Natalia Salazar Orbe
Hasiera-hasieratik harrotu zituen hautsak Bilboko San Adrian auzoko Urretxindorra ikastolaren jolastokiaren azpian Mercadona saltokia zabalduko zutela zioen iragarpenak. Era horretako eremu batean supermerkatu bat irekitzeak izan ditzakeen aldeko zein kontrako iritziak gorabehera, Bilboko Udalak operazio horri bide emateko 2014an onartu zuen lurren kalifikazio aldaketa egon da auzitan. “Interes pribatuak asetzeko hirigintza nahieran” egitea, alegia, arauak espresuki kasu horretarako egokitzea leporatu zion otsailean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Udalak operazio hori gauzatzeko hartutako bi akordioen aurkako inpugnazioa onartu zuenean eman zuen ebazpen hori. Udalak berak, ikastolak eta Mercadonak kasazio helegitea aurkeztu zuten Espainiako Auzitegi Gorenean, baina azken horrek ez ditu onartu. Beraz, lur horien kalifikazioa aldatzea onartu zuen araua baliorik gabe geratu da. Epaia irmoa da.
Ikusteko dago horrek guztiak praktikan zein ondorio izango dituen. Oraingoz, albistea ez dela ona esan du Asier Abaunza Bilboko Hirigintza zinegotziak. “Albiste txarra da. Espero genuen Espainiako Auzitegi Gorenean aurkeztu genuen helegiteak ibilbide luzeagoa izango zuela. Hala, aukera izango zela lehen instantziako auzitegiak gure ustez hartua zuen erabaki ez-zuzena zuzentzeko”. Hala ere, ebazpen horrek ez du berehalako inplikaziorik izango. “Baina joera ezartzen du zabalik dauden bi auziei begira”. Bi horiek badituzte inplikazio zuzenak, supermerkatuaren jardueraren lizentziaren helegitea eta supermerkatua egiteko lanen lizentzia baitira aztergai dituztenak. Auziok aztertzen dituzten aretoek erabakiko dute supermerkatua itxi behar den, eta, kasurik muturrenekoenean, eraikina eraitsi behar ote den. “Seguruenik, aretoak jarduera lizentzia baliogabetzeko erabakia hartuko du, eta, ondorioz, supermerkatua ixtekoa. Bestalde, uste dugu aukerak egon daitezkeela egitura eraitsi behar ez izateko. Dena den, auzitegiek zer ebazten duten ikusi beharko dugu”.
EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen udalak hartutako eta geroago gauzatutako erabakiak ez diola erantzuten interes orokorrari. Are gehiago, espekulazioa elikatzea leporatu zion. Abaunzak ez du ikusten horrelakorik udalak izan duen jardunean. “Ikastola itunpeko ikastetxea izan arren, interes publikoko izendatu duten irabazi asmorik gabeko kooperatiba bat da”. Hala, uste du ezin daitekeela erkatu ikastola bat edozein enpresa pribaturekin.
2016ko azaroaren 15ean ireki zituen ateak Miribillako Mercadonak. Ikastolarentzako eta supermerkatuarentzako, bientzako onurak ase behar zituen proiektuak: merkataritza guneak denda irekitzeko espazioa lortu zuen Bilbon. Ikastolak, berriz, zentroa handitzeko eta azpiegiturak konpontzeko baliabideak lortu zituen trukean.
Erabakiaren babesleak
Ikastolako lurrak birkalifikatzeko erabakiak aurrera egin zuen, EAJren eta PPren botoei esker. PSE-EE abstenitu egin zen, “nahieran gauzatutako hirigintza” egiten ari zirela iritzita. EH Bilduk kontra bozkatu zuen.
1.500 metro koadroko azalera hartzen du Valentziako supermerkatuak. 75 aparkaleku ere baditu. Berrogei behargin ari dira lanean bertan.
Auzoan lehenagotik zegoen merkataritza zentro batek jarri zuen udalak hartutako bi akordioen aurkako salaketa. Auzi-jartzailearen ustez, Miribillan ez zegoen ikastetxe gabeziarik edo merkataritza gune faltarik. Beraz, lur eremu haren kalifikazioa aldatzea ez zegoen justifikatuta.
Aurki jakingo dira auzitegiko aretoen ebazpenak eta horiek batean eta bestean duten eragina. Baita udalean ondorio ekonomikorik izango duen ere.