Peru Azpillaga
Bertsolarientzat urteko zitarik garrantzitsuena izan da beti Bertso Eguna, eta hala izango da aurrerantzean ere”. Hala mintzatu da Jon Agirresarobe Bertsozale Elkarteko kidea. 2018ko Bertso Egunaren antolatzaileetako bat izanik, buru-belarri dabil lanean egitasmoari azken zertzeladak ematen. Urte bateko geldialdiaren ostean, berrikuntza eta guzti itzuli da bertsozaleen egun handia: lehen aldiz bere historian, Donostiatik atera eta beste toki batean ospatuko da; Mungian, hain zuzen. “Oso eskertuak gaude urteetan Donostiako Udalak emandako laguntzarekin, ibilbide luzea egin du han Bertso Egunak, baina geografikoki ere eragiteko garaia zela uste genuen; Donostiatik kanpo eta hiriburuetatik kanpo”, azaldu du.
Gipuzkoatik, Bizkaira; hiriburutik, herrira. Agirresarobek jakinarazi duenez, aurrerantzean Bertso Eguna “ibiltaria” izango da: “Bertsozale elkarteak oso presente du lurraldetasun irizpidea bere jardunean; bertsoa bizirik dagoen lurralde guztietan eragiteko helburua izanik, Bertso Eguna, urtero-urtero, herri desberdin batean ospatuko da”.
Donostiatik Mungiara hedatu da bertso festa, eta, bi lekuen ezaugarriak guztiz bestelakoak izan arren, badirudi horrek ez dituela bertsozaleak inondik inora uxatuko. Hori dela eta, seguruenik, Donostian bezala, Mungiako kaleak mukuru beteko dituztela espero du Agirresarobek, kaleak eta tabernak errimaz eta kantaz josiz.
Lanak “oso ondo” doazela nabarmendu, eta Mungia aukeratu izanaren arrazoien berri ere eman du: “Bai Mungiako Udala eta baita Taket bertsolaritza elkartea ere oso borondatetsu aritu izan dira beti bertsolaritzarekin; beti egon dira laguntzeko prest, eta bagenekien erantzuna baiezkoa izango zela”. Agirresaroberen aburuz, herria lanerako gogo handiarekin agertu da, eta, horretaz gain, sarreren salmentak iragartzen du bertsozaleak ere festaz gozatzeko gogo betez daudela. Guztira, 600-700 sarrera atera dituzte, eta salmentak martxa onean joan dira. Atzo jada sarrera guztiak salduta daudela ageri zen Bertsosarrerak.eus web atarian.
Bueltan, inoiz baino biziago
Baina erabakiak ez dira egun batetik bestera hartzen, eta, aurrerapauso berri hori emateko ere, denbora behar izan du Bertsozale Elkarteak. Horregatik ez zen Bertso Egunik ospatu aurreko urtean. “Azkenean, etapa bat itxi eta hurrengoa irekitzeko, denbora ez da batere lagun txarra izaten. Guk ere gogoeta osatu beharra genuen, eta, horretarako, denbora ezinbestekoa da”. Gainera, txapelketa urtea zenez, bertsolaritza plazetan oso aktibo egon den urtea izan dela dio Agirresarobek. Beraz, egokia iruditu zitzaien Bertso Egunari eten hori egitea, “bereziki, gogoetaldia ondo egin ahal izateko”.
Joan den urteko atsedenaren ostean, ordea, herdoiltzetik urrun, inoiz baino biziago dator aurtengo saioa. Tokia aldatzearekin batera, formatua ere berritu dute; neguko haize hotzak egitarauari ufada freskagarria ekarri izan balio bezala. Aurreko ekitaldietan, arratsaldeko saioa zen egunaren muina; aurten, goiza ere ekintzaz bete dute. Gainera, egunaren egitura osoa itzulikatu egin dute berrikuntza nagusi batekin: lehen aldiz, bertso bazkaria egingo da; baina ez da bazkari bakarra izango, hiru baizik. Agirresarobek erabaki horren zergatia azaldu du: “Hiru otordu izango dira, hiru elkartetan. Gure ustez, 80 pertsona inguruko espazioak hobeak dira bertsotan aritzeko bertso bazkari handi-handiak baino”. Beraz, hiru bazkari egongo dira, eta bakoitzean bina bertsolari arituko dira, hain zuzen ere: Julio Soto eta Onintza Enbeitia, Sustrai Colina eta Miren Amuriza, eta Igor Elortza eta Jone Uria. “Pixka bat bitxia” izango dela aitortu du antolatzaileak, herri batean hiru bertso bazkari paralelo egotea ez baita batere ohikoa. Hortaz, zaleek erabaki beharko dute hiruretatik zeinetara joan.
Hori baino lehen, ordea, musikarien eta bertsolarien arteko gogoeta egiteko mahai inguru batekin emango diote hasiera egunari. “Bertsozaleen bilgune izateaz gain, gai jakin bat lantzeko ahalegina egiten dugu, ahalik eta ikuskizun ederrena eskaintzeko”, jakinarazi du Agirresarobek. Gai hori, aurten, kantagintza, letragintza eta bertso paperak da, egun bertsogintzan “oso presente” dagoen gaia. Izan ere, hainbat bertsolarik parte hartzen dute letren sorkuntzan.
Hari horretatik tiraka, amaierako jaialdiak borobilduko du eguna, bertso saio nagusiarekin. Bertan, bertsolariekin batera, hainbat artista gonbidatuk ere hartuko dute parte. Haien artean izango dira Patxo Telleria eta Mikel Martinez antzerkilariak, Adrian Garcia de los Ojos musikaria, eta Jon Martin bertsolari, idazle eta abeslaria.