Bernart Baltza gizarte arloan lan egiten duen Agiantza elkarteko kidea da. 2011ko udazkenean, sinesmen erlijioso ezberdineko pertsonen arteko mintegi bat sortu zuten, Bilbao Anizkuna izenekoa. Orain, jardunaldietan osatutako txostena aurkeztu dute.
Noiz eta nola sortu zen Bilbao Anizkuna mintegia?
Duela urtebete hasi ginen talde ugarirekin harremanetan. Gure asmoa mintegia antolatzea zen, eta hori 2011ko irailean, urrian eta azaroan gauzatu genuen. Abenduan liburuxka bat atera genuen, eta azken bilera joan den astelehenean izan zen. Azkena orain arte, gure proposamena mintegia luzatzea baita.
Zein izan da mintegien helburu zehatza?
Mintegia antolatzeko orduan, ez genuen erlijioen arteko solasik egin nahi; ez genuen eztabaida teologiko eta dialektikoa egin nahi. Gure asmoa zen fede zehatza duten pertsonek gizartearekin konpromisoak har zitzatela. Auzoko errealitatea aztertu nahi genuen, akordioak bultzatu.
Nola erantzun zuten talde erlijiosoek bilerak egitea proposatu zenietenean?
Agiantza gizarte mailan lan egiten duen elkarte bat da; ez daukagu erlijioarekin lotura zehatzik. Hori dela eta, hasieran sinesmen erlijioso ezberdinetako elkarteentzat arraroa zen gurearen tankerako elkarte batek mintegiak antolatzeko asmoa izatea. Gerora, ikusi dugu mintegia erlijio bati lotuta ez dagoen elkarte batek proposatu izanak ekarri duela arrakasta: talde erlijioso batek beste sinesmenetako elkarteak deitzeak mesfidantza eragingo zukeen.
Zenbat erlijiotako ordezkariek parte hartu dute?
Talde musulman ugarik parte hartu du. Horiez gain, budistek, hinduistek, Bahai tradiziokoek, Kontseilu Ebanjelikoak, Filadelfiako Eliza Ebanjelikoak, luteranoek eta talde katolikoek osatu dituzte mintegiak. Gero, Jehovaren Lekukoek ere erantzun diote gure deiari.
Auzoaren erlijio aniztasuna islatzeko zailtasunak izan dituzue?
Hasieran, nire beldurra eztabaidetan talde kristau gehiegi egotea zen. Azkenean, talde musulmanek osatu dute gehiengoa. Musulmanen ordezkaritza handia izan da, bai, baina errealitateak erakusten du San Frantziskon, Zabalan eta Bilbo Zaharrean erlijio praktikatzaile gehienak musulmanak direla.
Izan ere, Gorte kaleko meskitan egunero 400 pertsonak parte hartzen dute otoitzaldietan. Bestalde, guretzat garrantzitsuena ez zen apaizek edo imamek parte hartzea; fededun arruntekin lan egitea nahiago genuen, kaleko jendearekin, euren sinesmenetik errealitatea nola ikusten zuten azal zezaten. Hala ere, kultur mailen arteko jauzi nabarmena egon da erlijio batzuetako eta besteetako ordezkarien artean: Bahai fedearen ordezkariak eta luteranoak kultura handiko pertsonak ziren; gainontzekoak, berriz, fededun apal eta arruntak.
Txostenean ageri den testu antologia eurek hautatutakoa da; guk ez genuen esku hartu. Nik kristau eta islamiar teologiaren gutxieneko ezagupena dut, eta beste testu batzuk hautatuko nituzkeen, baina garrantzitsua zen lana eurek egitea.
Proiektuak jarraikortasuna izatea nahi duzue?
Hemendik aurrera, sinesmen ezberdinetako elkarteen artean antolatzea nahiko genuke. Euren nahia da guk harremanen arloan idazkaritza tekniko gisa funtzionatzea.
Joan den astelehenean proposatu genien batzar iraunkorra osatzea eta sei hilabetean behin buruzagitza aldatzea, sinesmen guztietako partaideen artean erantzukizuna banatzeko. Dena den, nik esan diet askoz garrantzitsuagoa dela helburuak zehaztea. Gizarte mailako helburuak izan beharko lirateke, esaterako, txirotasun edo mendekotasun egoeran dagoen jendea nola lagundu dezaketen zehaztea.
Zein gai eztabaidatu ziren mintegian?
Lau gai nagusiren inguruan aritu ziren batzarrak egin ziren egunetan. Horietako lehenengoan aztertu zuten erlijio ezberdinetako testuek zer ikuspegi duten pobreziaren inguruan. Bigarren gaia Europa mailako 2020 plangintzaren inguruan egituratu zen, plangintza horrek ezartzen dituen helburu sozialen inguruan, hain zuzen ere. Ondoren, espazio publikoaz eztabaidatu zuten, eta oso batzar biziak izan ziren horren ingurukoak. Azkenik, auzoko egoerari buruz hitz egin zuten.
Zein ondorio atera ziren bileretatik?
Egia esan, ondorioak ez dira izan oso ausartak. Nahiko apalak izan dira, baina gutxienez komunitateen arteko begirada bateratua adierazi dute. Azken batean, botere publikoak dira erantzukizuna dutenak. Gu laguntzaile gisa aritu gaitezke, lana egin dezakegu, baina ezin dugu plangintza bat osatu. Nire ustez, biltzar horiek lehen urrats bat baino ez dira izan. Oso ondo egon da taldeen arteko harremanak finkatzeko. Askotan, kalean ikusi, eta ez zuten elkar agurtzen; aurrerantzean, ordea, ez da horrelakorik gertatuko.
Zerk eragin du sinesmen erlijioso ezberdinetako pertsonek eztabaidan parte hartzea onartu izana?
Proiektuaren oinarriak finkatu genituenean argi utzi genuen ezin zela proselitismorik egin; hau da, bileretara zetozenak ezin zirela saiatu beste sinesmen bat zuten pertsonak euren erlijiora bihurtzen. Horrek eragin zuen jendea besteen ideiak entzuteko prest etortzea. Haien arteko loturak eta proiektuak sortzea ere posible da hemendik aurrera.
Hala ere, komunitateen arteko mesfidantzak eta aurreiritziak egongo ziren, ezta?
Harrigarria iruditu daitekeen arren, mesfidantzarik handienak erlijio bereko taldeen artekoak ziren. Musulmanen talde batzuen artean tentsio uneak egon ziren, eta kristauen artean ere distantzia handia zegoen.
Zein erlijioetako ordezkariek uko egin diote zuek antolatutako bileretan parte hartzeari? Zergatik izan dute jarrera ezkorra?
Hasiera batean, Jehovaren Lekukoek ez zuten proiektuaren parte izan nahi. Mintegia egin genuen, eta ez ziren etorri, gero egin ditugun bileretan agertu diren arren. Filadelfiako Eliza Ebanjelikoaren ordezkariak ere mesfidati agertu ziren mintegiari buruz hitz egitera joan ginen lehenengo aldian, baina iritziz aldatu zuten, eta hasieratik parte hartu zuten jardunaldi guztietan. Talde musulman batzuetako kideak ez zeuden ziur, beste taldeetako zein pertsonak parte hartuko zuen galdetzen ziguten. Nire ustez, talde ezberdinetako ordezkarien arteko tirabira pertsonalak ezkutatzen dira jarrera horien atzean.
Mintegia baliagarria izan da Bilbo Zaharrean bizi diren komunitateek elkar hobeto ezagut dezaten?
Bai, noski. Hori izan da mintegien ondoriorik argiena eta positiboena. Ikusiko dugu aurrerantzean harreman horiek egonkor bihurtzen diren. Euren artean antolatu beharko lukete auzoko elkarbizitza, euren artean arautu beharko lituzkete elkarrizketak. Erakundeak proiektuaren parte bihur daitezen borrokatzen ari gara; Bizkaiko Foru Aldundiak baiezkoa emateko itxaropena dugu.