Bilboko Udalak itsasadarreko kaiak sendotu eta konpontzeko lanak hasi zituen asteartean. Lanok sei hilabete iraungo dute, Ibaizabalek Bizkaiko hiriburuan egiten duen ibilbideko lau gunetan, eta Espainiako Gobernuak emango dituen hamar milioi eurorekin finantzatuko dira.
Espainiako Ingurumen, Nekazaritza eta Elikadura Ministerioak egingo du lanak bideratzeko diru ekarpena. Izan ere, aurrekontua osatzeko akordioa EAJk eta Zapatero buru zuen gobernuak sinatu zuten joan den urtean: Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartzearen truke, Espainiako Gobernuak Bilboko nasak sendotzeko hamar milioi euroko diru saila ematea lortu zuten jeltzaleek, besteak beste.
Lanak lau gunetan gauzatuko dira. Lehenengo eta behin, Urazurrutiako kaia erreformatu eta sendotuko dute, Askatasunaren etorbidetik Zamakola kalera doan tartean. Aurreikuspenen arabera, bi hilabete iraungo lukete lanek, eta ibilgailuen zirkulazioari eta oinezkoei ez litzaieke ibilbiderik aldatuko.
Mesedeetako kaian, Atxurin eta Erribera kalean lan mota desberdinak egingo dira, tarte bakoitzaren beharren araberakoak: gune batzuetan, sedimentuak kenduko dira, garbiketa orokor bat egiteaz gain; besteetan, egitura sendotzeko porlanezko geruzak erantsiko zaizkio kaiari.
Bilboko Udalak jakinarazi duenez, Uribitarteko kaian paseatzen diren oinezkoek jasan beharko dituzte obrek eragindako ondoriorik nabarmenenak. Tarte horretan, lanak bideratzeko beharrezkoa izango dute sei hilabetez itsasadarretik gertuen dagoen kalearen eremua hartzea. Uribitarteko kaiaren egitura guztiz bota eta berreraikiko dute puntu zehatz batzuetan, eta beheko aldeko egitura konponduko dute besteetan.
Horren eraginak Salbeko zubitik udaletxeko zubira doan gunean nabaritu arren, Zubi Zurirako sarbideak bermatuko dituela jakinarazi du Bilboko Udalak. Ibilgailuen eta tranbiaren ibilbideek ez dute aldaketarik jasango, baina Bilboat txalupak ehun metro mugitu beharko du bere ontziratokia. Azkenik, Zorrotzaurre ibarreko gunean kaiaren harresia indartzea da helburua, hiru hilabete inguru iraungo duten obren bitartez.
Premiazko lanak egin
Kaien konponketak aurkezteko agerraldian izan dira Bilboko Udaleko Herri Lanetako zinegotzi Jose Luis Sabas eta Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkari Carlos Urkijo. Sabasek gogorarazi duenez, “azkeneko urteetan Bilboko itsasadarrean kaietako tarte ugaritan harresi zatiak erori dira”.
Hori dela eta, Bilboko Udalak, Ingurumen Ministerioak eta Bilboko Portu Agintaritzak ikerketa komun bat egin zuten, kaien benetako egoera zehaztu eta horiek sendotzeko neurriak proposatzeko. “Beharrezkoenak diren lanak, hau da, lehentasuna dutenak egingo ditugu hurrengo sei hilabeteetan”. Zinegotziak obrak bukatu bitartean “pazientzia” izateko eskatu die bilbotarrei. Urkijorentzat, berriz, estatuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egiten duen lanaren “adibide argia” dira lanak: “Badakit bilbotarrek eskertuko dutela Espainiako Gobernuak egingo duen esfortzua”.