N. Salazar – A. Laskibar
Aspaldi ikusten ez ziren koloretako billete eta txanponak azaldu dira Elorrioko hainbat saltoki eta tabernatan. Ahaztuta ziruditen izenak itzuli dira salerosketa operazioetara. Euroaren ordez, pezetak erabiltzeko aukera zabalik dute herrian joan den abenduaz geroztik. Elorrioko Merkatarien Elkarteak eta Filatelia-Numismatika elkarteak elkarlanean antolatutako egitasmoa da Pezetaren Itzulera.
Etorkizunera zein iraganera denbora bidaiak egiten zitueneko filma gogorarazten duen irudia baliatuta darabilte ekimena, eta hilaren 31ra arte egongo da martxan. Kutxa zaharretan, armairuan aspalditik gordeta dagoen beroki zahar baten poltsikoan zein tiradera baten barren-barrenean gordeta zeuden pezeten balioa ez galtzeko aukera eskaini dute hala. Juan Mari Lersundi ekimenaren sustatzaile Filatelia-Numismatika elkarteko kideak azaldu ditu ekimen bitxi horren helburuak: “Batetik, dendei laguntzea, erosketak sustatzeko. Bestetik, etxean pezetak dituztenei horiek aldatzen laguntzea”.
Izan ere, uste baino gehiago dira txanpon zaharrak etxean gordeta dauzkatenak; uste baino herritar gehiago, eta uste baino pezeta gehiagorekin. Harrigarria da Lersundik eman duen datua: kalkulatzen da 1.600 milioi euro daudela Espainiako Estatuan sakabanatuta, pezetatan; 842 milioi euroren baliokideak billetetan, eta 799 milioirenak txanponetan. Alegia, 34 euro inguruko balioa duten billete eta txanponak ditu herritar bakoitzak pezetatan, batez beste.
2000. urtetik merkatutik kanpo dagoen txanpon horretan Bizkaian ere diru asko dagoela frogatu dute dendariek. Mila pezetako billete ugari ikusi dituzte azken asteetan, eta txanpon asko. “10.000 pezetako billete bat aldatu behar duela esan dit lagun batek”, dio harrituta Lersundik. Berak ere ez zuen halako arrakastarik espero.
54 denda eta tabernatan
Elorrioko 54 denda eta taberna ari dira egitasmoan parte hartzen. Euren produktuak euroen truke saltzen dituzten bezala, pezeten truke ere saltzen ari dira bi hilabetez; abenduan eta urtarrilean. Arropa dendak, harategiak, lentzeria dendak, tabernak… denetariko saltokiek bat egin dute egitasmoarekin; “baita txinatarren bazar batek ere”.
Saltzaileak askotarikoak, eta erosleak ere denetarikoak. Elorriokoek bertakoek bai, baina herritik kanpo joan zaizkienek eman diete atentzioa: “Etorri da jendea Bergaratik, Santurtzitik eta Zornotzatik, Elgoibartik ere bai…”, azaldu du Lersundik. Eta, transakzio txikiak bai, baina handiak ere egin dituzte lehen egunetatik: “Egin da 8.700 pezetaren aldaketa, 18.000 pezetarena, 700 ingurukoena…”.
Gustura daude denak; saltzaileak eta erosleak. Egitasmoa bertako komertzioa bultzatzeko ere baliatu nahi zuten antolatzaileek, eta lortu dutela dio Filatelia-Numismatika bildumazale elkarteko kideak. “Dendariak eurak ere harritu dira izan duen oihartzun handiarekin. Poz-pozik daude. Ez zituzten kristoren salmentak egingo pezetekin, baina azkenean zabaldu da kontua”. Hedabideen aldetik jaso duten arretak ere harrituta dauzka guztiak.
Erosleei dagokienez, kasik ahaztua zuten diru batekin ari dira egiten erosketak, eta gustura ari dira; batzuk, jolasean ari balira bezala. Bildumazaleak ere pozik. Sobera dituzten pezetak aldatzeko aukera dutelako batzuk, eta ez dituztenak biltzeko aukera dutelako besteak.
Filatelia-Numismatika elkartea arduratuko da dendetan batutako pezetak jasotzeaz. Balio ofizialaren araberako trukea egingo du: 166,386 pezetako, euro bat. Erosleek ere balio horren arabera egingo dituzte erosketak, eta, beraz, inork ez du diru onurarik jasoko. Izan ere, zerbitzua eskaintzea eta bertoko merkataritza suspertzea dira ekimenaren helburu bakarrak, eta kontuan izan behar da Banco de Españan soilik alda daitezkeela pezetak. Gainera, 2020. urtearekin batera amaituko da hartarako aukera, betiko.
Dozenaka herritarrek baliatu dute egitasmoa, beraz, baina beste batzuek ez dituzte etxean dituzten txanpon zaharrak erabili nahi izan. Nostalgia kontua, kasu askotan, oroitzapen gisa gordeta mantendu dituzte askok.