Egoera ekonomikoak eta lehiatu beharrak bultzatuta, sektore batzuetako eta besteetako profesionalek euren produktuak besteetatik bereizteko ahalegina egin beharra dute garaiotan, eta Bizkaiko merkatarien Bizkaidendak elkarteak eta Bizkaiko harakinen Okelbiz elkarteak produktu berri bi aurkeztu berri dituzte: saltxitxak eta hanburger mota bi. Osagai eta gehigarri erabat naturalak dituzte, eta osasungarriagoak dira, Alberto Izarzugaza Okelbiz elkarteko presidenteak azaldu duenez.
Azti-Tecnalia fundazioa aditua da elikadura ikerkuntzan, eta harekin elkarlanean garatu dituzte produktuok. Aztiko adituek egin dituzte ikerketak, eta dastatze bidez aukeratu dituzte elkarrekin Bizkaiko kontsumitzaileari zein gusta dakiekeen gehien. “Gure ingururako zaporerik aproposena iruditu zaiguna aukeratu dugu”, azaldu du Victor Martinez de Soriak, harakinen elkarteko irakasleak.
Gatz eta koipe gutxiago
Txahal eta txerri okelaz egindako jakiak dira hirurak, baina, osagai naturalak izateaz gain, ohi baino gatz eta koipe gutxiago daukate. Gatzik gabeko jakiaren zaporeari bizigarria emateko elementu naturalak bilatu dituzte, ordea. Hain zuzen, hanburgerrei dagokienez, batak oliba berde eta beltzak, piper gorria eta kipula errea dauzka, Martinez de Soriak zehaztu duenez. Bigarrenari, bestalde, Idiazabalgo gazta eta pipermina gehitu dizkiote.
Lauzpabost dastatze egin zituzten horretarako, “begiak itxita”, Izarzugazaren arabera. Hala ere, osagaiak zeintzuk diren esan ordez, euren nahia bezeroek produktuok dastatu eta zer iruditzen zaien esatea da, Okelbizeko presidentearen esanetan. Horretarako, martitzenean komunikabideen aurrean egin zuten aurkezpen ekitalditxoaz gain, datorren asteko eguaztenean, hilak 18, jendaurrean beste aurkezpen bat egingo dute —Aztiko aditu eta guzti— , Mungian San Antontxu eguneko azoka nagusia izango dutela aprobetxatuta; produktu berriak dastatzeko aukera izango da han ere.
Nutrizio aldetik, hobeak
Nutrizio aldetik ere, gainera, hobekuntza nabarmena izango dela jakinarazi dute. Izan ere, Okelbiz elkarteak emandako datuen arabera, ohiko hanburger batek 100 gramo bakoitzeko 253 kilokaloria ditu, 20 gramo koipe, 17 gramo proteina eta 129 miligramo sodio. Hanburger berriek zazpi gramo koipe daukate, 16,50 eta 19 gramo arteko proteina eta 116 eta 223 miligramo arteko sodio.
Gero eta diru gutxiago dagoela eta herritarren erosahalmena gero eta txikiagoa dela entzutean, “kexatu eta negar egin beharrean”, harago egin nahi izan zuten. “Zerbait berria eta hobea egin behar genuela pentsatu genuen”. Hala azaldu du Izarzugazak. Proiektuagaz bi urte daramate. Jaurlaritzak SPRIren bitartez emandako diru laguntza bati esker osatu dute Aztiren ikerketa, eta, orain, Bizkaiko harategietan erosteko aukera izango da.