Natalia Salazar Orbe
Bultzada baten beharra duela jakitun, Enkarterri biziberritzeko plan pizgarria iragarri berri du Bizkaiko Foru Aldundiak. Orain arte inbertitutakoaz gain, beste 3,6 milioi euro bideratuko ditu Bizkaiko mendebaldean dagoen eskualdera. Behar bereziak dituela bistakoa da. Krisi ekonomikoaren ondorioek ez dute alde egin handik oraindik. Bizkaiko bataz besteko langabezia tasarik altuena du: %16. Egoera horri itzulia emateko asmoz jaio da aldundiaren plana. Jaurlaritzarekin, bertako udalekin eta adituekin batera osatu dute lan dinamika baten bidez. Hala ere, kritika ugari jaso ditu. Baita dinamika horretan aritu diren zenbait alkaterena ere.
Hamabi neurri onartu dituzte. Besteak beste, enpresen inbertsioa sustatzeko Europar Batasunak onartutako programa bat bultzatuko dute. Lan merkatuaren alorrean neurri gehiago aurreikusi dituzte: lehiakortasuna hobetuko dute enplegua sortzeko. Enpresa eta ekimen berriei bultzada emateko neurriak aurreikusi dituzte; bereziki, gazteentzat eta emakumeentzat. Baso baliabideak aprobetxatzeko jarduerak prestatu dituzte. Abeltzaintza ustiapenen errentagarritasuna hobetu eta nekazaritza sektorean ekoizle berriak sortzeko neurriak ere hartuko dituzte.
Horiek dira onartutako hamabi neurrietako batzuk. Hala ere, horietako askok dagoeneko martxan egon beharko luketela salatu dute kritika egin dutenetako batzuek. Bestelakorik ere leporatu diote aldundiari. EH Bilduren ahotik iritsi dira zenbait. Besteak beste, koalizioak esan du sustapen ekonomikoari dagozkion ekimenen inguruan planak zehaztasun gutxi ematen duela. “Ez dira proposatzen ideia berritzaileak gaur egun aldundiak aurrera eramaten dituen prestakuntza, lehiakortasun, ekintzailetza edo industriaren egunean egiten ari diren inbertsioetatik at”.
Errepideen alorrean, lotsagarritzat jo dute BI630 errepidea konpontzeko iragarpena neurri berritzat jotzea, kontuan hartuta duela bost urte baino gehiago jada eginda egotea aurreikusita zegoela.
Anbizio gutxiko plana iruditu zaie. Diru kopuru horrekin ekimenak gauzatzeko aukera gutxi egongo dela deritzote. Dena ez dira izan kontrako iritziak, ordea. Interesgarri iritzi diote eskualdeko basoen baliabideak sozioekonomikoki erabiltzeko ekintzak aurreikusteari. Hala ere, “marketin kanpaina eta publizitate iragarkietatik harago, benetako konponbideak” eskatzen jarraitzeko asmoa iragarri dute.
“Edukirik ez”
Antzeko bidetik mintzatu da Ezker Anitza ere. Neurriek “edukirik” ez dutela edota “eskualdeari agindu arren egin gabe geratu ziren promesa zaharrak” direla adierazi dute. Baita “eskualdeak dituen beharretan sakontzen ez dutela” ere. Enkarterriren egoera kaskarrari egin diote aipamen, baina aldundiak neurri eraginkorrik abiatzeko asmorik ez duela deritzote. Eskualdea itoarazten ari direla esan dute, hitzez hitz.
Neurrien gaineko berrikusketa sakonaren ostean, ebatzi dute aldundiak ez duela erabaki neurri zehatzik enplegua sustatzeko. Aurrekontuaren partidarik ere ez du zehaztu horretarako, kritika horren arabera. “Hori guzti hori, CEL paper fabrikako gatazkaren ondorioz 80 lanpostu gutxiago dituen eskualde batean”.
Zuzenean aldundiari ez dagozkion proposamenen konpromiso zehatzik ere ez dela itxi salatu dute. Besteak beste, aipatu dute eskualdeko ospitaleari, “nahitaezkoak” diren hezkuntza azpiegituren desblokeatzeari edota eremua zatitzen duten pasaguneei buruz albisterik ez dagoela.