“Basamortua ortu bilakatzeko konpromiso gehiago behar da”

“Basamortua ortu bilakatzeko konpromiso gehiago behar da”

N. S. O.

Enkarterriren egunerokoa norbaitek ondo ezagutzen badu, bertako bizilagunak dira. Horiek dira garraio publikoaren gabeziak zein langabezia tasa altuak pairatzen dituztenak. Horien ordezkari gisa, eskualderako plan pizgarria eratzeko batzarretan parte hartu dute bertako udaletako ordezkariek. Javi Portillo (Zalla, 1973) Zallako alkatea izan da horietako bat. Hala ere, 3,6 milioi euroak zein jardueratara bideratu erabakitzeko dinamiketan hitz egiten utzi bai, baina entzun ez dietela egin salatu du.

Zeintzuk onura ekarriko dizkio eskualdeari plan pizgarriak?

Basamortuan ur tanta guztiak ongietorriak dira. Hala ere, basamortua ortu bilakatzeko konpromiso gehiago behar da.

3,6 milioi euroko inbertsioa iragarri du aldundiak. Unai Rementeriaren arabera, biztanleko inbertsio handiena duen eskualdea da zuena. Inbertsio horiek eraginkorrak al dira?

Ez, porrot galanta izan dute aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Enkarterrin bultzatutako hainbat proiektuk. Hor daude, besteak beste, Karrantzako minda planta, ibilgailuen azterketa teknikorako proiektua eta Pastguren, Zallan, edota Habidite, Alonsotegin. Aipatutako kasu guztiak epaitegietan daude. Diru publikotik milioika euro gastatu zituzten horiek eratzeko, baina lanpostu bat bera ere ez dute sortu.

Minda plantarako hamar milioi euro gastatu zituzten dirulaguntza publikoetan, eta planta martxan ere ez dute ipini. IATrako bulegoa 2007. urtean iragarri zuten. Lurzorua erosi eta proiektua garatzeko diru publikoa gastatu zuten, baina IATren esleipenen kontrako prozesua epaitegietan dago, eta ez da egin ezer. Habiditerekin 1.100 lanpostu sortuko zirela esan zuten, eta hamar milioi euroko inbertsioa egin zuen aldundiak. Epaitegiek aldundiaren aurkako epaia iragarri dute orain.

Plana osatzeko udaletako ordezkariek ere parte hartu duzue. Hala ere, ez zaude ados emaitzekin. Zergatik?

Aurkeztutako neurri batzuk ez dira berriak; duela hainbat urte agindu zituzten, baina bete gabe zeuden. Horien artean, errepideen hobekuntzak aipa daitezke. Beste batzuk orokorrak dira, Bizkaia osora begira egindakoak. Kasu horretan, aldundiaren eskualdeko bulegoaz ari naiz. Eta beste batzuk Euskal Autonomia Erkidego osorako baliagarriak direnak dira: Indartu programa zein Interneten konexioa hobetzeko programak aipa daitezke horien artean. Beste batzuk aurrekonturik barik aurkeztu dituzte: trenaren hobekuntzak edota lehen sektoreak behar duen bultzada, kasu. Benetako konpromiso falta nabaria da.

Horrez gain, onartu dituzten jarduerak erabakitzeko ezarri duten prozesua ez da gardena izan. Oraindik ez dakigu zeintzuk aukerak bozkatu dituen instituzio bakoitzak. Dinamika horretan parte hartu dugunoi hitz egiten utzi digute, baina ez digute entzun. Bultzatuko diren neurriak aukeratzeko prozedura aldundiak erabaki du, guztion artean eztabaidatu gabe eta instituzio bakoitzaren aukerak ezkutatuz.

Zer da Enkarterrik behar duena?

Inbertsio publiko eraginkorrak eta lanpostuak sortzeko baldintza egokiak. Euskadiko gainerako eskualdeek duten mailako garraio publikoak, hezkuntza eta osasun zerbitzuak nahi eta behar ditugu gurean ere.