Beti entzun ohi da krisi sasoietan gizarte zerbitzuek igartzen dituztela gehien egoera horien ondorioak. Mankomunitateetako berdintasun zerbitzuek azkenaldian izan dituzte murrizketa horiek. Mundua krisian murgilduta dagoen garai honetan, beraz, berdintasuna bermatzen laguntzeko zerbitzuak ere ezinean dabiltza.
Adibide argienetako bat Enkarterriko udalen mankomunitatea da. Lehenago berdintasun teknikaria zeukaten, orain, baina, “diru faltagatik” ez daukate lan hori betetzen duen inor, Ruben Edesa mankomunitateko presidenteak jakinarazi duenez.
Artzentales, Galdames, Gordexola, Gueñes, Karrantza, Lanestosa, Sopuerta, Turtzioz eta Zalla herriek osatzen duten mankomunitatean lehenago ere Berdintasun teknikaria administrazio batzuek eta besteek emandako diru laguntzei esker izan zezaketen. “Baina orain oso zaila da, zerbitzuak kentzen hasten direnean, alor horietatik hasten dira”, azaldu du Edesak.
Derio, Larrabetzu, Lezama, Loiu, Sondika eta Zamudio udalerrietako bizilagunek zorte handiagoa daukate alor horretan. Izan ere, herri horiek osatzen duten Txorierriko mankomunitatea osatzen dute, eta mankomunitate horretan badaukate berdintasun zerbitzuko teknikaria: Maider Araitz Gorroño da. Hala ere, sei herrietako beharrizan guztiak bermatzea zaila dela aitortu du Gorroñok. “Gainera, azkenaldian murrizketak egon direnez, apur bat gaizki gabiltza”. Udaletan berdintasun unitateak ere badaudela dio, eta horiek ere alor horretan lan egiten dutela gogorarazi.
Bai Gorroño, bai Edesa bera, gauza batean bat etorri dira: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lantzeko eta bermatzeko beharra askok eta askok barneratu gabe daukatela, hain zuzen. “Herri txikietan jendea, beharbada, ez dago oso kontzientziatuta”, Enkarterriko mankomunitateko presidenteak adierazi duenez. “Batez ere, informazio faltagatik izango da”, gehitu du Edesak.
Guztia kate baten modukoa da, beraz. Izan ere, informazio falta dago, baina informazio hori zabaltzeko zerbitzurik eta baliabiderik ere ez dago.
Bestalde, herri txikietan alor horretan arazo handienak zein diren galdetuta, Gorroñok honela erantzun du: “Jendearengana heltzeko edo jendeak gurekin bat egiteko zailtasunak”. Ikastaro eta tailerren bidez jotzen dute emakumeengana.
Bestalde, adierazi du berdintasunaren alde egitearen garrantziaz jabetzeko trebakuntza oso egokia litzatekeela baina emakumeak besterik gabe alor hori lantzen duten ikastaroetara erakartzea oso zaila dela. Hala, bada, berdintasun faltaren “oinarrizko arazora jotzea eta konpontzea oso zaila” dela deritzo.
Hazia erein
Beraz, besteak beste, informatika, gimnasia edota autodefentsa tailerren bitartez, “hazia erein” egiten dutela azaldu du Txorierriko mankomunitateko Berdintasun teknikariak. “Adibidez, informatika ikastaroa ematen denean, genero ikuspegitik lantzen da”, adierazi du. Antzerki tailerrak ere lan horretarako baliatzen dituzte.
Gainerakoan, zuzenean gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasuna oraindik ere indarrean dagoela ikusaraztea zaila dela aitortu du. “Gainera, hemen emakume helduagoek hartu ohi dute parte ikastaroetan eta tailerretan, eta horiek berdintasunaren kontra orain arte ikusitako guztiak bizi dituzte; dagoeneko ezerk ez ditu harritzen emakume horiek”.
Gazteak dira Edesa eta Gorroñoren ustez, bestalde, kontzientziatu beharreko gizarteko beste talde bat. Txorierrin, aurten hasiko dira gazteekin lanean. “Jelosia landuko dugu, besteak beste; haien arteko harremana, autodefentsa… Kolektibo horrek trebakuntza behar du, eta begiak apur bat zabaltzea”, iritzi dio bertako teknikariak.
Talde horrekin lan egitea oso garrantzitsua dela adierazi du, baina emakumeengan eurengan kontzientzia sortzearen garrantzia ere azpimarratu du. “Oso zaila da. Saiatzen ari gara, eta lortuko dugu. Hala espero dugu, behintzat”, esan du Gorroñok.
Edesak ere badaki gazteak berdintasunaren garrantziaz jabetzea ezinbestekoa dela. “Badirudi gazteok hobeto hezita gaudela gaur egun, baina, azkenean, akats berberak ikusten dira helduengan eta gazteongan”, adierazi du. “Beharbada arazo hori ez da horren nabaria gaur egun, baina ikusi ikusten da, eta moztu egin behar da. Horretarako, landu egin behar da gazteengan”.
Txorierriko herrietan antolatzen dituzten jarduerak emakumeentzat soilik direla ekarri du gogora Berdintasun teknikariak —martxoaren 8ko edo azaroaren 25eko kanpainetarako jarduerak zabalagoak direla zehaztu du—. Eta hala izatea beharrezkoa dela deritzo. “Haien artean harremanak eta sareak sortzen dira, gauzak kontatzen dizkiote elkarri…”. Autoestimua lantzeko ikastaroak ere egiten dituztela azaldu du. “Harremanak sendotzeko oso inportanteak dira era horretako jarduerak, parte hartzen dutenen arazoak eta gorabeherak kontatzeko”. Eta ikastaro eta tailer horietan “beti sartzen dugunez genero ikuspegi hori, hausnarketa egitera bultzatzen ditu parte hartzaileak”, esan du.
Enkarterrin zain daude aurten diru laguntzaren bat aterako ote den era horretako jarduerak antolatzeko. Diru laguntzen deialdia egin ondoren, baina, udalek ekinbide horrekin bat egin gura duten ikusi behar da; izan ere, diru laguntzekin ezin dira ordaindu jardueren kostuen %100. “Hala ere, ez dugu uste horrelakorik egiterik izango dugunik. Izan ere, egoera oso txarra da”, esan dute mankomunitatean. Berdintasuna krisian dago.