Telletxea Behekoa baserrikoa da Joseba Mentxaka (Loiu, 1957). Aireportuaren pista burutik gertu dago kokatuta. 89 urteko ama ere han bizi da, eta, hegazkinen zaratarekin, elkarrekin hitz egiteko modurik ere ez dute izaten, burrunbaren ondorioz.
Zelan definituko zenuke egunero hegazkinen joan-etorriak sortzen duen eragozpena?
Egunez, eragotzi egiten du. Eraginpeko eremuaren sarreran bizi gara gu. Hegazkinak gora eta behera ari direnean, etxe barruan gaudela berbarik ere ezin dugu egin, eta zerbaitetan ari garela, isildu egin behar izaten dugu sarri. 07:00etan hasten da martxan lehenengoa, eta 23:30ean igarotzen da azkena. Egunez eramangarria da, nahiz eta eragozpen handiak sortu, baina goizean goiz zein gauean, gehiago izorratzen du.
06:45ean hasten dira martxan, eta 23:30ean bukatu, eman dituzten datuen arabera.
Bai, 06:55 inguruan sumatzen dugu lehenengoa. Hori izaten da gure iratzargailua. Lo egonez gero esnatzeko moduko zarata egiten dute.
89 urteko amarekin bizi zara. Hura bezalako adineko pertsona batentzat ere ez da batere erosoa izango egoera hori.
Ez du batere ondo entzuten, eta, hegazkinen zaratekin, are txarrago.
Zarata horiek estresik edo antzekorik sortzen dute?
Hegazkinak ez dira igarotzen gure baserriaren gain-gainetik. Gure etxea burualdeko pistaren ondoan dago. Itsasora bidean ateratzen dira hegazkinak normalean. Haizearen kontra atera behar dute, beti. Hego haizea dagoenean, baina, pista hasieran hasten dira motorrak berotzen, eta zarata askoz handiagoa egiten dute. Halakoetan, guk oso gertutik entzuten ditugu.300 edo 400 metrora daude guretik.
Errepide edo trenbide ondoan bizi direnak ohitu egiten dira zaratetara. Zuentzako posible da hegazkinen zaratetara ohitzea?
Ohitu ez. Sarri, etxe barruan zerbaitetan ari zarenean, baliteke ez entzutea. Baina telebista ikusten edo berbetan ari zarenean, zarata handia sumatzen da. Duela bost urte teilatu berria jarri genuen. Isolamendu akustikoa eta termikoa egin behar izan genituen. Derrigorrezkoa zen, ganberan ezinezkoa zen-eta egotea. Zarata itzela zen. Obra egiteko ere gastua bikoitza izan zen.
Intsonorizazio lanak zuek egin zenituzten, zuen kabuz?
Eraginpeko eremuaren ondoan gaude gu. Gurea baino ehun metro aurrerago dagoen baserri bati onartu zieten lanak AENAk egitea. Neurketa batzuen arabera erabakitzen dute zein etxebizitza intsonorizatuko duten. Gurean guk egin behar izan genuen, gure kontu. Laguntzarik ere ez ziguten eman, neurketetatik kanpo geratzen ginenez, ez dugulako horretarako eskubiderik.
Ordutegia luzatu egin gura dute orain. Zer iruditzen zaizue?
Gehienok kontra gaude. Pentsa ezazu 07:00etan iratzarri egiten bagaituzte zaratek, goizago hasten badira, are goizago esnatuko gaituzte. Gure baserria ez dago hegazkinak pasatzen diren eremuaren azpi-azpian, baina inguru horretan bizi direnentzat eragozpena are handiagoa da.
Zer uste duzu erabakiko dutela azkenean?
Erabakia politikoa izango da. Bertako hainbat udal kontra daude, eta adierazpenak onartu dituzte. Madrilen eta EAJren arteko erabakia izango da.
Erabakia baiezkoa izanez gero, zer esan nahiko luke zuentzat?
Guretzat kaltegarria izango litzateke.