Lander Muñagorri Garmendia
Kanpotik begiratuz gero, ez dago ezberdintasun handirik. Ohiko elikagai denda bat ematen du, bere apal eta produktuekin. Finean, hori da Labore, elikagai denda bat. Baina, kanpotik barrura begiratuz gero, eroslea jabetuko da asmo eta helburu jakin batekin abiatutako denda bat dela: “Elikadura negozio izatetik eskubide izateko asmoarekin abiatu dugu proiektu hau”. Bertan dago Alaitz Ajuriagerra, Labore dendako bazkide eta kudeatzailea, eta dendaren filosofiaren berri eman du. Joan den ostiralean zabaldu zituen ateak Laborek, bestelako kontsumo ohitura bat sustatzeko asmoz.
Azken batean, kontsumo elkarteen ideiatik edaten du Laborek. “Erosleak ekoizleekin elkartu eta zuzeneko salmenta bideratzeko leku bat da”, azaldu duenez. Ekoizleekin harremanetan jartzen dira dendako arduradunak, eta bitartekaririk gabe jartzen dituzte salgai bertan. Barazki ekoizleek eskaintzen dituzten saskien filosofiaren antzera, beraz; baina kontzeptu hori denda batera eraman nahi izan dute. “Kontsumo taldeak oso ondo daude, eta existitzen jarraitu behar dute, baina honekin beste aurrerapauso bat eman nahi izan dugu; kontsumo hori astean zehar egun bakar batean bakarrik egin beharrean beste denda batek bezalako zerbitzua eskaini nahi izan dugu”. Hau da, zuzeneko kontsumo hori norberak ahal duen momentuan eta dituen beharren arabera egitea.
Ekoizleekin zuzenean
Asmoa elikagai denda bat izatea den arren, ez da denda arrunt bat izango. Inguruko ekoizleen produktuak eta produktu ekologikoak daude salgai, baina horiek erosi ahal izateko Laboreko bazkide izan behar da. 20 euroko matrikula bat ordaindu behar da lehenengo, eta ondoren urtero 60 euroko kuota. Hau da, hilean bost euro. Ostiralean, dendak ateak zabaldu zituzten egunean, 300 bazkide zituen Laborek, baina zabaldu bezperan izena emateko mezu ugari jaso zituzten. “Behin ateak zabaldu ditugula jakinda jende gehiago inguratuko zaigula aurreikusten dugu, asko denda noiz zabalduko zain baitzeuden bazkide egiteko”.
Hala ere, oraindik bazkide ez denari bi erosketa egiteko aukera emango diote, froga moduan. Horren ondoren bazkide egin beharko du erosleak bertan erosketak egiteko, baina ez dute diru fisikorik erabili behar izango. Txartelarekin ordaintzen da, edo kontsumitzailearen kontu korrontetik kobratzen dute erosketa bakoitza. “Ez dugu diru fisikorik erabili nahi, molde berrietara gerturatzeko modu bat dela iruditzen zaigulako hori”, azaldu du Ajuriagerrak.
Berezitasun horiek guztiak aparte, beste denda bat bezala da, ordea. Bere apal eta espazioetan produktu aniztasun zabala baitago: barazkiak, fruituak, lekaleak, zerealak, kontserbak, gozoak, haragia, esnekiak… Eta baita garbitasunera bideratutako zenbait produktu ere. Guztira, 57 ekoizleren 500 produktu eskaintzen dituzte dendako apaletan. Aniztasun handia dago, beraz. Bada, 57 ekoizle horietatik 55ekin zuzeneko harremana daukate, hau da, dendatik bertatik erosten dute produktua inongo bitartekaririk gabe.
Bilbon zabaldu duten gisa horretako lehen denda izango da, eta ahalik eta jende gehienarengana iristea da helburua, Ajuriagerraren arabera. Bere esanetan, dendaren asmoa ez da beste supermerkatu handiei lehia egitea, “hortik urrun” daudelako. Hori baino gehiago, alternatibei ateak zabaltzea litzateke egiten ari diren lana. Era horretan, elikadura “negozio izatetik eskubide izatea” bermatuko litzatekeelako.
Denda Santutxu auzoko Haro plazan zabaldu dute. Ez dago Bilboko erdigunean, baina hori ez da traba izango, metro geltokitik gertu zabaldu baitute denda. “Jendea Erriberako merkatura joateko asko mugitzen da, bada, hona etortzeko baliabide denak eskura jarri ditugu”. Metrotik duten gertutasun hori baliatu nahi dute hiriko edozein puntutatik Santutxura erosketak egitera joateko. Eta hori auzoarentzat ere ona izan dadila nahi dute.