“Metal batzuen kontzentrazioa handia da gune batzuetan”

Ingurumena aztertzeko erabiltzen du kimika Ainara Gredilla kide den EHUko ikerketa taldeak. Credillok itsasadarreko sedimentuen eta uretako metal astunen kontzentrazioa aztertu du aurkeztu berri duen doktore tesian. Gainera, berrikuntza ugari ere ekarri du Credillok; izan ere, metodo tradizionalez gain, “berdeagoak” ere erabili ditu, kimiometrian oinarrituak.

Zein izan da, zehazki, zure ikerketaren helburua?

2008 eta 2011 bitartean Nerbioi-Ibaizabal itsasadarreko metalen kutsadura aztertu dut, bai uretan eta bai sedimentuetan. Nire tesiaren zuzendari Silvia Fernandezek egindako lanaren jarraipena izan da, hark antzeko ikerketa bat egin baitzuen 2005etik 2008ra. Tesiaren funtsa berbera izan da biontzat: metal astunen kontzentrazioa aztertu dugu, baina aplikazio ezberdinak erabili ditugu helburu hori lortzeko. Asmoa izan da kutsadura metalikoaren bilakaera neurtzea espazioan eta denboran; horretarako, hiru hilabetean behin hainbat lagin hartu ditugu itsasadarreko zortzi puntutan, hiru urtez; guztira 32 lagin, bai ibaiadar txikietan —Gobelan, Galindon, Cadaguan eta Asuan—, eta bai jario nagusian jasoak —Zazpikaleetan, Zorrotzan, Udondon eta Arriluzen—.

Horretarako, metodo aitzindari bat erabili duzu.

Egia esan, sedimentuen kasuan, bi metodo erabili behar izan ditut: bai tradizionala, bai alternatiboa. Lagin bakoitza betiko teknikarekin aztertu dugu —hau da, erauzketa erabiliz—, zehazteko zein den sedimentu horietako metal astunen kontzentrazioa. Dena den, teknika espestroskopikoak ere erabili ditut, izpi infragorriak eta X izpiak erabiliz. Bi metodo horien bidez jasotakoa bildu dut gero: metodo tradizionalekin zehazturiko metal astunen kontzentrazioa eta izpiek jasotako informazioa. Biak konparatuz, eta kimiometria aplikatuz, eredu matematiko batzuk zehaztu ditut, formula antzeko batzuk. Hamalau metalen kontzentrazioa aztertu dut, eta beste horrenbeste ekuazio osatu ditut, beraz.

Zertarako balioko dute formula horiek?

Lortutako eredu matematiko horiei esker, hurrengo laginketetan ez da beharrezkoa izango betiko metodoak erabiltzea hartutako sedimentuen metal kontzentrazioa jakiteko; izpien bidez jasotako informazioa aztertu, eta ekuazio matematiko horiek aplikatzea nahikoa izango da. Etorkizuneko ikerketetan baliagarria izango da itsasadarrean garatu dugun metodo berri hori.

Zein dira ohiko metodoen desabantailak?

Normalean erabiltzen ditugun analisi teknikak garestiagoak dira, eta elementu arriskutsuak erabili behar izaten dira; azidoak, adibidez. Izan ere, metodo tradizionalak aplikatzeko erauzketa egin behar da, hau da, sedimentuan dagoen eduki metalikoa egoera likidora pasatu, azken substantzia hori analizatu ahal izateko. Orain, izpien bidezko metodoei esker lortutako eredu matematikoen bidez, laginak jaso eta hamalau metal astunen kontzentrazioa jakin ahalko dugu zuzenean. Horrela, ez da azidorik erabili beharko, hondakin gutxiago sortuko ditugu, eta, gainera, laginak bere propietateei eutsiko die, beste analisi batzuetan erabili ahal izateko.

Itsasadarreko ura aztertzeko ere prozedura bera erabili duzu?

Ez, ikerkuntza eredu berri horiek sedimentuetarako bakarrik garatu ditugu, uraren kasuan matrize konplikatuagoa beharko litzatekeelako. Nire tesian, uraren kutsadura metalikoa ere aztertu dut, baina betiko metodoekin. Sedimentuekin egin dugun moduan, zortzi eremutan jaso ditugu laginak hiru hilabetean behin, itsasgoran eta itsasbeheran, sakonera handietan eta gainazalean.

Itsasadarra gero eta garbiago dagoela diote…

Nire ikerketa taldeak aztertzen eman dituen sei urteetan, kutsadura organikoa alde batera utzirik, ondorioztatu dugu gero eta txikiagoa dela metal astunenen kontzentrazioa. Hala ere, gune jakin batzuetan, metal batzuen kontzentrazioa berez izan behar lukeen baino handiagoa da. Inguruko geologia dela eta, uretan aluminio, kobre eta manganeso asko dago, eta sedimentuetan aluminio, magnesio eta burdina nahikotxo. Sedimentuak aztertuta, berezko balioetatik gora daude eremu batzuetan kadmioa, beruna eta zinka.

Eta zein izan daiteke gehiegizko kontzentrazio horien jatorria?

Historian, industria jarduera handia egon da Nerbioi-Ibaizabal itsasadarraren inguruan, eta nabariak dira jarduera horren ondorioak, sedimentuetan batez ere. Errepidetik ere ailega daitezke metal astunak uretara, euriaren eraginez; eta beste erreka txikiago batzuetatik ere bai.

Horrez gain, eremu batzuetan uretako metalen kontzentrazioa igo egin dela sumatu dugu. Hipotesi bat besterik ez da, baina uste dugu sedimentuen eta uraren arteko mugimendu biogeokimikoen eraginez izan daitekeela; inguruko baldintzen arabera, batetik bestera igaro daitezke metalak.

Zein ondorio izan ditzakete?

Bizidunek metatu egiten dituzte metal astunak, ez dituzte kanporatzen. Itsasadarreko organismoek, beraz, uraren bitartez substantzia horiek jaso, eta ehunetan pilatzen dituzte. Normalean, gaur egun ez ditugu itsasadarreko ostrak jaten, baina, halako animalia kutsatuak janez gero, gizakiarengan ere metatu daitezke metal horiek.

Euskaraz eta ingelesez kaleratu duzu tesia…

Tesiaren bi bertsio egin ditut: bata ingelesez, eta bestea ingelesez eta euskaraz. Gaur egun, zientzian dena argitaratzen da ingelesez, lana errazteko. Baina betidanik euskaraz ikasi dut, eta ahal zen neurrian gure hizkuntzan idatzi nahi nuen. Unibertsitatearen laguntza izan dut horretarako. Atal batzuk euskaraz idatzi ditut, eta horren itzulpena unibertsitateak berak finantzatu dit, baita aurkezpena euskaraz eta ingelesez egin ahal izateko interprete bat ere. Eskertzekoa da; izan ere, ingelesez eta gaztelaniaz egin ohi dira tesiak.

Jarraipenik izango al du zure lanak?

Orain doktoretza osteko beka bat lortu dugu ikerkuntzan espezializatzeko, eta, horri esker, ikertzen jarraitu ahalko dut. Gure asmoa da eratu ditugun eredu matematikoen sendotasuna aztertzea. Beste toki batzuetako sedimentuak hartu, eta lortutako formulak aplikatuko ditugu lagin horietan, kontzentrazio metalikoak zehazteko aplikagarritasuna frogatzeko. Printzipioz, Nerbioi- Ibaizabal itsasadarraren antzeko propietateak dituzten eremuetarako balio beharko lukete gure ereduek. Hori frogatzea izango da hurrengo pausoa: Portugalen, Frantzian, Brasilen, Mexikon, Espainian eta beste toki batzuetan hartutako laginak aztertuko ditugu.