Gaueko guardiako farmazia bi kentzea onartu du Eusko Jaurlaritzak

Arratialdean eta Meatzaldean ez daukate gauetan guardiako farmaziarik zabalik. Bizkaiko Farmazialarien Elkargoak urtarrilera arte zabalik egoten ziren 18 botiketatik zortzi ixteko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari, baina hark eskaera horietako bi baino ez ditu onartu.

Elena Artetxe Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialeko gobernu batzordeko kidearen esanetan, eurek “berrantolaketa bat” planteatu zuten. Urtea hasi zenetik, Arratiako erabiltzaileentzat Basaurin dago botika finkoa —gainera, Zornotzan ere badago gauez guardiako farmazia bat—, eta Meatzaldekoentzat, Sestaon dago gauetan farmazia finkoa.

Gogora ekarri du, gainera, Arratiako bizilagunek anbulatoriora joateko Zornotzara edo Galdakaora joan behar dutela. “Berdin-berdin mugitu behar dute”, esan du. Meatzaldean beste horrenbeste gertatzen dela azaldu du. Hain zuzen, larrialdietako kontsulta bat egiteko Sestaora jo behar dute.

Artetxek iragarri du lanean jarraitzeko asmoa dutela gauetako guardiak egingo dituzten farmaziak hamarrera arte gutxitzeko. Berak botika bat du Markina-Xemeinen. “Hamar botika finko izatea da gure azken helburua”, adierazi du, finkoak izanik, “zerbitzuan hobekuntzak” egiten direlako.

Farmazia finkoen onurak

Sendagaien hornikuntzari dagokionez, adierazi du hobeto antolatzeko aukera ematen duela sistema horrek, farmazia txiki batek zailtasunak izan ditzakeelako. Farmazialarien elkargoaren iritziz, modu bat ere bada erabiltzaileek beti argi izan dezaten guardiako farmazia non dagoen, zalantzarik izan gabe. “Gure azken helburua zerbitzu ona ematea eta denetara iristea da”, esan du Artetxek.

Gainera, azaldu du eguneroko errealitateari erreparatuta egin dutela gauez guardian dagoen botika kopurua murrizteko eskaera. Hain zuzen, Arratialdean, adibidez, “hiru asteko datuak eskuan hartuta, epe horretan guztian 23:00etatik aurrera hiru zerbitzu besterik ez” zuten egin. “Beraz, dauzkagun zerbitzuak errealitateko beharrizanak baino zabalagoak dira sarri”.

Gauez zabalik egongo ziren botiken kopuruak jaisteko asmoaren berri zabaldu zenean, Bizkaiko hainbat herrik protesta egin zuten; tartean ziren Bermeo, Zornotza eta Lekeitio. Izan ere, kontuan izanik larrialdietako zerbitzua 24 orduz dagoela zabalik herriotako anbulatorioetan, ez zitzaien bidezko iruditzen guardiako botikarik ez egotea herrian.

Moldaketak zerbitzuetan

Edozelan ere, Artetxek deritzo informazioa ez zela behar bezala zabaldu. Hain zuzen, jakinarazi du zerbitzuan moldaketa batzuk prestatzekoak zirela murrizketa horiek egiteko. “Errefortzu batzuk jartzen ahaleginduko ginateke. Adibidez, 23:00etara arte egongo lirateke zabalik herri horietako farmaziak”, adierazi du. Izan ere, Bizkaiko Farmazialarien Elkargoak emandako datuen arabera, “denbora tarte horretan joaten da jende gehien farmaziara”.

Bestalde, gogorarazi beharrekoa iruditu zaio zehaztea guardiako farmaziak larrialdietako zerbitzuetarako baino ez direla erabili behar. “Sarri, edozergatik etortzen zaizkigu gauez. Ezin dezakezu 06:00etan txirrina jo belarrietako tapoi batzuk erosteko”, adierazi du. Kexu agertu da: “Ezin dezakegu pentsatu etxe azpian bertan 24 orduz zabalik egongo den botika, harategia edo dena delakoa izango dugunik”.

Urtearen bukaeran, beraz, berriz ere eskaera egingo diote Eusko Jaurlaritzari, botika kopurua murrizteko. Baliteke orain arteko farmazien eremuak berriz aztertzea, besteak beste. Dena den, azaldu du oraingoz ez dutela ezer zehaztu.