Erakusketa berria inauguratu du Bilboko Itsasadarreko Itsas Museoak Mugan: lurraren, itsasoaren eta airearen artean. Azti-Tecnalia ikerketa zentroak prestatu eta antolatu du, eta martxoa bukatu arte egongo da. Aurretik beste leku batzuetatik igaro ostean iritsi da Bilbora. Marearteko eremuen balioa ezagutaraztea eta inguru horien errespetuzko erabilera sustatzea dira erakusketa honen helburuak.
Itsasbehera denetik itsasgorak estali arteko eremu horrek gordetzen duen bioaniztasuna da erakusketak agerian jartzen duena. Alex Iturrate argazkilari eta urpekari donostiarra ahalegindu da argazki kamerarekin aberastasun hori guztia jasotzen. Baina badago gehiago. Azalpenak, maketak eta ikus-entzunezkoak aurkituko ditu bisitariak. Azalpenak, gainera, Aztiko adituek idatzitakoak dira. Euskarriez gain, landutako gaiak ere askotarikoak dira, eta horietako bakoitzari atal bat eskaini diote; orotara, lau.
Aurrenekoan marearteko gunea zer den eta mareek nola funtzionatzen duten azaltzera bideratu dute. Marearen gorabeherek leku berezi bihurtzen dute inguru hori, bere baldintzak etengabe aldatuz. Argia, tenperatura, gazitasuna eta olatuen indarra ezberdinak dira unean-unean. Hala, bertan bizi diren organismoek aldaketa horiek guztiak jasateko prest egon behar dute. Izan ere, aldaketok oso denbora tarte laburrean gertatzen dira.
Irudi liluragarriak
Hain zuzen ere, inguru aldakor horretara izaki bizidunak nola egokitzen diren, horretarako zein estrategia erabiltzen dituzten azaltzen du erakusketaren bigarren atalak. Ez lehortzea, oxigeno faltari aurre egitea, argiak zuzenean ez jotzea eta olatuei aurre egiteko harkaitzetara ondo lotzea dira organismo horien erronka.
Hirugarren atalean izakiok zein diren azaltzen da. Alegia, argazki eta ikus-entzunezkoen bidez, bioaniztasuna agerian uzten du erakusketak: itsas izarrak, itxas zaldia, algak eta muskuiluak, adibidez.
Azken atalean inguru horretaz nola gozatu erakusten du erakusketak, inguruari kalterik eragin gabe. Batez ere udan, bainua hartzera joaten direnekin izaten du arrisku gehien marearteko eremuan bizi den bioaniztasunak.
ERAKUSKETA
Non. Bilboko Itsasadarreko Itsas Museoan.
Noiz arte. Martxoaren 31 bitartean.
Ordutegia. Asteartetik ostiralera: 10:00etatik 18:00etara.
Larunbat, igande eta jaiegunetan: 10:00etatik 20:00etara. Astelehenetan itxita.
Sarrera. Helduak 5 euro; 26 urtetik beherakoak 3,5 euro.