Urduñako golf zelaia kudeatzeko aukera proposatu dio udalak zelaia erabiltzen duten jokalarien elkarteari, behin betiko ixtea saiheste aldera; izan ere, udalak eten egin du kontratua Taldesport-ekin, zelaia kudeatzen zuen enpresarekin. Ondorioz, bestelako irtenbiderik izan ezean, golf zelaia behin betiko itxiko dute.
Azken hauteskundeetan Bilduren esku geratu zen administrazio horrek jakinarazi duenez, “Urduñako golf zelaiak 42.000 euroko defizita eragiten dio urtero udal aurrekontuari”. Ordaindu beharreko diruari dagokionez, udalak kontratua eteteko erabakia hartu du ez duelako akordiorik lortu Taldesport enpresarekin.
Udalak emandako datuen arabera, ustiapen kontratua negoziatzen hasi zirenean Taldesport enpresagaz akordio bat egin zuten, udalak hilean mila euro ordaintzeko. Horrez gain, adierazi dute udalak konpromisoa hartu zuela argiaren eta uraren kostuak ere bere gain hartzeko. Enpresak tratua onartu zuen hasiera batean, baina, Bilduk azaldu duenez, gero jakinarazi zieten “zelaia ixtea” nahiago zutela “diru horren truke lan egitea baino”.
9.000 euroko kalte-ordaina
Urduñako udal gobernuak, EAJ buru zuela, aurreko agintaldiaren azken egunetan luzatu zion kontratua Taldesport enpresari; Bilduk esan duenez, urtean 42.000 euro ordainduko zitzaizkiola zioen kontratua sinatu zuten aurreko udalak eta enpresak. Bilduk kontratu hori bertan behera utzi duenez, udalak 9.000 euroren kalte-ordaina eman behar izan dio enpresari. “Golf zelaiak duen erabiltzaile kopurua eta dituen diru sarrerak ikusita, argi gelditu da golf zelaia ez dela izan EAJk Urduñan egin duen zentzurik gabeko diru xahuketaren adibide bat baino”, salatu dute.
Bilduk azaldu du ahalegin handia egiten ari dela “ezinbesteko zerbitzuei eusteko, hiriak duen zor ekonomikoa larria delako aurreko udal gobernuaren kudeaketaren ondorioz”. Bide batez, gogorarazi du golf zelaia ez dela ezinbesteko zerbitzu bat.