Oiz mendiaren magalean eta Durangaldeko mendilerroei begira dago Garai. Herritar guztiek elkar ezagutzen duten horietakoa da herria, lasaitasunak nortasun propioa hartzen duen tokia. Parke eolikoa, tentsio altuko linea eta autobideko lanak inguruan dituen arren, Garaik lortu du bere ezaugarri propioekin aurrera egitea. Gontzal Sarrigoitia da herriko alkatea —Herriko Taldea izeneko talde independentearen zerrendaburua izan zen—, eta bigarren agintaldia du kargu horretan. “Ondo” jaso zuen berriro alkate izateko erronka, eta, haren ustez, “gauzak ondo egin izanagatik” eta “herritarren konfiantzagatik” aukeratu zuten berriro.
Udaletxeko balkoira irten eta begirada hamarkada batzuetara jarrita, egun ezagutzen duen moduko herria nahiko luke Sarrigoitiak. “Garaik baserri giroari eusten diola ikusi nahi nuke, ez dadila hau guztia etxe eta txalet pila batekin bete. Hala ere, etxe batzuk egitea gustatuko litzaiguke, herriko gazteei begira batez ere. Kosta egingo zaigu, baina, etxeak eraikitzea, lur eremu malkartsua baita gurea”.
Baserri giroa bere horretan mantentzeak, ordea, ez du esan nahi herria denboran gelditu behar denik. Kultur etxea atontzea izan da aurreko agintaldiko proiekturik esanguratsuenetakoa. 2009ko irailaren bueltan hasi zituzten lanak, eta 2011ko martxoan bukatu. “Orain lokal bi ditugu eraikinaren goiko aldean, aspaldi irakasleenak izandako geletan hain zuzen. KZgunea eraman dugu udaletxetik bertara, askotariko bilerak egiteko batzar gela dago, eta liburutegi moduan antolatutako gela ere badugu orain”. Horretaz gain, haurrek eskura dute entsegu gela bat, euskal dantzak bertan entseatzeko.
Bestalde, Herriko Plaza egokitzea izan da azken agintaldian gauzatutako beste proiektu bat. Izan ere, garaitarrek aparkaleku gisa erabiltzen zuten plaza, sarri, udaletxearen azpiko taberna esku-eskura izateko. Egun, ordea, bestelako itxura du kontuak, eta autoz pilatutako tokia zena gune zabal eta lasaiagoa da. Sarrigoitiak gogoratzen du hasiera batean herritarrek errezeloz begiratzen zietela obrei. “Ohitura handia dugu tabernaren aurre-aurrean aparkatzeko. Orain, ordea, tabernara iristeko metro gutxi batzuk egin behar dira oinez, eta jendea konturatu da plazaren egokitzapena onerako izan dela”.
Berrikuntzak zabor bilketan
Gizarte aldaketa berrien inguruan errezeloak izatea normala dela diote gizarte adituek, baina garaitarrei ere iritsi zaie etorkizunari aurrea hartzeko ordua. Aurrera begira duten beste plan bat zaborra biltzeko zerbitzua hobetzea da. Horretarako, herriaren kanpoko aldean jarriko lituzkete bilketarako guneak. “Hiru bat puntutan jarriko genituzke zaborra biltzeko guneak: Aiartza, Beratua eta Barrainkua inguruetan zehazki. Horrela, herritarrek etxetik irten eta gune konkretu horietan utziko lituzkete zaborrak”. Tamalez, buruko min bat edo beste jasan dute zabor bilketaren kontuekin. Alkateak gogora ekarri du duela zenbait urte “boom handia” egon zela lur azpiko zabor biltegiekin: “Guk ere lur azpiko zabor biltegiak jarri genituen herrian, baina gertatu dena da lur azpiko zaborren sistema aldatu egin dutela ordutik hona. Eta, noski, orain ez dugu sistema berria antolatzeko lekurik; gainera, garestia ere bada”.
Berriki, Agenda 21 izeneko parte hartze foroa egin zuten Garain, eta dozena bat herritar joan zen bertara. Herriak zer beharrizan dituen pentsatuta, proposamen berriak bildu zituzten etorkizunerako. “Jendeak eskabideak egiten zituen, eta udalak berak ere planteatu zituen hainbat gai. Azkenean, hainbat ondorio atera genituen”. Zehazki, frontoiko aldageletara iristeko modua hobetzea, herritarrentzako wifi sistema bat jartzea eta auzoetako argiteria zaharberritzeko lanak egitea izan zuten hizpide.
Agenda 21 delakoa aipatu arren, badirudi herritarren partaidetza sustatzeko foroak gero eta ohikoagoak direla euskal herrietan. Auzolana izan ohi dute eredu, baina Garairen kasuan Sarrigoitiak onartzen du duela zenbait urte auzolanak presentzia handiagoa zuela: “Egun, ez da auzolan asko egiten; gehiago egiten genuen lehen. Gazte denboran, esaterako, gogoratzen dut bide bazterreko arekak garbitzen genituela eta ermitak konpontzera joaten ginela. Orain lan horiek udalak betetzen dituenez, jendea lar ondo ohitua dugu”, dio. “Ondo legoke norbere auzoko lanetan parte hartzea, auzolanak segida izan dezan. Gainera, herriarentzat ere oso onuragarria da”.