Lana egon badagoela baieztatu dute Inamako langileek behin baino gehiagotan, baina ezin dute lanik egin. Ingurumen lizentziarik ez zuelako, Muxikako Udalak lantegiari jarduteko baimena kendu zion 2011ko urtarrilaren 25ean. Ordutik, okerrera egin duen egoera hori iraultzeko borrokan ari dira beharginak.
Enpresak errekurtsoa jarri zuen auzitegia enpresari jarduteko lizentzia kentzeko erabakiaren kontra, eta behin-behinean lanean jarraitzeko baimena eman zion epaileak. Magistratuak ebatzi zuen ingurumen kalteak baino handiagoak izan zitezkeela ekoizpena eteteak ekar zitzakeen kalte ekonomikoak. Horrek, baina, ez du lagundu Inamaren etorkizuna bermatzeko. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren ingurumen baimena behar-beharrezkoa du enpresak ekoizten jarraitu ahal izateko. Horretarako, inbertsio ekonomikoa egin beharko luke Finsa-Inamak. Horren ordez, baina, lantegia ixteko asmoa agertu zieten enpresaburuek langileei iaz.
Hiru milioi euro
Orduz geroztik, batzarrak egin dituzte langile batzordearen ordezkariek eta enpresaren kudeatzaileek. Enpresak kaleratzeak eta kalte-ordainak aurkeztu gura izan dizkietenean, horri buruz ez dutela ezer berba egiteko izan da langileen erantzuna. Haien apustua lanpostuak mantentzearen aldekoa da. Bizkaiko Foru Aldundiagaz batzartu eta ixtea saihestuko luketen irtenbideak bilatzen laguntzeko eskatu zieten langileek aldundiari, eta foru erakundeak arduradun bat izendatu zuen Inamaren kasuari jarraipena egiteko. Gainera, aldundiak esan zuen prest dagoela enpresako beharginak lanean jarraitu ahal izateko diru sail bat gordetzeko, hiru milioi euro inguru.
Opor fiskalengatik enpresaburuek duten zorra dela eta, enpresa bera bahituta dauka aldundiak, “eta enkantean inor enpresa hartzeko prest agertzen ez bada Inamagaz geratzeko asmoa duela esan ziguten aldundiko arduradunek”, langileen ordezkari David Palaciosek esan duenez. Horretarako, baina, konpromisoak eskatu dizkiete Jaurlaritzari eta Muxikako Udalari.
Hainbat aukera aztergai
Orain enpresak izan ditzakeen irtenbideak aztertzen ari dira langileak. “Merkatua aztertu eta irtenbidea izan dezakeen produktua ateratzea litzateke asmoa. Finsarekin ere harremanetan jarriko gara, haiek merkaturatzen dituzten produktuak guk ekoitzi ditzakegulako”. Era berean, enpresa bazkideren bat bilatzen saiatuko dira langileak. “Horren guztiaren arabera erabakiko litzateke enpresak hartuko lukeen izaera juridikoa”.
Muxikako Udala ere prest azaldu da Inamako langileak laguntzeko, eta Aitor Goldaraz alkateak esan du bi aldeak harremanetan direla. Aldundiak eskatzen dizkieten konpromisoak zeintzuk diren, baina, ez du jakin zehazten alkateak. “Guk ez dugu inolako komunikaziorik izan Bizkaiko Foru Aldundiaren partetik”. Hala ere, aldundiak Inamaren kasuari jarraipena egiteko izendatu duen ordezkariagaz batzartu gura du udalak, “prozesua zein puntutan dagoen jakin gura dugu eta”. Hartara, erakunde bakoitzak zelan lagun dezakeen aztertu ahal izango du, Goldarazen iritziz.
Prozesuari jarraipena
Esan bezala, opor fiskalak ez ordaintzeagatik Bizkaiko Foru Aldundiagaz 7,5 milioi euroko zorra dute Inamako arduradunek. Hori dela eta, ondasun higiezinak eta ekonomikoak enbargatu zizkion Ogasun Sailak enpresari. Orduz geroztik, egurraren ekoizpena eten egin du enpresak. Langileek azaldu duten legez, mantenu eta garbiketa lanak baino ez dituzte egiten.
Gaur egun, oraindik ere administratzaile konkurtsalen esku dago Muxikako lantegia. Abenduan izendatu zituen epaitegiak, eta prozesu horrek zein bide hartzen duen ikusi beharko dela esan du Goldarazek. “Ez dakigu zein den enpresaren asmoa, ezta zer aurkeztuko duen”. Ez dakite enpresa ixteko eskatuko duen espedientea aurkeztuko duten Jaurlaritzan; ezta, hala balitz, Jaurlaritzak zein erabaki hartuko lukeen ere eskaera horri erantzuteko.
Bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiak Inamari jarraipena egiteko izendatu duen ordezkariagaz, Eusko Jaurlaritzako arduradunekin eta langileekin harremanak izan gura lituzke Muxikako Udalak, “eta negoziazioek zein bide hartzen duten ikusi”. Epaitegiak Inama kudeatzeko izendatu zituen administratzaile konkurtsalekin ere batzartu gurako luke udalak, “prozesu hori zertan dagoen eta aurrerantzean izan dezakeen bilakaeraren berri izateko”.
Baina, batez ere, Inamaren kasua arlo teknikoan eta juridikoan zelan dagoen jakin gura du Muxikako Udalak. “Izan ere, ardura batzuk badaude, eta, gure ustetan, gauzak ondo zehaztu behar dira”, Muxikako alkate Aitor Goldarazen esanetan.