Aitziber Laskibar Lizarribar
Duela hamar urte, Barakaldoko Lutxana auzorako “inoizko proiekturik handienetakoa” iragarri zuten, baina bertan behera geratu zen bi urte geroago; orain, martxan jarri dute berriz. Ez duela hamarkada bat proposatu zuten itxurarekin, baina bai oinarri beraren gainean: Sefanitro lantegia zenaren lurretan etxebizitzak eraikitzeko asmoa berpiztu dute. Proiektu berritua erabat zehaztu gabe dagoen arren, 1.300 etxebizitza egiteko asmoa berreskuratu dute. Enpresa sustatzaileak eta Barakaldoko Udala bat etorri dira eraikitze lanen aldeko apustua egitean.
Amaia del Campo Barakaldoko alkateak iragarri du egitasmoa: “Barakaldok berriro abiaraziko du hirirako eta bereziki Lutxana auzorako hirigintza proiektrurik garrantzitsuenetako bat. Sefanitro zegoen eremurako hedatze planak abian jarriko dira, etxebizitza libreak eraikiz”. Orduko proiektuan, besteak beste, honako hauek iragarri zituzten: laku batean amaituko zen ubide artifizial bat, berdeguneak, saltoki handi bat eta kristalezko bi etxe orratz. 1.300 etxebizitza eraikiko zirela zioten egitasmoan, eta beste 700 etxe babestu ere bai. Proiektuaren ikur bihurtu ziren etxe orratz deigarrien irudiek agerian uzten zuten asmo handinahia.
Baina eraikuntza burbuiaren gainbeherarekin batera erori zen Bilborako atea esaten zioten proiektutzarra ere. Egitasmoaren sustatzaile Iurbenor enpresak ordainketak eten zituen 2009an, eta ez atzera ez aurrera geratu ziren eraikuntza lanak. Etxebizitza babestu batzuk egin egin ziren, arazo eta atzerapen handiekin, baina salmenta libreko 1.300 etxebizitzen berririk ez zen gehiago izan.
“Gobernu taldeak hilabeteak daramatza proiektua berreskuratzen, Lutxanak proiektatutako hirigintza hedapena izan dezan”, jakinarazi du Del Campo alkate jeltzaleak. Hirigintza enpresa sustatzaileek ere lursailak urbanizatzeko interesa adierazi dute. Beraz, martxan da plana.
Kristalezko etxe orratzik ez
Hori bai, orduko proiektu hartatik ez du dena gustuko egungo alkateak, eta, beraz, egitasmoa moldatu egingo dela aurreikusten du. “Beti esan dut ez dudala kristalezko dorre handiko proiektuetan sinisten”, zehaztu du alkateak; “beti pentsatu dut Lutxanak gizarte zentro bat behar duela, igerileku eta futbol zelai eta guzti”.
Edonola ere, zer nahi duten auzokideek erabaki behar dutela adierazi du Del Campok, eta enpresa sustatzaileei horixe jarri diela proiektuari baiezkoa emateko baldintzatzat: parte hartze prozesu bat abiaraz dadila.
Beste baldintza bat ere jarri die: Sefanitroko kargalekua zena manten dadila. Eusko Jaurlaritzak monumentuen multzo gisa babesteko prozedura abiatu zuen iaz, eta Barakaldoko alkateak egitura historikoa mantenduta hirigintza proiektua gauzatzea proposatu du. Horretarako, trenbidearen zati bat estaltzeko aukera aurkeztu dio Jaurlaritzari. Sustatzaileek begi onez ikusi dituzte udalaren proposamenak.