroan. Kudeaketa taldearen eraketaren ostean, herritarren zati handi batek udaleko ateak itxita eduki ditu, eta egoera horri buelta eman nahi izan diogu”.
Udala herritarrengana gerturatzeko, komunikazioa hobetzen saiatzen ari dira Ondarroan. “Komunikazio bideak zabaltzeko premia ikusten dugu. Herritarrek udaletik informazio zuzena jaso behar dute”. Orain arteko web orriari bizitasuna eman nahian, aldaketak egin dituzte, agenda eguneratu, osoko bilkuretako informazioa bildu… Horrez gain, urteetan egin duten moduan, Udal barriak egunkaria berriz martxan jarri dute, udalaren berri zabaltzeko herrian. Azkenik, herritarren iradokizunak jasotzeko, postontzi bat eta herritarren beharrizanak jasotzeko telefono zenbaki bat ere jarri dute.
Parte hartzea sustatzeko, halaber, alde batetik batzordeak eratu dituzte. Zinegotziekin batera antolatuta dauden lan talde eta auzo batzarretako ekarpenak jaso dituzte, hurrengo aurrekontuetan, ahal den neurrian, iradokizun guztiak kontuan izateko. Informazio guztia bildu ostean, osoko bilkuran onartutako aurrekontuak aurkezteko, urtarrilean batzar bereziak egingo dira herrian.
Parte hartzea gauza potoloa da. Ez da egun batetik bestera aldatzen den kontua. Prozesu oso bat legez ulertu behar da. Ondarroan lehen pausoak eman dituzte, baina bidean estropezu egingo dutela jakinda, eta aurrerantzean estropezu horietatik ikasteko asmoarekin. “Parte hartzen ikasi egin behar dugu, eginez ikasi. Orain arte egindakoa abiapuntu bat baino ez da izan”.
Gardentasunari dagokionez, gauza bera gertatzen da. “Kudeaketa osoa gardena izan dadin ahalegintzen ari gara, baina akatsak egiten ditugu. Hurrengoan akats horiek berriz ez egiten saiatuko gara”.
Parte hartzea eta gardentasuna sustatzeaz gainera, aurreko agintaldian zehaztutako proiektu asko berriz aztertzeko beta ere hartu dute Ondarroako Udalean. “Proiektu asko norbaitek onak izango zirela pentsatu zuelako egin dira gure herrian. Guk gure zalantzak dauzkagu proiektu horien inguruan. Horregatik, aurreikusita zeuden gauza batzuk berriz planteatu behar ditugu; oraingo krisi egoera honetan, lehentasunak zehaztu eta proiektu batzuk alde batera utzi behar izan ditugu”.
Lehentasunak finkatzen
Moldatu beharreko proiektu bat Zaldupetik Allerira doan pasealekua izan da. Proiektu hori dela eta, adostasuna lortu da erreklamazioak jarrita dauzkaten taldeekin, eta proiektuaren zati bat bertan behera gelditu den arren, bi guneak lotzen dituen pasealekua urte bukaerarako eginda egotea espero dute.
Bertan behera geratu den beste lan bat, Futbol 7ko belar artifizialeko zelaia da. Iaz egitekoak ziren, baina gaiari buelta asko eman ostean, zelai berria ez da egingo. Izan ere, Bilduren ustez, ez luke herriko futbol taldeek duten arazoa konponduko.
Aldaketa horietaz gainera, lan handia egingo du zerbitzuen arloan. “Udaleko zerbitzuen antolaketa aztertu dugu eta, aurretik esan genuen bezala, ahalegina egingo dugu azpikontratazio sistema ahal dugun neurrian aldatzeko. Erabaki horri lotuta, dagoeneko lau lanpostu sortu ditugu; garbiketa lanetarako eta zaharren egoitzarako”. Krisi garai hauetan apustu garrantzitsua dela pentsatzen du Ituartek. “Urte eta garai txarrak datoz lanpostu berriak sortzeko, baina langileen baldintzak asko hobetuko dira”.
Hasierako hilabete hauetan, izan ez duten errelebo naturalak utzitako hutsuneak betetzen eta udaleko zerbitzuak aztertzen aritu dira. Aurrerantzean, gardentasunez lan egiteko apustuari ekin diote, udala Ondarroako herritar guztiek osatu behar dutela kontuan hartuta.