Natalia Salazar Orbe
Irudiak, soinuak, musikak… Estimulazio bide agortezina ekarri dute teknologia berriek. Ikus-entzunezkoen inbasioa etxe guztietara iritsi da. Helduen teknologia goseak kutsatu ditu, gainera, sarri askotan, etxeko txikienak ere. Eta galdua da, askorentzat, munduak eskaintzen dituen beste estimuluen xarma. Dena ez da beltza edo zuria, ordea; ona ala txarra. Hala ere, nahi den unean dena eskura izate horrek zine saioei lehenago sor zezaketen zirrara kendu diotela uste duenik bada. Kutxa beltz handiaren xarmari erakargarritasuna itzultzeko saiakera eta belaunaldi gazteak hara hurbiltzeko ahalegina egingo du Zinetxiki zinemaldiak datozen egunetan.
“Zinearen espazioak emozioak eta sentipenak partekatzera gonbidatzen gaitu. Era horretako esperientziak bakarrak dira, eta oso zaila da bestelako testuingurutan gauzatzea”. Felix Losadaren hitzak dira. Jaialdia antolatzen duen Begira elkarteko presidentea da. Bihar hasi eta azaroaren 12ra bitartean Haur eta Gazteentzako Nazioarteko Zine Jaialdian egongo diren lanak aletu ditu. Eskaintza zabala eta askotarikoa iragarri du: estreinaldiak, animaziozko film laburrak, fikzioa, mundu osoko zine-eskoletako ikasleen lanak zein telebistako film eta telesailak. Bi astez, sormenez betetako askotariko film harrigarrien magiaz gozatzeko aukera eskainiko dute.
Nazioarteko lehiaketaren sail ofizialean aritzeko 59 herrialdetako 1.600 pelikula baino gehiago jaso dituzte. Horietatik, 150 aukeratu dituzte. Eta, bi urteko umeetatik hasi eta ikus-entzule nerabeengana iristeko lanak sailkatu dituzte. Garrantzitsu deritzo Losadak belaunaldi berriak gazte gaztetatik zinera hurbiltzeari. “Gaur egun zinea ikusten jarraitzen dugu oraindik, baina dagoeneko ez dugu egiten horrenbeste zine aretoetan. Orain, ohikoena da norberak bakarrik ikustea sakelakoaren pantailan edo ordenagailuan”. Hala, helburu nagusienetakoa zein duten argitu du: “Kontsumo masiboko teknologien erabileragatik gure ustez zineari ken ezin dakiokeen magia berreskuratzea”. Eta horretarako, txiki-txikienengandik hastea erabaki dute.
Arrain batek biziraun dezan ume batek duen kezka eta herri baten ur beharra ditu ardatz, esaterako, Camino de agua para un pez animaziozko film laburrak. Klima ekuatorialak inguratuta, bi istorio uztartuko ditu, esna-aldiak, ametsak eta magia tartekatuta. Edo Uka-k, munduari buruzko bere ikuspegia aldatzeko modua aurkituko du margolanen bidez. Bi urtetik gorako umeei zuzendutako lanetako bi besterik ez dira horiek.
Bost urtetik gorakoen saila da hurrengoa. Neskatxa batek eta dragoi batek elkar ezagutuko dute basoan. Musika jotzen hasiko dira elkarrekin, baina oso arriskutsua da, erregeak martxa militarrak soilik onartzen baititu. Zazpi urtetik aurrerakoentzat Elefante ikusezina plazaratuko dute beste hainbat lanen artean. Haurtzaroko mundu miresgarriaren metafora taularatuko du. Nerabeen atalak 25 proposamen eskainiko ditu. Lehiaketan beste sail batzuk ere bereizi dituzte: zine eskoletako lanak, errealizadore berrienak zein telebistarako edukienak. Azken hori lehenengoz jaso dute.
Telebistarako edukien saila oso zabala dela azaldu du Losadak. Telesailak, dokumentalak eta zenbait film luze jaso dituzte sail horretarako. Europa ekialdeko herrialdeek telebistan emateko animaziozko lanei dagokienez duten kalitate teknikoa azpimarratu du. Sailerako egin duten aukeraketatik nabarmenenak zeintzuk diren ekarri du gogora: “2016an egindako The Movie film luzea aukeratu dugu. Kanadako Odd Squad telesailean oinarrituta dago. Helduen mundu absurdoaren kontra borrokatzen diren ume batzuk ditu protagonista. Kataluniatik Jarabe contra el cancer iritsi zaie. Pau Dones Jarabe de Palo taldeko abeslaria du protagonista minbiziaren kontrako dokumental autobiografiko horrek.
Jaialdiari hasiera emateko ekitaldi berezia prestatu dute. Animaziozko bost fabula zuzeneko kontzertu batekin uztartuko dituzte. Familientzako pentsatutako saioa da. Bi urtetik gorako umeentzako gomendatuta dago. Izan ere, musikak, zineak eta literaturak lotura estua dute. Zinean ikusten ditugun istorioak idatzi egiten dituzte irudi bilakatu baino lehen. Musika baliatuta sentimenduen adierazpena gehitzen zaie film bakoitzeko irudiei. Samurtasunez betetako bizitzako zenbait egoera esperimentatuko dituzte ikus-entzuleek. 18:00etan hasiko da saioa, bihar, Bilboko Arte Ederren Museoan.
Sei agertoki
Hainbat egoitza izango ditu jaialdiak. Denak ala denak, Bilbon: Arte Ederren Museoa, Multicines, Fnac, EiTBren Multibox aretoa, Dock kultur espazioa eta Institutu Frantsesa.
Hautatu dituzten filmek badituzte zenbait antzekotasun orokor. “Besteak beste, irudimena eta sormena estimulatzeko ahalmena, grina kritikoa pizteko gaitasuna edota mezu didaktikoak era entretenigarrian bidaltzeko ahalmena”.
Jorratzen dituzten gaiei dagokienez, anitzak dira: adiskidetasuna, natura, emozioak, elkartasuna, hobetzeko gaitasuna, talde-lana, umorea edota ume eta gazteen egunerokoan eragina izan dezakeen beste edozein aspektu.
Antolatzaileak harrituta geratu dira, batetik, jaso duten lan kopuru handia ikusita. Baina, are gehiago, horietako askoren kalitate mailari erreparatu diotenean. Zerbaitek eman die arreta, gainera: “Lanak oso kultura desberdinetatik iritsi zaizkigun arren, lantzen dituzten gaiak oso hurbilekoak dira”.
Euskal sortzaileei omen
Euskal Herriko animaziozko zine sortzaileentzako oroitzapen berezia izango du jaialdiak. Juanba Berasategi zena eta Maite Ruiz de Austri omenduko dituzte. Ruiz de Austri zuzendaria “aitzindaria da animaziozko film luzeen munduan. Hainbat sari jaso ditu nazioartean. 2008. urtean egin zuen Animal Channel marrazki bizidunen film luzearekin, filmik onenaren Urrezko Domina eskuratu zuen Houstoneko Zine Independentearen 42. jaialdian. Bi Goya sari ere irabazi ditu.
Juanba Berastegiri dagokionez, “erreferente bat izan da, eta euskarazko animazioaren lehen sortzaileetakoa”. Kalabaza tripontzia izan zen bere lehen film luzea. Lehenago animaziozko film laburrak egin zituen, besteak beste, Ekialdeko izarra, Fernando amezketarra eta Kukubiltxo. Film luze gehiago ere egin zituen Kalabaza tripontzia-ren ostean. “Horiek ere erreferente izaten jarraitzen dute euskarazko animazioaren historian: Balearenak, Ahmed, Alhambrako printzea edota Nur eta herensugearen tenplua“.
Erreferente eta sortzaile horien uztak ortzadar oparo bat lortzerik badela erakutsi die Euskal Herriko sortzaileei. Losadarentzat “bistakoa da ikus-entzuleen euskal sektoreak baduela nazioartearen aitortza duten proiektuen garapena ahalbidetzen duen bultzada indartsua. Zinean Amama edo Loreak ditugu. Biak euskaraz filmatutakoak. Eta adibide bi besterik ez dira”. Animaziozko zineari dagokionez ere sormen jarduera hazten ari dela uste du. Baita zenbait adibide eman ere. Hala ere, Zinetxiki zinemaldiko lehiaketan ez da bat bera ere lehiatuko. Losadak azaldu du Euskal Herritik hogei aurkeztu zituztela. Bat bera ere ez dute hautatu, nahikoa kalitaterik ez zutelako. Hala ere, izango da euskal zuzendariek Euskal Herritik kanpo ekoitzitako filmik ikusteko aukera. Animazioak etorkizuna duen seinale.