Zirkulazioa arindu eta berotegi efektua eragiten duten gasen isurketak murrizteko helburuarekin jarraitzen du Durangoko Udalak, besteak beste, eta lan hori burutzeko datozen hiletan hamalau semaforo kenduko ditu. 2006az geroztik 60 semaforo kendu dituzte; azkenak, Ermodo eta Frai Juan Zumarraga kaleen artean zeudenak.
Mari Jose Balier hirigintza batzordeko buruaren arabera, udalak “buruhauste handiak” izan ditu azken urteotan zirkulazioak gora egin izanaren ondorioz. Hori dela eta, ahaleginak eskatu ditu “hiri politikaren esparruan garapen iraunkorra lortzeko, ibilgailu partikularrik gabeko mugikortasuna sustatzeko eta berotegi efektua eragiten duten gas isurketak murrizteko”. Helburu horiek lortzeko azpiegitura sarea planifikatu behar dela adierazi du, “ibilgailuek bide gurutzeetan egiten dituzten geldialdiak murrizteko —semaforoak kenduz, esaterako—”. Hori da, haren ustez, “hiriko zirkulazioa arintzeko eta eragingarriagoa bilakatzeko irtenbiderik egokiena”.
Helburu hori lortzeko bidean, Durangoko sarreran, Iurretako zubiaren ondoan egiten ari diren biribilgunea amaitzen dutenean —Frai Juan Zumarraga eta Alluitz kaleen artean egingo duten biribilgunean— kenduko dituzte hamalau semaforook.
Irtenbidea zirkulazio arazoei
Biribilgune horren bidez zirkulazio arazoei irtenbidea emango dietela uste du udalak. Bidegurutze horretan ibilgailu asko egon ohi direla ekarri du gogora; izan ere, Frai Juan Zumarraga kalea hiri antolaketaren ardatz nagusienetakoa dela azaldu du, eta, era berean, hirirako sarbide garrantzitsuenetako bat.
Biribilgune horrek ibilgailuei “mugikortasun handiagoa” emango diela deritzo udalak. Bide batez, oinezkoen segurtasuna areagotuko duela azaldu du.
Lan hori bukatu eta semaforoak kendu ostean, norabide aldaketa egin ahal izango dute ibilgailuek Iurretaraino edo Landako eta Frantzisko Ibarra kalearen arteko biribilguneraino joan beharrik gabe. Horrez gain, oinezkoei lehentasuna emango dietela jakinarazi du udalak, haientzako pasabideak jasota. Obrak maiatzean hastea espero du udalak, eta abuztuan bukatzea. 275.000 euro gastatuko dituzte horretan.