Animalien eskubideez behin eta berriz hitz egiten den garai honetan, Getxoko Udalak urrats bat gehiago egin du arlo horretan. Izan ere, Equo alderdiak proposatutako egitasmo bati jarraituz, udalak abereen tratu egokia bultzatzeko mozio bat onartu zuen azken osoko bilkuran.
Ana Moreno Equo alderdiko animalien arloko arduradunak uste du lan egin behar dela abereen tratu egokiaren alde: “Animaliek, izaki bizidunak izanik, eskubideak dituzte, pertsonek bezalaxe, eta horiek babesteko gogor lan egin behar dugu”. Eta ez hori bakarrik; erantsi du eskubide horiek ezin direla baztertu tradizio, ekonomia edo kultur arrazoiak tarteko: “Ezin da bereizkeriarik egin; ez da onargarria”.
Horrez gain, udalak azaldu du saihestu egin nahi dituela egoera jakin batzuk, non animaliak fisikoki edo psikologikoki gaizki tratatzen dituzten. “Animaliei tratu etikoa dagokiela aitortu eta eman egin behar zaie, eta ez edonola torturatu”, mintzatu da Moreno. Era berean, nabarmendu du gizarteak eskubideen arloan aurrera egingo badu denok batera lan egiteagatik izango dela: “Gizarte honetan aurrera egingo badugu, batak bestea errespetatu beharko dugu; bestela, ezer gutxi lor daiteke”.
Equo alderdiko kideak adierazi du erabakiak izugarri poztu duela: “Getxok animalien eskubideak babesteko lan egingo duela entzuteak bereziki poztu nau”. Eta, horregatik, Morenok eskertu egin nahi du mozioa aurkeztu eta onartu duten alderdi guztien jarrera: “Eskerrak eman beharrean nago egitasmo hau onartzeko baiezkoa eman duten guztiei”.
Getxoko Udala ez da izan Equo alderdiaren proposamena onartu duen bakarra. Aurretik, beste hiru udalerrik ere erabaki berbera hartu dute Bizkaian: Santurtzik, Barakaldok eta Abantok, hain zuzen ere.
Bizkaiko herrietan abereen alde jarduteko abian jarri den proiektua egonkortzeko helburua du Morenok; horrekin, uste du EAEko gainerako lurraldeetara hedatuko dela. “Probintzia honetako hainbat herrik hartu duten jarrera Araba eta Gipuzkoan ere sakondu beharko da”. Equoko ordezkariak dio lau udalek hartutako jarrera txalogarria dela, “baina, erakundeek ez ezik, herritarrek ere ahaztu ezin duten kontua da animaliena”, erantsi du.