Igorreren etorkizuna herritarrak eurak hasi dira idazten

Zer-nolako herria gura duten herritarrek eurak erabakitzeko bidea abiatu dute Igorren. Dagoeneko, udalerriko parte hartzea antolatzeko bi foro egin dituzte abenduan. Iñaki Iturriotz Zuluaga Komunikazioa, Herri parte-hartzea eta Herritarrekiko Harremanak arloko zinegotziak jakinarazi duenez, 70 herritarrek hartu dute parte foro horietan —30 emakumek eta 40 gizonek—.

Herriak 4.200 biztanle inguru dituen arren, balorazioa “oso ona” dela azaldu du, Igorren inoiz egin den “parte-hartze ekintzarik handiena” izan dela gogora ekarrita. “Udala —zinegotziak—, teknikariak eta herritarrak, hiru erpin horiek bat egitea” lortzea garrantzitsutzat jo du.

Foro horietan gai jakin baten inguruan erabaki zehatzik ez dutela hartu azaldu du Iturriotzek. “Gehien motibatzen gaituena aurrekontuak dira, eta orain mahai gainean daukagun hirigintza alorreko plan orokorrerako ere baliagarria izango zaigu bi foro horietan ikasi duguna”, esan du.

“Auzoetara jo behar dugula, jendearengana geu hurbildu behar garela; arlokako eta auzokako banaketa egin behar dugula; lekuak ondo aukeratu behar direla eta komunikazio kanpainak garrantzi handia duela” ikasi dute, besteak beste.

Martxo aldera parte-hartze foroak berriro ere martxan jartzeko asmoa iragarri du zinegotziak. Hain zuzen, hirigintzako plan orokorra herritarrei erakutsi, eta Igorre zortzi urte barru zelakoa izango den ikus dezaten gura dute. Arlo horretan, foroetan ikasitako teknikak erabiltzea pentsatu dute.

Igorreko herriarentzat garrantzitsuak diren alorrak erabakitzeko orduan herritarrek parte hartu behar dutela ebazteaz gain, auzolana berreskuratzeko erabakia hartu zuten bi foroetan eztabaidatzen ari ziren herritarrek. Iñaki Iturriotzen ustez, “oso garrantzitsua” da alor hori. Gogora ekarri du, gainera, lehenago Igorre inguruan ohitura zegoela, besteak beste, “bideak auzolanean garbitzeko”.

Eta lan hori berreskuratzeko helburuagaz, aurrera begira egin daitezkeen eginbehar batzuk pentsatu dituzte jada: “Nahiko abandonatuta dagoen zubi bat daukagu herrian, eta handik ibilbide bat egin daiteke; bestalde, erreka urtero garbitzen da auzolanean; guraso talde bat prest dago haurtzaindegia bera ere auzolanean berritzeko… Beraz, gure ustez, auzolana bide bat da parte hartzerako, eta, batez ere, aurrera begira erabili beharreko tresna gisa ikusten dugu”, adierazi du, egoera ekonomikoari ere aipamen eginez. Horrez gain, Udalaren eta herritarren arteko integraziorako bide bat ere badela azaldu du.

Parte hartzea bultzatzeko lan horretan hasierako pausoak besterik ez dituztela eman uste du Iturriotzek. “Badakigu proiektu honek bigarren fase bat behar duela, eta, proiektua behar bezala gauza dadin, beharrezkoa da aurrekontuetan horretara bideratutako partida bat egotea”. Bigarren fase hori 2012an garatzeko asmoa agertu du.